Itzuliko hemeroteka. Duela 22 urte

Kolore bakarreko Itzulia

Itzuliko azken podiuma, 'Euskaldunon Egunkaria'-n (1999-IV-9). BERRIA
mikel rodriguez
2021eko apirilaren 8a
23:24
Entzun

Oriotik Aiarako kronoigoerarekin bukatu zen Euskal Herriko Itzuliko 39. ekitaldia, 1999ko apirilaren 9an, ortziralarekin. Kolore bakarra izan zuen Itzuli hark, Espainiako ONCE taldearen hori kolorea. Laurent Jalabertek lehenbiziko etapatik azkeneraino eraman zuen liderraren maillota, eta haren taldekideek goititik beheiti kontrolatu zituzten egun guztiak. Hala ere, frantziarra umil mintzatu zen garaipenaren ondotik Euskaldunon Egunkaria-ri emandako elkarrizketan  «ONCErentzat oso Itzuli gogorra izan da, eta lan handia egin dugu azkenean irabazteko. Agian kanpotik itxura hori eman dugu [erraz irabazi izanarena], baina itxura besterik ez da».

2005era arte Itzuliko azken etapa bi sektoretan banatu zen. 1999koan, goizeko zatia Lekunberritik (Nafarroa) Orioraino (Gipuzkoa) korritu zuten, 118 kilometrotan. Michael Boogerd herbehereetarrak irabazi zuen. Bingen Fernandez Euskaltel-Euskadiko txirrindulariak matxura bat izan zuen San Martin mendatean, eta sailkapen nagusiko hirugarren postua galdu zuen.

Arratsaldean, berriz, lasterketako liderra izan zen bizkorrena bakarkako saioan. Sailkapen nagusian zuen arerio bakarrari, Davide Rebellin italiarrari, minutu bateko aldea atera zion. Halaxe, hasi eta buka, 1999ko Itzuliak nagusi bakarra izan zuen. Aitzineko urteetan hiru bider bigarren egin ondoren, Jalabertek Euskal Herriko lasterketa nagusia irabaztea lortu zuen azkenean. Esker hitzak izan zituen euskal zaleentzat: «Hemengo jarraitzaileek lehen egunetik asko animatu naute, nire alde izan dira, eta hori eskertzekoa da. Konturatu naiz nik irabaztea nahi zutela eta hori ez dut inoiz ahaztuko».

Fernandezen podiumerako aukera zapuztuta, David Etxebarria izan zen euskal ziklistarik onena sailkapen nagusian. Kronoigoeran hirugarren egin zuen, eta Itzulia seigarren postuan bukatu zuen, Jalabert taldekidearengandik minutu eta hemezortzi segundora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.