Europako funtsak

Nafarroak EBren funtsetik 54 miioi euro eskatu ditu eskolak eta osasun etxeak egiteko

React-EU funtsetik148 milioi euro dagozkio, eta gobernuak proposatu du 54,4 milioi euro erabiltzea zerbitzu publikoen azpiegiturak hobetzeko, beste 36,6 milioi jartzea enplegu laguntzetarako, eta 47,6 milioi, berriz, trantsizio digitalean zein ekologikoan laguntzeko proiektuetarako.

MariaTxibite, Nafarroako Gobernuko lehendakaria. IñAKI PORTO / EFE
joxerra senar
2021eko apirilaren 7a
12:43
Entzun

Next Generation funts handiari loturik, Europako Batasunak pandemiaren ondorioei aurre egiteko React-EU funtsa egituratu zuen iaz. Orotara, 47.500 milioi euro dira, eta abenduaren 23an onartutako araudian zehaztu ziren besteak beste diru hori banatzeko irizpideak. Nafarroari 148 milioi euro egokitu zaizkio, eta, 2023rako inbertsio horiek gauzatuta egon behar direnez, Elma Saiz Ekonomia eta Ogasun kontseilariak «garrantzitsutzat» jo du aurreratuta dauden proiektuetarako eskatzea diru hori.  

Hain zuzen ere, planaren edukia aurkeztu du Maria Txibite Gobernuko lehendakariak, eta alboan izan ditu Elma Saiz bera eta Mikel Irujo Garapeko Ekonomikoko kontseilaria. Aurretik, Nafarroako Parlamentuko taldeei helarazi die proposamenaren edukia. Txibiteren asmoa da datozen egunetan agerraldi bat egitea parlamentuan, proposamenaren nondik norakoak aletzeko asmoz. Nafarroako Gobernuak 54,4 milioi euro eskatu ditu zerbitzu publikoak indartzeko; 36,6 milioi, berriz, enpleguarekin erlazionatutako laguntzetan eta programetan; 15,4 milioi euro, enpresei eta erakundeei trantsizio digitalean laguntzeko, eta, 32,2 milioi euro, ekonomia berde bateranzko trantsizioko egitasmoetarako.

Zehaztu dutenez, React-EU funtsa Europako Batasuneko Eskualdeen Garapenerako Feder laguntzen bidez banatuko da. EB-k laguntzen %100 finantzatzen du, eta eskualdeak ez du zertan finantzaketa partekaturik egin behar, bestelako laguntza batzuetan gertatzen denaz bestela. Irujok zehazten duenez, diru hori Nafarroako aurrekontuetan sartuko da. Saizek gaineratu du legedi aldaketak egin nahi dituztela tramitazioa errazteko eta dirua banatzean administrazio arloko eragozpenak sor ez daitezen. Dena den, gaineratu du kontrola zorrotza izango dela. 

Proposamenaren edukia

Atal nagusietako bat izango da zerbitzu publikoak sendotzea, batik bat osasun eta hezkuntza arlokoak. Maria Txibite Nafarroako Gobernuko lehendakariak azaldu duenez, 54,4 milioi euro baliatu nahi dituzte horretan. Hezkuntzan, zehazki, Iruñeko Lezkairu auzo berrian eta Erriberako Sesma herrian bi eskola eraikitzeko 8,7 milioi eta 3,6 milioi jasotzea proposatu dute. Horrez gainera, Agoizko ikastetxea, Ameskoa ibarrean Zudairekoa eta Iruñeko hezkuntza bereziko Andres Muñoz Garde ikastetxe publikoa zabaltzeko eta zaharberritzeko beste 10,5 milioi euro eskatuko dituzte guztira. Halaber, proposamenak 5 milioi euro jaso ditu, COVID-19ari aurre egiteko ikastetxeek hartu behar izan dituzten neurrietara egokitzeko eta oro har. legeak aginduta, ezgaitasuna duten pertsonentzako irisgarritasun neurriak jartzeko.

Osasun arloan, berriz, pandemiak eskatu dituen beharretarako 3 milioi euro proposatu dira. Halaber, sei osasun etxe berritu edo eraikiko dituzte. Zehazki, Zarrakaztelun, Cascanten, Garesen, Atarrabian eta Zizur Nagusian, Ardoin, osasun etxeak eraikiko dituzte, eta, horretarako, 18 milioi euro eskatuko dituzte. Bestalde, Berriozarko osasun etxea zabaldu egingo da, eta 1,2 milioi eskatuko ditu. Eta, proposamenak jasotzen duenez, radioterapia eta onkologia zerbitzuak berritzeko, 7 milioi euro inbertitu nahi dituzte.

Funtsaren beste helburuetako bat da gizarte talde eta sektore ekonomiko kaltetuetan enplegua sustatzea. Laguntza programa horretan, 36,6 milioi inbertitzea aurreikusten du gobernuak. Tartean daude langabeentzako laguntzak (9 milioi), kolektibo ahulak lan munduratzeko pizgarriak (4,5 milioi), sektore kaltetuetako langileei lana topatzeko programak (1,2 milioi), enpresen ekintzailetza eta berrikuntza dinamizatzeko laguntzak (4,5 milioi euro), formakuntza programak (5,5 milioi), gazte migranteen arretarako zentrorako laguntza (1,4 milioi) edo zerbitzu sozialen indartzea (5 milioi euro).

Nahiz eta Next Generation funts handiak digitalizazioan eta trantsizio ekologikoan azpimarra berezia jarri, React-EU funts horretan ere helburu horiekin bat egiten dute egitasmoak sartu ditu Nafarroak: orotara, 47,6 milioi euro. Hala, besteak beste, bioerregaien laborategirako 7,6 milioi eskatu ditu, ibilgailu elektriko eta autonomoen proiektuak bultzatu nahi dituen Naveac egitasmorako 4,4 milioi euro, ikerketa eta garapenerako proiektuetarako 2,8 milioi euro edo enpresa txiki eta ertainen nazioarteratzea bultzatzeko programarako 1,4 milioi euro.

Horrekin guztiarekin, Txibitek nabarmendu du gobernuak apustu irmoa egiten duela zerbitzu sozialak hobetzeko, enplegua indartzeko, digitalizazioa eta iraunkortasuna sustatzeko eta egoera zailean diren pertsonarik ahulenei laguntzeko, Txibiteren arabera, aurrera jo behar da «baliabideekin, eta ez murrizketekin». «Ez dugu utziko beste krisi bat sortzen». Oraindik ere hilabete zailak datozela ohartarazi du, baina inbertsio horiek guztiek ere ongizatean ekarpena egingo duelakoan dago. Haren ustez, susperraldirako itxaropenik handiena txertaketa da, eta, horregatik, pozik azaldu da 80 urtetik gorakoen %92ri gutxienez txertoen lehen dosi bat jarri zaielako. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.