BIHAR BERRIA-N

Festek itxaron egin behar

Pandemiaren datuei so, aurten ere ez da herriko jairik ospatuko. Jai batzordeetako kideekin eta festak hornitzen dituzten enpresekin hitz egin, eta egoera aztertuko du bihar Bizigiro gehigarriak.

Aulkiak prest, Ortuellako jaietako ekitaldi batean. MASTER SILLA
Zihara Jainaga Larrinaga.
2021eko apirilaren 23a
16:22
Entzun

Pandemiagatik ez balitz, herriko jaien denboraldiak ate joka behar luke. Egoera, baina, bestelakoa da, eta, bigarren urtez, herriko jai gehienak bertan behera gelditzeko arriskuan daude. Egoera honen aurrean, joan den urteko hutsunea berriz ez errepikatzeko nahiarekin, jaiak ordezkatu ditzaketen ekitaldi kulturalak egitea erabaki dute herri askok.

Hala ere, argi dago herri mugimenduaren bihotzik, txosna gunerik, ez dela egongo inongo plazetan. Hala, egoera honek zenbait ondorio dakartza. Zuzenenak antolakuntza lanetan, itzalean, aritzen direnei eragiten diete. Batetik, Jai Batzordeetako kideei, eta bestetik, festak hornitzen dituzten enpresei. Matiena (Bizkaia) eta Txantreako (Nafarroa) Jai Batzordeetako kideek festak bertan behera gelditzea auzoaren bizi izaeraren balizko desagertzearekin lotzen dute. Horregatik erabaki dute geldi egon aurretik ekitaldi kulturalak antolatzea. Festetako hornitzaileek, bestalde, ekitaldi horiei esker aurtengoa trantsiziozko urtea izango delako esperantza daukate. Joan den urte zailaren ostean, argi izpiak ikusten hasi nahi lukete.

Gastronomian, kanpoko zaporeak dakartza Iker Markinez sukaldariak. Xerra asiar ukituarekin nola prestatu daitekeen erakutsiko du. Ardoaren atalean, Huescako (Aragoi, Espainia) Barbenuta herriko upategi baten berri emango du adituak. Pilar Garcia eta Ernest Guaschek 2017. urtean abiatu zuten Bal Minuta proiektua. Oso ekoizpen txikiarekin hasi ziren, baina, egun, eskaintza zabala daukate: zuriak, beltzak, apardunak, gazteak, ehun urtetik gorakoak...

Telesailen atalean, The Handmaid´s Tale telesail ezaguna izango du hizpide Mikel Yarzak. Margaret Atwooden eleberrian oinarritutako telesailak laugarren denboraldia hasiko du, hain zuzen. Azken urteotan lan esanguratsuetako bat bihurtu da, eta denboraldi berria ez da atzean geldituko. Elisabeth Moss aktore protagonistak zuzendu ditu hamar atal berrietako hiru. Nagore Arinek, gainera, Nobody filma dakar zinema sailean. Gau batean, hainbat lapur protagonistaren etxera sartuko dira, eta protagonistak uko egingo dio bera eta bere familiako gainerako kideak defendatzeari, arazoak saihestu nahian. Bob Odenkirk aktoreak egiten du protagonista papera. Thriller bizi bat, ekintza indarkeria zentzugabez beterikoa da lya Naishullerrek zuzendutako filma. Datorren ostiralean estreinatuko dute Hego Euskal Herrian.

Azkenik, Adur rol jokoa ezagutu ahal izango da. Euskal Herriko Erdi Aroan kokatuta dago. Historiako gertaera miresgarriak eta mitologiako pertsonaiak nahasten dira bertan. Parte hartzaile bakoitzak rol bat izango du, eta helburua txandaka hitz eginez guztien artean istorio bat sortzea da. Eneko Andueza Adur rol jokoaren sortzaileak emango ditu xehetasunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.