'Sisiforen paperak'

Kontatzearen ausardia

Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran oinarritutako Sisiforen Paperak antzezlana estreinatu dute Madrilen. Bertan izan dira Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria eta BERRIAko zuzendaria, Jose Ricardo de Prada eta Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko magistratuak edota Egunkaria auzia landu zuten zenbait kazetari, besteak beste.

Ikusleak Maria Guerrero antzokia sartzen. J. DANAE
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko apirilaren 9a
20:56
Entzun

«Ziur nago erantzun ezin hobea izango duela», Pedro Casasen hitzak dira Euskaldunon Egunkaria-ren itxieran oinarritutako Sisiforen Paperak antzezlana Madrilen estreinatu aurreko orduetan. Hain zuzen, ostiral arratsaldean estreinatu dute Espainiako hiriburuko Maria Guerrero antzokian. Eta ez du hutsik egin: antzezlana amaitzean txalo zaparrada entzun da antzokian, eta aktoreek lau aldiz atera behar izan dute oholtzara txaloak jasotzera. Hiru astez, maiatzaren 2ra arte, taularatuko dute han obra. Apirilaren 29an eta 30ean, halaber, euskaraz ere emango dute, gaztelaniazko azpidatziekin.

Casas, Egunkaria itxi zutenean, Madrilen kazetaren alde sorturiko taldean aritu zen. «Gure helburua, kasua zabaltzea, ezagutaraztea zen». Horretarako hainbat ekitaldi edota hitzaldi antolatu zituzten. «Egun osoko jardunaldiak ere antolatu genituen institutu batean, jende asko gerturatu zen». Ia bi hamarkada geroago, auzi hura oholtzan ikusteak harridura, baina batik bat poz ikaragarria sorrarazten dizkiola aitortu du.


Martxelo Otamendi 'Egunkaria'-ko zuzendari ohia eta BERRIAko zuzendaria eta Santiago Pedraz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epailea. / J. Danae, Foku

Bilboko Arriaga antzokiak, Donostiako Viktoria Eugeniak, Gasteizko Principalek eta Espainiako Centro de Arte Dramatico Nacionalek elkarlanean ekoitzitako lana da Sisiforen Paperak. Hain zuzen, azken horrek antzerkia sustatzeko duen antzokia da Maria Guerrero. Erakunde publikoko zuzendari Alfredo Sanzolek obra gertaerei fikziozko interpretazioa emateko asmoa duen proiektu bezala deskribatu du. «Egunkarian gertatzen denaren eta prozesu judizialean mamitzen den guztiaren arteko kontrastea sortzen da. Asmo handiko obra, oso berezia da», azaldu du.

Bestalde, adierazi du erakundeak produkzioan parte hartzeko interesa nagusiki tematikagatik zuela. «Espainiaren historian funtsezkoa den istorio hau kontatzeko interes handia genuen». Epaile baten erabakiek bizitza pertsonal eta profesionala eten dieten pertsonaien istorioa kontatzea garrantzi handikoa iruditzen zitzaien.

Estreinaldi berezia

Inaugurazio saiora hainbat pertsona gerturatu dira. Bertan izan da Martxelo Otamendi Euskaldunon Egunkaria eta BERRIAko zuzendaria ere. Horrez gain, Jose Ricardo de Prada eta Santiago Pedraz, Auzitegi Nazionaleko magistratuak edota Egunkaria auzia landu zuten zenbait kazetari, besteak beste.


Madrilen 'Egunkaria'-ri babesa emateko sortu zen taldeko lau ordezkari. Ezkerrean, Otamendiren alboan, Marije Gallego, eta erdian, Pedro Casas. / J. Danae, Foku

Ttantaka taldea arduratu da obra taularatzeaz, Fernando Bernues zuzendariaren gidaritzapean. Bernuesek Madrilgo estreinaldiaren aurretik, beste edozein antzokitako helburu bera dutela adierazi du. «Agertokiaren gainean kezkak, tentsioak, gatazkak eta zalantzak jarri eta balorazioak partekatu nahi genituzke, horrek hausnarketak eragin ditzan, nolabait, denok begirada irekiagoa izan dezagun». Halaber, Madrilgo publikoaren erantzunak balio berezi bat duela uste du: «Ezarritako beste errealitate edo diskurtso batekin topo egiteko aurrerajarrera bat dute». Inaugurazioaren aurretik, ostegunean saio bat eman zuten Madrilen, eta sentsazioa «oso ona» izan zela adierazi du Bernuesek: «Funtzioa bukatzean behin eta berriz errepikatzen zen hitza ausardia zen». Obrak helarazten duen ausardia eta obra bera Madrilen erakusteko ausardia.

Madrilen du antzezlanak nolabait jatorria. 2003an Musikaren Sarien emanaldia zuzentzea egokitu zitzaion Bernuesi, eta kanturik onenaren saria jasotzean Fermin Muguruzak hedabidearen itxiera salatu zuen. Txistu jo zioten. Hantxe erabaki zuen Bernuesek egunen batean kontatu beharko zuela.

Madrilen, berriz

Hamahiru aktore eta gitarra jole batek zapaltzen dute oholtza. Aktoreen artean Mireia Gabilondo dago. Epailearen papera egiten du Gabilondok. «Bere gainean erortzen da gertatutakoa, bere erabakia izan zen Egunkaria ixtea eta hainbat pertsona auziperatzea. Desastre horren neurria hartu zuen pertsona da», zehaztu du obran paper ezinbestekoa duen aktore gipuzkoarrak. Gogorarazi du, epaileak, zalantzak izan zituen arren, gero egin zuena inongo daturik izan gabe egin zuela.

Madrilen aritzearen inguruan, bestalde, obra Euskal Herritik kanpo erakusteak ilusioa eragiten diola aitortu du Gabilondok. «Oso pozgarria da». Sisiforen Paperak antzezlana «gertatu behar ez zen, baina tamalez gertatu zen pasarte bat» kontatzeko aukera bezala ikusten du. «Kontatu beharra genuen».

Euskal Herrian hasitako auzia, Madrildik —Auzitegi Nazionaletik— igaro zen duela ia bi hamarkada eta berriz itzuli da. Pandemia baten erdian itzuli ere. Horregatik eta beste zio batzuengatik egoera desberdina da. Alabaina, Euskal Herrian egin bezala, Madrilen ere esku zabalik hartu dute antzezlana. Horren erakusle estreinaldiak emanaldiaren bukaeran jaso duen txalo zaparrada beroa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.