Albistea entzun

Bilbon aurrekoan baino lasaiago dago kaleko giroa

Ertzainak eta Bilboko udaltzainak Poza kalearen inguruetan patruilatzen ari dira

Athleticen zaleak, Bilboko Zazpikaleetan
Athleticen zaleak, Bilboko Zazpikaleetan Monika del Valle / Foku Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2021eko apirilak 17

Berriro ere, Bilbo zuri-gorriz jantzi da, eta dena prestatu du oso denbora laburrean jokatu beharreko bigarren finalari aurre egiteko. Hala ere, kaleko giroak ez du zerikusirik izan duela bi aste izandakoarekin. Leiho eta balkoiek apainduta iraun dute, jende askok Athleticen elastikoa jantzi du, futbola izan da hizpide elkarrizketa gehienetan, baina bi aste lehenago bizi izandako euforia eta eromen kolektiborik ez da egon oraingoan.

Arrazoi asko daude horretarako. Ukaezina da aurreko finala galdu izanak zale askoren itxaropena zapuztu duela, eta badirudi pesimismo moduko bat nagusitu dela giroan, azken orduetan horri buelta eman zaion arren. Pandemiaren egoerak ere ez du batere lagundu: joan den asteartetik, itxiera perimetrala ezarria dago Bilbon, inguruko herrietakoek ez daukate Bilbora sartzerik tartean pisuzko arrazoirik ez badago, eta nabaria izan da askoz jende gutxiago ibili dela kalean. Goiz-goizetik, udaltzainak metro geltokietan aritu dira, bidaiariei dokumentazioa eskatzen.

Azkenik, duela bi aste Poza kalearen inguruetan ikusitako irudiek ere eragina izan dute giroaren apaltze horretan. Zale ugari Poza kalearen eta Areiltza Doktorearen zumarkalearen bidegurutzean batu ziren, segurtasun neurri guztiei muzin eginez, eta azkenean istiluak egon ziren eta inguruko kaleak itxi behar izan zituzten. Irudi horiek gogoan, zale askok zuhurrago jokatzea erabaki dute.

Beste ondorio bat ekarri du aurrekoan Poza kalean gertatutakoak. Segurtasun operatibo zabala antolatu dute: ertzainak eta udaltzainak egun osoan ibili dira Poza kalean patruilatzen, binaka edo hirunaka, eta istiluak gertatu zireneko bidegurutzean Ertzaintzaren hiru furgoneta eta dozena bat auto egon dira, ertzainenak eta udaltzainenak.

Goizean jende gutxi ibili da Areatzan eta Zazpikaleetan, eta Athleticen elastikoa, tapauka, kapela edo bestelako ezaugarriren bat zeramatenak duela bi aste baino askoz gutxiago ziren. “Jendea apur bat zapuztuta dago koronabirusaren aferarekin”, esan du Mila Melgosak. Baina oraindik goiz da. Nik uste dut orduak igaro ahala berotu egingo garela”. Partidaren inguruan, zalantza izpirik ere ez zeukan: “Nik uste dut partidan lehia handia egongo dela, baina guk oso ondo jokatuko dugulakoan nago. Eta irabaziko dugu, jakina”.

Eguerdi aldera mugimendua areagotu da Zazpikaleetan, eta zale asko egon da Plaza Barriko terrazetan. Edonola ere, aurrekoaren moduko kantu eta oihurik ez da egon, eta giroa askoz lasaiagoa izan da. Han zegoen Mikel Juaristi, Athleticen elastikoa soinean: “Nik badut esperantza irabaziko dugula eta ilusioa berriro ekarriko dugula Bilbora. Nabari da giroa epelagoa dela; ea horrek dakarren osasun neurriak errespetatzea, ilusioa galdu gabe”.

Giroa epelagoa, baina itxaropena sendo; inork ez du zalantzan jartzen Athleticek irabaziko duela, edo hori diote behintzat: “Galdu behar duela pentsatuko banu, ez nintzateke telebistaren aurrean jarriko” esan du Jose Luis Pascualek. Haren ustez, pandemiak kalte egin dio jendearen aldarteari, eta pentsatzen du garaipenak poza ekarriko liokeela jende askori: “Hori da Athleticen izaera: altxatzea eta aurrera egitea. Ez dago besterik”.

Ledesma kalea borborka zegoen Realaren kontrako finalaren aurreko orduetan. Oraingoan, berriz, larunbat arrunt bateko giroa sumatzen zen. Baina Poza kalera hurbildu ahala, oso bestelakoak dira gauzak. Han, kolore zuri-gorriak dira nagusi: leihoetan, dendetan, tabernetan eta jendearen jantzietan. Terrazetan gazte asko daude, edanean, pintxoak jaten, eta kartetan ere bakan batzuk. Han giroa bestelakoa da, eta barreak eta Athleticen aldeko estreinako oihuak entzun dira.

Giro ona dago, baina desmasiarik edo istilurik ez. Poliziak daude kale kantoi ia guztietan. “Duela bi astekoa gehiegikeria izan zen”, esan du Yaiza Garciak. Hark ere ez du zalantzarik partidaren emaitzaz: “Ni Athleticen aldekoa naiz, heriotzara arte. Haiengan konfiantza osoa dut, eta uste dut dena emango dutela”.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

«Mikelekin irabazi nahi dugu Giroa; bera da kapitaina»

Eñaut Agirrebengoa

Gaur hasiko da Italiako Giroa, Turinen, eta konfiantzaz helduko dio Bilbaok. Mikel Landarentzat egingo du lan, bere aukerak erabat baztertu gabe: hasieran, bederen, aurrean egon nahi du.
Realeko hainbat jokalari Aritz Elustondok sartu zuen gola ospatzen, atzo, Anoetan. ©JON URBE / FOKU

Klarionaren puntuak

Jon Ander De la Hoz

Realak Elx garaitu du, eta bosgarren postuari lotu da. Jokalari bat gehiagorekin arituta, bigarren zatian lortu ditu partidako bi golak
Nekane Teres. ©GORKA RUBIO / FOKU

Athletic eta Osasuna puntuen premiarik gabe ariko dira gaur San Mamesen

Haritz Gallastegi

Talde zuri-gorriak estreinakoz kateatu nahi ditu bi garaipen denboraldi honetan. Gorritxoek azken lehietako itxura onari eustea dute xede

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.