Futbola

Euskal selekzioak irabazi du Argentinaren eta Venezuelaren aurkako torneoa

Selekzioak 1-0 irabazi dio Argentinari, eta hutsean berdindu egin du Venezuelaren aurka, Zubietan.

Euskal Selekzioa ofizialtasunaren aldeko aldarria egiten, gaur, Zubietan. FOKU
2021eko apirilaren 11
15:12
Entzun

Euskal selekzioa izan da Basque Country International Cup txapelketaren irabazlea. Ia lau urteren ostean itzuli da zelaira Emakumezkoen Euskal Selekzioa, eta maila onean, gainera: mendean hartu du Argentina (1-0), eta berdindu egin du Venezuelaren aurka (0-0).

Aurretik, Argentinak irabazi egin dio Venezuelari (1-0), eta, beraz, euskal herritarrak izan dira hiruko formatuan jokatu den torneoaren irabazleak, Zubietan. Nigeria ere etortzekoa zen, baina, arazo batzuk tarteko, ez da Euskal Herrian izan. Hiru partidak 45 minutukoak izan dira. 

Iñigo Juaristik eta Aintzane Encinasek zuzentzen duten taldearen gol bakarra Yulema Corres Athleticeko jokalariak egin du gaur jokatu duten lehen neurketan, Argentinaren aurkakoan. Partida hasi eta berehala, laugarren minutuan, aurrelariak bikain baliatu du Pekeren erdiraketa bat bigarren zutoinean. Selekzioak norgehiagoka kontrolpean izan du lehen orduerdian, baina azken minutuetan berdintzeko aukera pare bat izan ditu Argentinak.

Bigarren neurketan, berriz, gogor borrokatu behar izan du euskal selekzioak. Venezuelak izan ditu aukerarik garbienak, eta Amaia Peña atezainaren geldiketa bikainei esker lortu dute markagailua hutsean mantentzea. Azkenean, ordea, txapelketa irabazteko balio zien berdinketa ondo lotu dute etxekoek.

Egon zitezkeen guztiak gabe

Euskal selekzioan hemezortzi jokalari aritu dira: Athleticeko hamar, Realeko hiru, Eibarreko bi eta Real Madrileko bat. Ez dira egon zitezkeen guztiak, txapelketa FIFAren egutegian izanik beste selekzioek ere partidak edota entrenamenduak dituztelako. Horixe da, adibidez, Espainiaren kasua, eta han dira Euskal Herriko hainbat jokalari, talde nagusian edo gazte mailakoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.