Albistea entzun

Begiak lau

Arimak

 
Irati Eguren Tamaina handiagoan ikusi

Edorta Jimenez -

2021eko apirilak 18 09:56

Lantzean behin nire nobeletako pertsonaiaren bat agertzen zait, batek daki zergatik; joditzearren, esaten dena. Aspaldion azken nobelako Mak da sarrien agertzen zaidana. Azkenengoz martxoaren hemeretzian. Lamerako nire leku kuttunean.

- Mak!

- Zelan?

- Begiak lau eginda zauzkaat, zera topatu ezinik!

- Zera, zer?

- Ez didak esertzeko esango, ala?

Ez diot esan nirea lako beste Errioxa zuri bat guran duenetz, ezta ere musukoa ipintzeko.

- Gure nobela irakurtzen ibili nauk, zoro modura, begiak lau eginda amaitu arte, beste horrek —izena esan dit— hartaz dioena topatu ezinik, zera Ortzadarraren eta Aingeruaren eta Nire eta Enparauen kontakizuna Urdaibairen propaganda turistikoa dela.

Ez da harrigarria Mak, inon agertzekotan, hemen agertzea. Izan ere hura arima delako, eta arimen gaiarekin ezagutzen dudan ipuin politena berton hasten delako.

Ipuinak dioena funtsean zera da, behin batean badirela lagun bi itsasoan batera ontzian arrantzan, eta horretan direla ekaitz itzela, eta beren buruak galdutzat emanda, belauniko, promes egiten diotela Donibaneri salbatuz gero Gaztelugatxera joango direla, oinez; hortik aurrerakoa zera, salbatu egin dira, eta behin etxean, agur promesa! Handik ez luzera bat hil egin da, eta gau batean besteari agertu zaio, eta honek galde egin nor den, eta agertuak «arima» erantzun; «parte onekoa ala parte txarrekoa?»; «onekoa»; «norena?»; «zugaz promes egindakoa salbatu ezketero Sanjuanera joan ginanarena, ez dot bakerik izango biok alkarregaz hara joan arte». «Ba bihar». «San Migeleko eskaileretan egunak argitu orduko».

- Horko eskaileretan.

- Norekin ari haiz?

- Barka, Mak.

- Nondik atera du zera horrek turistikoa dela gure nobela? —harrotu egin da Mak— Jo eta bertan seko utziko nikek.

Errioxakoari ekinez azaldu diot ez dela harritzekoa norbaitek liburu jakin bat hartzea eta uste izatea han-hemenka lerro bat edo beste irakurtzearekin aski duela liburuaz iritzi borobila osatzeko; edo ez eta hori ere, delako borobila, edo morokila, edo uste-opila —beti ustela—, hura irakurri gabe osatzea eta plazan erakustea; edo are liburua osorik irakurrita ere okerreko iritzia ekartzea plazara. Eta hala ere ez dela komeni horrelakoak izen eta guzti salatzea, gero azkenean barkamen eske amaitu ohi da eta. «Barkatu, Jon! Barkatu, Mari On! Zuen izenak aipatu nituen eta, barka, Zera On! Kritikoak, iritzigileak, sakratuk zarete!». Urdaibaiko planoetako marrak beren interes partikularren gidaritzapean, marraztu, aldatu, lerratu, ezabatu, eta abar egin dituztenak ere sakratuak dira. Horien izenik ez da zertan aipatu, «Barkatu, Anton!». Ez dezagun taburik urratu, hor konpon!

- Taburik? Zer diok?

- Gure nobela, Mak, salmenten aldetik frakasoa izan da.

Hitzok ez diote onik egin Mak arimari. Ardo zuriaren hondarretako horitasun olatu izpien artean surfeatuz ostendu da. Hondarrok txurrut edan ditut.

Zutitu egin naiz.

- Musukoa!

- Barkatu!

Arimaren eta lagunaren hitzorduaren eskaileren ondoko tabernan jesarri naiz, beste ardotxo baten izpien artetik ipuinaren amaiera gogoratzearren, zera, hortxe agertu dela laguna biharamunean, emazteak lagunduta badaezpada ere, eta agertu baino ez eta arimak belarrira hitz egin diola lagunari, «Goazen», eta abiatu direla, eta bidean doazela arimak diotsola lagunari «esan andreari aldentzeko apur bat harago, zapaldu egiten nau eta», eta horixe esan diola gizonak andreari, eta honek «Zer ba?», eta zapaldu dituztela San Juanen oinatzak, antzina legez, eta halaxe iritsi direla Gaztelugatxeko mailetara, oi bidearen ederra!, eta igo dutela gora, eta hurreratu direla elizako atera.

Goiza handik!

Arimak eta lagunak gogoan dituzte haitzaren aurrean egiten ziren itsasontzi zeremoniak; andreak, berriz, honaino zenbatetan ez ote den ortozik etorri promesaren bat betetzearren.

Joana da mundu hura, Gaztelugatxek arima zeukan garaikoa. Beste ipuin batzuek lekua kenduta joan ere. Ipuin berriok ekarri dituztenen boteretsuen ustez, hobe da Herensugearen Haitza izan, gazteluarena baino. Ze gaztelurik aspalditik ez han, haren lekuan asmatu duten Herensugearena askoren irudimenean dago. Horrek jendetzak dakartza, eta jendetzok dirua. Omen. Haatik, herensugeen garaietako dirudien izurriak seko gelditu du turismoa.

- Noiz arte?

- Ene, Mak! Zer egiten duzu hemen.

- Hire pentsamenduak igarri. Zertan amaitu zen arimaren ipuina?

- Ba behin elizako atarian egin beharrekoa eginda arimak agur esan dio lagunari; honek ezin jakinda hura guztia bere eldarnioak sortua ez ote den, frogaren bat eskatu arimari; «Eskua, mesedez». «Ez, painuelue». Luzatu lagunak zapia arimari eta hartu honek, itzuli dioenean erretura han: eskuaren irudia! «Orain baketan nago eta, banoa, itxi'tsat arima errari izateari, zoazie baketan».

Begira dut Mak.

- Zera, ipuin egokia herensugeekin amets egiten duten selfie-zale andana horientzat, ez da, Mak?

Erantzun barik egin du alde.

Zerbait egin behar dut Makek arima errari izateari utz diezaion.

Nobela berpiztu, edo.

Bitartean Gaztelugatxeri arima zelan itzuli segitzen dut, gure hitzak eta ekintzak aldrebesten dituzten zitalak gorabehera.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.