Nafarroako Gobernuak 253 milioi gastatu ditu COVID-19ari aurre egiteko

Nafarroako Kontuen Ganberak egindako azterketa baten arabera, iaz 6.800 kontratu izenpetu zituen administrazioak, osasun (%72), hezkuntza (%18) eta zahar etxeetako (%10) beharrei erantzuteko. Osasun arloan, batik bat erizainak kontratatu dira.

Osasunbidean kontratatutako hamar langiletik zazpi erizain edo erizain laguntzaile izan dira. IDOIA ZABALETA / FOKU
joxerra senar
2021eko apirilaren 16a
12:00
Entzun

Parlamentuaren aginduz, iazko martxotik aurtengo martxora arte pandemiak Nafarroako kontu ekonomikoetan utzitako lorratza aztertu du Nafarroako Kontuen Ganberak, eta datuetan jarri du arreta. Ikuskaritza batez ere iazko kontabilitatean oinarritu bada ere, aurtengo martxora arteko datu batzuk ere eguneratu ditu, eta ondorio nagusiena da gaur-gaurkoz COVID-19ak 253,3 milioi euroko gastua eragin diola Nafarroako Gobernuari; horietatik 224,9 milioi iaz izan ziren, eta 28,4 milioi aurten.

Faktura horri aurre egiteko, Espainiako Gobernuak 187,1 milioi eurorekin finantzatu du Nafarroako Gobernua, batik bat erkidegoentzako funtsetik 175 milioi euro banatuta, eta kopuru horri bestelako transferentziak eginda. Gainera, kontuen ganberak zehaztu du langileen kontratazioa finantzatzeko Madrilek eta Europako Batasunak diru kopuru bat emateko dutela. Azterketak nabarmentzen duenez, herritarrek 189.000 euro eman dituzte borondatezko ekarpen bidez. Azkenik, finantzaketa bila, zor merkatuetan 648 milioi euro lortu zituen iaz Nafarroak, baina ganberak ezin izan du zehaztu kopuru horretatik zenbat bideratu den COVID-19aren gastuei aurre egitera. 

6.800 kontratazio

Iaz, 225 milioi euroko faktura eragin zuen izurriak, eta kopuru horretatik 45 milioi (%20) lan kostuetara bideratu behar izan ditu administrazioak. Batik bat behin-behineko langileak kontratatzeko (23,4 milioi) edo gaixo jarritako langileen ordezkapenak egiteko (4,7 milioi) erabili du diru hori. Halaber, pandemiari aurre egiteko langile publikoek egindako esfortzuak ere isla izan du bestelako kontzeptuetan. Adibidez, langileen produktibitate osagarria ordaintzeko 3,7 milioi euro erabili dira. Jai egunak, ordu estrak, gaueko sariak, txandak eta guardiak ordaintzeko 4,4 milioi euro behar izan ditu.

Gastu horren erdia kontratazio berrietarako izan da. Orotara, 6.800 kontratazio egin behar izan ditu gobernuak: batik bat, Osasunbidean (%72), hezkuntzan (%18), eta zahar etxe eta mendekotasuna dutenentzako egoitzetan (%10). Behin-behineko kontratazioa izan denez, 6.800 kontratu izanagatik, 3.400 langile kontratatu dira. Kontratu horien laurdenak hiru eta sei hilabete arteko iraupena zuen; %31k, hilabete eta hiru hilabete artekoa; %34k, hilabete baino gutxiagokoa eta %8k, sei hilabetetik gorakoa.

Hamarretik zazpi, erizainak

Kontratuen erdia baino apur bat gehiago (%52) Nafarroako Ospitale Gunearen beharrak asetzeko erabili da, eta beste beste %25, lehen arretarako. Tuterako Reina Sofia eta Lizarrako Garcia Orkoien ospitale publikoek 708 eta 155 kontratazio egin dituzte, hurrenez hurren. Oro har, kontratatutako hamar langiletik zazpi erizainak edo erizain laguntzaileak izan dira —3.391, guztira—. Gainerako kontratazioen artean, batik bat zeladoreak (%9) eta administrazio arloko langileak (%7) nabarmentzen dira. Lehen arretarako, 29 mediku kontratatu ziren eta hamar larrialdietarako mediku laguntzaile.

3,4 milioi euroko faktura maskaretan

Giza baliabideak alde batera utzita, pandemiak materiala eskuratzeko esfortzu gehigarria eskatu dio gobernuari, eta orotara 71 milioi euro behar izan ditu behar horiei erantzuteko. Gastu horren herena (23,5 milioi euro) osasun arloko materialak finantzatzeko erabili du, eta beste 14 milioi euro PCR eta antigeno probak egiteko laborategi gastuetarako. Osasun materialei dagokionez, jakina denez, maskarak premiazko elementu bihurtu dira, eta 3,4 milioi euroko faktura eragin dute: 2,2 milioi maskara kirurgikoek, eta 1,2 milioi FFP2 motakoek. 

Adierazgarria da, halaber, pandemiak garbiketa zerbitzuen eta materialen beharra handitu duela eta 4,1 milioi euro bideratu dela horretara. Zahar etxeetan bete-betean eragin zuen pandemiak, eta egoera horri aurre egin behar izateak 4,5 milioi euroko gastua eragin du.

 Klinikan ohe bat, 4.908 euro

Gaixo gehienak ospitale publikoek artatu badituzte ere, zenbait kasutan Nafarroako Unibertsitate Klinikara, San Juan de Dios ospitalera edo San Miguel klinikara bideratu dira, eta hiru erakunde pribatu horiei 8,6 milioi euro ordaindu zaizkie. Parlamentuak agindu berezi eman zion kontu ganberari, ospitale horiek eragindako fakturaren zenbatekoaren berri eman dezan. Unibertsitate Klinikan eta San Miguel klinikan, gaixo bat ZIUko ohe batean egoteak 40.978 euroko kostua du, eta plantan, berriz, 4.908 eurokoa. Erreserban ohe bat gorde behar izateak eguneko 181 euroko kostua du  

San Juan de Dios ospitaleak ez du ZIU unitaterik, eta bestelako tarifa bat erabiltzen du. Lehen hamar eguneko ospitalizazioak eguneko 519 euroko kostua du, eta hamaikagarren egunetik aurrera, 298 eurokoa —zenbat eta gehiago izan ospitaleratuta, tarifa murriztu egiten da, baina eguneko 233 eurotik gorakoa da—.

Autonomoei, 24 milioi euro

Pandemiak eragindako gastuaren atal nagusia gobernuak egin behar izan dituen transferentziak izan dira, enpresei, udalei, familiei, laborariei eta Nafarroako Unibertsitate Publikoari, besteak beste: 72 milioi orotara. Izan ere, konfinamenduak eta ondorengo neurriek hainbat sektore ekonomiko gogor jo dituzte, eta, orotara, iaz 39,9 milioi bideratu zituen enpresa pribatuen laguntzetara; gehienbat, autonomoengana heldu da diru hori (24 milio euro). Larrialdi soziala ere eragin du pandemiak, eta familien eta norbanakoen artean 7,7 milioi euro banatu ditu laguntzetan.

Autonomoen artean iazko udan banatu ziren laguntza horietan aski zen ahalmen ekonomikoari buruzko adierazpen bat sinatzea, eta ganberak ohartarazi du ez zela hori egiaztatzeko mekanismorik jaso. Azpimarratu du ondoren, ostalaritzaren laguntzetan, oker hori zuzendu egin dela.

Udalek, berriz, bi iturritatik jaso dituzte 25 milioi euro: 11,5 milioi ezohiko gastuei aurre egiteko, eta gainerako 13,5 milioi euroak, inbertsioetarako. 

Urruneko eskoletarako, 5 milioi 

Hezkuntza departamenduari 18 milioi euroko faktura utzi dio pandemiak. Adibidez, ikastetxeek 2,8 milioi euro jaso dituzte ezohiko gastuei aurre egiteko, eta iazko konfinamenduan urruneko eskolak eman behar izan zirenez, informatika arloan 5 milioi euroko inbertsioa egin zen chromebook-ak eskuratzeko.

Oro har, administrazio osoan, 6,9 milioi euro gastatu ziren informatika arloko ekipamendua erosteko. Mediku ekipamenduetan (arnasgailuak, adibidez), orotara, 2,9 milioi euroko inbertsioa egin du gobernuak. Guztira, 14 milioi euroko inbertsioa eskatu zuen pandemiak.

  

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.