GASTRONOMIA

Hirugarren urtez jarraian Donostian banatuko ditu eguzkiak Repsol gidak

Apirilaren 12an egingo da ekitaldia, eta Eneko Atxak jaso du Repsol Gidaren Eguzki jasangarria sari berria. Pandemiaren ondorioz ostalaritzak bizi duen egoera dela eta, sektoreko langileek egin duten ahalegina ere aitortu nahi izan dute aurkezpenean.

Maria Ritter Repsol Gidaren zuzendaria eta Javier Hurtado Turismo kontseilaria gaur goizean, Donostian eman duten pentsaurrekoan. MAIALEN ANDRES/FOKU
jone arruabarrena
2021eko martxoaren 31
13:33
Entzun

Aurten ere Repsol Gida sariak Donostian izango dira, hirugarren urtez jarraian, Maria Ritter Repsol Gidako zuzendariak adierazi duenez. Apirilaren 12an izango da ekitaldia, eta bertan banatuko dituzte sariak. Aurtengo berrikuntza nagusia Jasangarritasunaren eguzkia sari berezia da, eta Ritterrek aurreratu duenez, Eneko Atxa sukaldariari emango diote, Azurmendi jatetxean egindako lanagatik. Bereizgarri horrekin saritu nahi dituzte ingurumenaren gaineko eragina murrizten laguntzen duten proiektu gastronomikoak, eta baita gertuko ekoizleekin lana sustatu eta euren negozioaren planteamenduan jasangarritasunaren aldeko apustua egin dutenak ere. Gaur azpimarratu dute Atxak naturarekin bizitzen jakin duela, gertuko baliabideak «aprobetxatuz» eta «ekoizle artisauekin» lan eginez. Hurrengo urteetan ere banatuko da sari berezi hori, Alimentos de España egitasmoarekin batera.

Sarituak aukeratzeko 50 ikuskari baino gehiagok urte osoan zehar egin duten lana ere azpimarratu du Ritterrek, eta azaldu du target guztientzako aukerak ematea oso garrantzitsua dela sarituak aukeratzerako orduan: «Okasio bakoitzerako aukera egoki bat egon dadin nahi dugu: egunerokoan bazkaltzeko agian eguzki bat daukan jatetxe bat aukeratu ahal izango du erabiltzaileak, edo egun berezi baterako bi edo hiru eguzki dituen bat». Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orain arte 87 eguzki banatu dituzte 55 jatetxeetan, eta zuzendariak aurreratu duenez, aurten ere emaitza «onak» izango omen dira hiru lurraldeetan.

Gastronomiaren garrantzia ere nabarmendu dute ekitaldian, eta aurtengo egoerak gizartea jatetxeen garrantziaz ohartarazi duela azpimarratu du Ritterrek: «Guztiok konturatu gara ze garrantzi daukan gastronomiak. Jateaz gain, bizitzeko eta harremantzeko modu bat da». COVID-19ak ostalaritzan izan duen eragina ere aipatu du, eta baita ostalaritzako langileen «ausardia» goraipatu ere. Gure sukaldeak ez dira itzaltzen lemapean, ostalaritzak egindako lana aitortu nahi izan du: «Zailtasunak zailtasun, sukaldeak piztuta egon dira oso luze egin zaigun urte honetan».

Apirilaren 12an egingo den ekitaldian ere, segurtasun neurriak zorrotz beteko direla azaldu du Repsol Gidaren zuzendariak. Horretarako, Eusko Jaurlaritzaren Turismo Sailak eta Repsol Gidak Jarraipen eta Ebaluazio Batzorde bat sortu dute. 120 txef inguru gonbidatu dituzte, baina guztiek PCR zein antigeno probak egin beharko dituzte ekitaldira sartu aurretik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.