Greba sektore publikoan

22an, grebara, «sektore publikoko lanpostuak egonkortzeko»

EAEko sektore publikoko langileen %40k behin-behineko balditzetan dihardutela salatu nahi dute sindikatuek protestaldiarekin. Egoera horren atzean zerbitzuak pribatizatzeko asmoak ikusten dituzte.

Greba deialdia egin duten sindikatuetako ordezkariak Jaurlaritzako Bilboko Kale Nagusian duen bulegoaren aurrean. IMANOL MAGRO EIZMENDI
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko apirilaren 8a
13:43
Entzun

Ofiziala da: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako langile publiko guztiak grebara deituak daude hilaren 22rako. Sindikatuek martxoaren 1ean eman zuten asmo horren berri, eta, behin-behinean dauden langile publikoen egoerari buruz hitz egiteko deirik jaso ez dutenez, ELA, LAB, CCOO, SATSE, Steilas eta ESK sindikatuek greba deialdi ofiziala erregistratu dute. Behin-behinekotasun tasa %40tik gorakoa dela diote, guztira 60.000 langile ingururi eragiten diela, eta sektore publikoko arlo eta maila guztietan gertatzen dela hori: udaletan, aldundietan, Osakidetzan, hezkuntzan... Greba 22an izango da, baina aldez aurretik, hilaren 15ean, elkarretaratzeak egingo dituzte.

Igor Izagirre ELA sindikatuaren sektore publikoko arduradunak egoeraren argazkia eman du eskaera erregistratu aurretik. «Behin-behinekotasuna sistematikoa da: ez da %40tik jaisten», nabarmendu du. Haren datuen arabera, Osakidetzan behin-behineko 15.000 langile daude; hezkuntzako arlo batzuetan %70etik gorakoa da; administrazio orokorrean, %45ekoa, eta udal batzuetan langileen hiru laurdenak aldi baterako kontratuarekin daude. Horren atzean, Izagirreren arabera, estrategia bat dago: «Zerbitzuak pribatizatzearen aldeko apustu bat dago, eta hori lortzeko lehen pausoa lanpostuak ez egonkortzea da».

Lanpostuak egonkortzea da eskaera nagusia, eta zerbitzu publikoetan dagoen «merkantilizazioa» gelditzea. Hala adierazi du Gorka Berasategi LAB sindikatuko sektore publikoko arduradunak: «Pandemia honetan ikusi da zerbitzu publiko gero eta ahulagoak ditugula. Enplegu publikoa egoera larrian dago, eta, gainera, lanpostu asko ez dira existitzen. Langileek betetzen dituzten hainbat funtzio ez dira existitzen». Berasategik «negoziazio kolektiboa» aktibatzeko eskatu die erakundeei, «aldebakartasuna» uzteko, eta aitzakiarik ez jartzeko: «Jaurlaritza mugitu egin behar da hau konpontzeko. Bukatu da Madrilera begira egotea. Bukatu da epaitegien zain egotea. Arazoa hemen dugu, eta hemen konpondu behar dugu. Garbi dugu lege propioak behar ditugula».

Pablo Garcia de Vicuña CCOOko arduradunak ere grebaren arrazoiak aletu ditu, eta langileez harago jo du: «Behin-behinekotasun tasa handiek segurtasunik eza sortzen dute, eta horrek berarekin dakar hiritarrentzako zerbitzu okerragoa». Deialdiak izan duen harrera zabala nabarmendu du: «Ia sindikatu guztiak gaude; bakarra falta da. Zerbitzu publiko duina izateko, lanpostuak egonkortu behar dira, eta orain arteko estrategia ez da zuzena».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.