Itzuliko hemeroteka. Duela 17 urte

Valverde gaztearen garaipena

Itzuliko bezperako etapa, BERRIAren 2004ko apirilaren 6ko alean. BERRIA
mikel rodriguez
2021eko apirilaren 2a
20:55
Entzun

Hamazazpi urte beteko dira gaur Euskal Herriko 44. Itzulia hasi zenetik. Bergaran (Gipuzkoa) hasi eta bukatu zen lehenbiziko etapa, eta BERRIA egunkaria lehenbiziko aldiz agertu zen Itzuliko irteerara. Euskaldunon Egunkaria-k ezin izan zuen aitzineko urtekoa kontatu, 2003ko aldia, Espainiako Guardia Zibilak otsailean itxi baitzuen, lasterketa hasi baino hilabete eta erdi eskas lehenago. Hala ere, Egunkaria-ko langileek larrialdi egoeran sortu zuten Egunero-k bermatu zuen urte hartan euskarazko berripaper batek aldi hura ere kontatu ahal izatea.

2004koan, berriz, 24 urte betetzear zen txirrindulari gazte batek irabazi zuen hasierako etapa, 21 ziklistak osatutako talde baten esprintean. Hirugarren urtea zuen profesionaletan, eta ezaguna zen jada: Alejandro Valverde. Espainiarra Kelme taldean zegoen orduan, eta bigarren urtez jarraian lortu zuen Itzulian etapa bat irabaztea. Bergarakoarekin, jada hemeretzi garaipen zituen pilatuak ibilbide profesionalean. «Orain non dagoen badakigu, baina etorkizunean noraino hel daitekeen jakitea zaila da. Auskalo!», idatzi zuen Xabier Usabiagak BERRIAko biharamuneko Ziztu bizian zutabean. Hamazazpi urte geroago jakin dena da mota guztietako dozenaka eta dozenaka lasterketa handi irabazi dituela, eta, 41 urte betetzear dela, punta-puntan jarraitzen duela.

Txirrindularitzako giroa itsustu xamar zegoela hasi zen 2004ko Itzulia, egun batzuk lehenago Jesus Manzano Kelmeko txirrindulari ohia elkarrizketa batean dopin praktiken inguruan mintzatu baitzen, eta ondoren luzea utzi zuen horrek. Helmugan, horri buruz galdetu zioten Valverderi:  «Adierazpenek ustekabean harrapatu gaituzte, baina denok dakigu adierazpen horiek ez direla egia, eta lehenbailehen dena konponduko da». Ondorengo urteetan lehertuko zen erauntsi baten hasiera baino ez zen.  

Mentxov, azken garailea

Valverde horiz jantzi zen lehenbiziko etapan, eta saiatu zen Itzulian lehiatzen, baina aurkari gogorregia atera zitzaion: Denis Mentxov errusiarra. Laugarren egunean, Gasteiz eta Lekunberri (Nafarroa) artekoan, Mentxovek etapa irabazi eta sailkapen nagusiko lehenbiziko tokia kendu zion Valverderi. Azken eguneko bi sektoreetan, espainiarra seigarren lekuraino gibelatu zen.

Mentxovek bi kontrario nagusi izan zituen azken egunean, euskal herritarrak biak, eta Euskaltel-Euskadiko taldekideak: Iban Mayo, 2003ko Itzuliko irabazlea, eta David Etxebarria, 2002ko bigarrena. 2004koan, postu bat gibelera egin zuten podiumean: igorreztarra bigarren, eta abadiñoarra hirugarren.

Bi euskal herritar podiumean zirela bukatu zen BERRIAk kontatu zuen lehenbiziko Itzulia, baina azken egun hori ez dago hemerotekan, Ostiral Santuarekin bukatu baitzen lasterketa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.