Reala 1-1 Athletic

Azken unean suspertu dira

Realak eta Athleticek partida astuna jokatuko dute, Kopako finalak baldintzatuta. Villalibrek buruz eta Roberto Lopezek egin dituzte golak azken bost minutuetan. Lopezena, Unai Simonen akats larri baten ostean izan da.

Jon Ander De la Hoz.
2021eko apirilaren 7a
23:17
Entzun

Laurogeita bost minutuan egin gabekoa bostean egin dute Realak eta Athleticek. Kopako finalak erabat markatutako neurketa batean astun ibili ziren bi taldeak, harik eta 84. minutuan Asier Villalibrek zuri-gorriak aurreratu dituen arte. Bost minutu geroago banakoa egin du Roberto Lopezek, eta hala amaitu zen partida. Horren aurretik, distira gutxi.
Bi entrenatzaileek partidaren bezperan aipatu zuten joan zen larunbateko finalaz gaindiko neurketa izango zela Anoetakoa, baina, egiari zor, Sevillakoak baldintzatu du ligako norgehiagoka. Ordukoa une oro giroan egon da, partidaren ataritik hasita: Athleticekoek bi lerrotan kokatuta jaso dituzte Realekoak, garaikurra lortu izanaren omen gisa.
Realaren hamaikakoan izan du eraginik handiena. Zenbait jokalari  deialditik kanpo geratu dira, min hartuta. David Silvaren eta Mikel Merinoren kasua izan da. Gainera, Imanol Alguacil teknikariak bost aldaketa egin ditu, eta erabat itxuraldatuta agertu dira  txuri-urdinak.

Athleticen, berriz, minari zukua atera nahi izan dio Marcelino Garcia Toralek. Finaleko hamaikako berbera zelairatu du entrenatzaileak, eta porrotak utzitako gosea agerian utzi dute zuri-gorriek. Erasokor hasi dute neurketa, eta lotu egin dute Reala. Hori bai, Alex Remiroren atean arrisku gehiegirik sortu gabe. Bien bitartean, partidari tamaina hartzen saiatu da Reala. Aldaketek eraginda, joko sistema ere egokitu egin du Imanolek: 4-4-2 itxurako marrazkia prestatu du, erasoko erreferentzian bi lagun kokatuta: Alexander Isak, eta Carlos Fernandez. Aldiz, Martin Zubimendik atzeko lerroari arnas pixka bat emateko lan egin du, baloi irteeran erdiko atzelariei lagunduta.

Athletic nagusi izan da hasieran, baina ez zituen etxekoak gehiegi estutu. Larritasun gehiago izan dute Yerai Alvarezek eta Aihen Muñozek; lehen ordu erdia betetzerako min hartu dute bi-biek, eta Unai Nuñezek eta Nacho Monrealek ordeztu dituzte.Lehen minutuetako oldarraldia kareletik bota du Marcelinoren taldeak, eta itzaltzera egin du pixkanaka. Realak, berriz, aurrerako urrats bat egin du. Txuri-urdinak soilik izan dira gai atera jaurtitzeko, baina alferrik: hutsean amaitu da lehen zatia.

Bigarren zatia ere makal hasi da. Bi taldeek zirrikiturik aurkitu ezinean segi dute lehendabiziko minutuetan, eta, beste behin, lesioek hartu dute protagonismoa. Yuri Bertxitxek min hartu du, eta Mikel Balentziagak hartu zuen haren lekua. Bigarren zatia hasi eta gutxira, Athleticeko lau atzelarietatik hiruk aldageletarako bidea hartu dute. Bizigarri gutxiko partida jokatu dute bi taldeek. Astuna. Halako batean, ordea, suspertzeko itxura egin du partidak. Alex Berengerrek 0-1ekoa egiteko aukera izan du 55. minutuan. Baloia ondo egokitu eta gero, Robin Le Normandek saihestu du bisitarien gola.

Bi teknikariek taktikoki irabazi nahi izan dute. Imanolek, esaterako, aldaketak baliatu ditu eskema aldatzeko: 4-2-3-1 amaitu du, Cristian Portu aurrelari bakar zela. Erasora egin dute txuri-urdinek eta aurretik jartzeko aukera gehien izan dute azken minutuetan. Athletic aurreratu da, ordea, Villalibrek buruz sartutako golari esker. Bost minutu iraun die pozak bilbotarrei: 84.ean aurreratu, eta 89.ean berdindu zuen Realak, Unai Simonen akats larri baten ostean. Legezko emaitza izan da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.