Komunikazioa

Iban Arantzabal izendatu dute Tokikomeko presidente

‘Tolosaldeko Ataria’ (Gipuzkoa) eta Arratiako ‘Begitu’ (Bizkaia) Tokikomen sartu dira, eta 70 hedabide dira orain sarean.

Iban Arantzabal, gaur. TOKIKOM
urtzi urkizu
2021eko apirilaren 23a
17:05
Entzun

Jone Guenetxeak lau urtez bete du Tokikom toki komunikabideen sareko presidente kargua, eta orain Iban Arantzabalek hartu du haren lekukoa. Tokikomen sorreratik oso aktibo aritu da Arantzabal euskarazko hedabideen talde hori dinamizatzeko eta ordezkatzeko lanetan. Goiena taldeko zuzendari nagusia ere bada.

Arantzabalek, kargua hartu berritan, hala esan du:  «Ez da zaila izango Tokikomen aro berri honetan ardura berri hau hartzea. Ez karguak ez duelako zailtasunik, baizik eta Tokikom osatzen duten hedabideetan talde humano bikaina dagoelako, presidentetza hau baino askoz ere garrantzitsuagoa den talde-giro profesionala». Arantzabalen arabera, antzerako beharrak eta antzerako erronkak dituzte mahai gainean herrietako eta eskualdeetako hedabideek. «Eta badakigu batuta eraginkorragoak garela norbere egitekoetan. Gainera, horrela bakarrik izango gara kapazak denborek eskatzen duten bizkortasunez aukera berriei erantzuteko».
Aurtengo zereginen artean, hauek aipatu ditu Aratzabalek: itun berria sinatzea nahiko lukete Eusko Jaurlaritzarekin eta aldundiekin; Nafarroako Gobernuarekin ere harremanetan daude, eta proposamenak lantzen ari dira bertako bazkideekin batera; herriz herriko komertzioarekin elkarlanean jardun, eta zerbitzu berriak eskaini nahi dituzte; ikus-entzuleak eta irakurleak «mimatu» nahi dituzte, erdigunean jarriz, eta gaur egungo mundu aldakorra irakurtzeko testuingurua eman, «kazetaritza zintzoa» eginez: «Sinesgarri, gertuko, denentzako eta euskaldun». Hau gaineratu du Tokikomeko presidente berriak: «Ez litzateke txarra aurreko presidenteak egin duen beste lan eginda uztea Tokikom indartsu bat. Lantalde honek egingo du».

Guenetxeak, bere aldetik, azken urtearen balorazioa egin du: «Sektore guztietan legez, pandemiak gure egunerokotasunean ere eragin zuzena izan du. Alde ekonomikotik, egoera kezkagarria da. Hala ere, gure komunitateak kalitatezko informazioa behar duen sasoi honetan, gure lana inoiz baino garrantzitsuagoa dela ikusi dugu». Horren erakusle dira euskarazko tokiko hedabideek izan dituzten hartzaile datuak. Beste aurrerapauso bat nabarmendu du Guenetxeak: «Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanak estutzea lortu dugu. Elkarlanean, Bizkaiko euskarazko tokiko hedabideak indartzeko pausoak ematen hasi gara, eta hori albiste pozgarria da».

‘Ataria’ eta ‘Begitu’
Gainera, Tokikomek beste bi bazkide onartu ditu batzar orokorrean: Tolosaldeko Ataria (Gipuzkoa) —azken urteetan plataforma digitalaren erabiltzaile izan da, eta bazkide oso izatera pasatu da— eta Begitu hamaboskaria (Arratia, Bizkaia). Euskarazko 70 hedabide batzen ditu horrela sareak. Tokikom barruko hedabideen sarea egiten jarraitzea izango da urteko xede nagusietako bat; baita sinergiak baliatzea ere.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.