Lan osasuna

Pandemiak lan osasuna «nabarmen» okertu duela salatu dute sindikatuek

ELAren eta LABen iritziz, erakundeek ez dute neurririk hartu nahi izan lantokietan egon diren agerraldietan. CCOOk eta UGTk prebentzioa indartzeko eskatu dute

Sindikatu bateko kide bat prekaritatea salatzen duten afixak itsasten. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko apirilaren 28a
18:31
Entzun

Pandemiak langileen lan baldintzak okertu dituela eta lan osasuna «nabarmen okertu» duela salatu dute sindikatuek. Lan osasunaren nazioarteko egunaren karietara zenbait mobilizazio antolatu zituzten, eta, logikoa denez, koronabirusaren izurriak pisu handia izan du agerraldietan. ELAk, LABek, ESK-k, Steilasek, EHNEk eta Hiruk manifestazio bateratua egin dute, Bilbon, eta gogor kritikatu dute Eusko Jaurlaritzak pandemian izandako jarrera. «Kudeaketa txarra» eta kutsatzeak eragozteko haien esku zegoen guztia ez egin izana egotzi diote. CCOOk, berriz, salatu du enpresa askok ez dutela hartzen prebentzio neurririk, eta UGTk heltzear dagoen hurrengo olatua iragarri du: «Estresarena». 

Bilboko manifestazioa jendetsua izan da. Kale Nagusia zeharkatu du, eta Eusko Jaurlaritzaren bulegoen aurrean amaitu da. Xabier Ugartemendia LABeko ordezkariak eta Peio Igeregi ELAkoak hartu dute hitza, eta iaz Euskal Herrian lan istripuetan hildako 70 langileak eta aurten hildako hemezortziak hartu zituzten gogoan. Biek ere ez zuten ahaztu Joaquin Beltran oraindik Zaldibarko (Bizkaia) zabortegian dagoela.

Ugartemendiak patronalari egotzi dizkio hildakoak; erakundeei, berriz, egoera hau normalizatu izana: «Zenbat hildako gehiago behar dira? Zenbat langilek hondatu behar dute beren osasuna gutxi batzuen patrikak puzten jarraitzeko? Dirua osasunaren aurretik jartzen dute, eta erakundeek, hori eragotzi beharrean, enpresen interesak defendatzen dituzte». Era berean, gogoratu du prekaritatea eta lan osasun txarra eskutik doazela. 

Igeregik ere erakundeetan jarri du arreta: «Milaka langile gaixotu dira lanpostuetan, eta ez da ezer pasatu. Jaurlaritzaren datuen arabera, koronabirus agerraldien %70 eta %79 artean lantokietan izan dira, eta ez dute neurririk hartu». Haren ustez, neurririk ez hartze hori «erabaki politikoa» da, erakundeentzat egungo sistema ekonomikoa mantentzearen «zehar kalte onargarri» bat baitira kutsatzeak. 

Idoia Mendia Jaurlaritzako lan sailburuak ELA eta LAB Osalanen lan-osasun mahaian parte hartzera gonbidatu ditu. Igeregiren ustez, baina, gonbidapen hori «hipokrisia hutsa» da: «Bilera bat eskatu genion gaiari buruz hitz egiteko, eta uko egin zion. Jaurlaritzak lan osasunarekin benetako ardura badu, Europako batez besteko lan-ikuskatzaile kopurura gerturatu behar du. Horretarako, beste ehun kontratatu beharko lituzkete».

Telelanaren arriskuak
CCOOk Confebaskek Bilbon duen egoitzaren aurrean egin du elkarretaratzea. Alfonso Rios osasun arloko arduradunak salatu du iaz okerrera egin zutela lan istripuen eta gaixotasunen datuek, eta horren errua enpresek dutela, prebentzio neurriak «seriotasunez hartzen ez dituztelako». Era berean, telelanak izandako «gorakada handiak» sindikatuari sortzen dion ardura onartu du, emakumeengatik bereziki: «Arrisku psikosozialak asko ugaritu daitezke. Besteak beste, telelanari etxeko lanen zama gehitu dakiokeelako».

UGTko Juan Carlos Cardenasek ere arrisku psikosozialetan jarri du arreta, eta «hurrengo olatua» izango dena iragarri du: «Antsietatearena eta estresarena». Horren jakitun, «aurrea hartzeko» eskatu die erakundeei, eta, hala ere, langileren bat lanean gaixotzen bada, behar den tokian artatu behar dutela aldarrikatu du: «Lan gaixotasunak dira, eta mutualitateetan artatu behar dira. Ezin dira ibili Osakidetzan laguntza eskatzen, edo okerragoa dena, medikuntza pribatuan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.