Ekintzailetza suspertuz

Gipuzkoako ehun ekonomikoa indartzen

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Indartuz planaren bidez, laguntzak eta neurri fiskalak ezarriko dira pandemiak gehien erasandako sektoreei laguntzeko eta lurraldeko enpresen lehiakortasunerako eraldaketa indartzeko. 95 milioi euroko inbertsioa egingo da.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusia eta Jabier Larrañaga Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatua, Ekonomia Indartuz planaren aurkezpenean. GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
2021eko apirilaren 29a
12:36
Entzun

Gipuzkoako Foru Aldundiak Gipuzkoako ehun ekonomikoa babesteko eta eraldatzeko Ekonomia Indartuz plana martxan jarri du. Haren bidez, laguntza eta neurri multzo bat taxutuko du lurraldeko ekonomia indartzeko eta COVID-19ak eragindako krisia gainditzeko.

Plan horrek 95 milioi euroko zuzkidura izango du, eta bi alderdi izango ditu: kointurala eta estrukturala. Lehenengoak, alde batetik, pandemiak gehien erasandako pertsona eta sektoreei laguntzeko laguntza ekonomikoak eta neurri fiskalak bilduko ditu, bereziki enpresa txiki eta ertainei eta autonomoei zuzenduta, eta 40,5 milioi xedatuko dira horretara. Bestetik, azpiegituretan inbertsioa egingo du jarduera ekonomikoa bultzatzeko, eta 25,5 milioi euroko zuzkidura izango du. Egituraren araberako alderdiari dagokionez, Aldundiak sustapen ekonomikorako eta berrikuntzarako programa nagusien zuzkidurari eutsiko dio (29 milioi euro), horrela ekoizpen sarearen lehiakortasuna indartzeko.

Markel Olano Gipuzkoako diputatu nagusiak eta Jabier Larrañaga Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruneko diputatuak apirilaren 12an aurkeztu zuten Ekonomia Indartuz plana. Olanok nabarmendu zuenez, hauxe da abiapuntua: «Gure ongizatea, gaurkoa eta biharkoa, ekonomia indartsu batean oinarritzen da. Gipuzkoako jarduera ekonomikoa eta produktiboa indartzea ezinbestekoa da gure gizarte arretaren ereduaren jasangarritasuna bermatuko duten baliabideak sortzeko, pandemia honetan ikusi dugun bezala sektore horrek berebiziko garrantzia baitu, eta Europan desberdintasun gutxien duen lurraldeetako bat izaten jarraitzeko. Gure ahalegin guztia kalitatezko enplegua sustatzera bideratuta dago, gizarte kohesioaren bermatzaile nagusia baita. 2021ean ekonomia suspertuz joatea espero dugu, eta susperraldi hori sektore eta pertsona guztiengana iristeko lan egingo dugu».

Lankidetza eta eraginkortasuna

Ekonomia Indartuz programak ekonomia suspertzeko oinarrizko bi lan ildo azpimarratuko dituela azaldu zuen Olanok: «Pandemiak gehien erasandako jarduera ekonomikoei eta profesionalei laguntzea, eta gure enpresen lehiakortasunerako eraldaketa bultzatzea. Sektore guztiak hartzen ditugu kontuan, krisiaren eragina arintzen laguntzen dugu, baina luzera begirako apustuak ere finkatzen ditugu, pandemia osteko jokalekura prest iristeko».

Plana aurrera eramateko, lankidetza ez ezik, eraginkortasuna ere oso garrantzitsua izango da: «Erakundeen arteko lankidetzan eta lankidetza publiko-pribatuan, eraginkortasunean eta beste eragile instituzional batzuk hartzen ari diren neurriekiko osagarritasunean oinarrituta dago. Aldundiaren finantza eta kudeaketa gaitasunak ahalik eta gehien aprobetxatzearen aldeko apustua egiten dugu, jarduera ekonomikoa bultzatzen laguntzeko, ikuspegi kontrazikliko eta asmo handiko batetik».

Diru laguntzak

Ekonomia Indartuz programaren bidez, Gipuzkoako Foru Aldundiak 12,5 milioi euro bideratuko ditu laguntza lerroetara, krisiaren eragina arintzeko «oxigenoa» emateko: Elkar-Ekin egitasmoaren enplegagarritasun laguntzak indartzeko hiru milioi euro, aldi baterako erregulazio espedienteek eragindako edo langabezian dauden profesionalak birkualifikatzeko milioi bat euro, turismo sektoreari 1,6 milioi euro, gertuko merkataritzari 1,9 milioi euro, ostalaritzari beste 1,9 milioi euro, lehen sektoreko azpisektore kaltetuenei milioi bat euro, kulturaren eta kirolaren esparruei bi milioi euro, eta 150.000 euro artisautza sektoreari.

Fiskalitatea

Zerga arloan, Gipuzkoako Foru Aldundiak mahai gainean jarri dituen neurri fiskalen azken sorta biltzen du Ekonomia Indartuz planak. Neurri horien eragina, guztira, 28 milioi eurokoa izango dela aurreikusi da, batez ere krisiak gehien zigortu dituen kolektiboentzako laguntzetarako, hala nola autonomoentzako, mikroenpresentzako eta enpresa txiki eta ertainentzako laguntzetarako. Halaber, Gipuzkoako ekonomiaren digitalizazioa bultzatzeko pizgarriak ere biltzen ditu planak, «Zerga sistema aldundiak dituen eskumenik garrantzitsuenetako bat izanik, Ekonomia Indartuz planaren euskarrietako bat ere bada», Olanoren hitzetan.

Bide azpiegiturak

Aipaturikoaz gain, planaren alderdi koiunturalenak azpiegiturei lotutako obrak indartzea aurreikusten du, pandemiaren ondoriozko aurrekontu jaitsierak eragindako proiektuak berrabiaraziz edo bizkortuz.

Hala, bide azpiegiturak eta garraio azpiegiturak hobetzeko edo sortzeko jarduerak suspertuko dira, hiru helburu hauekin: industria eremuetako sarbideak eta lehiakortasun ekonomikoa hobetzea, eta, aldi berean, trafikoa arintzea; lurralde mugikortasuna, eskualdeen artekoa eta Europa barrukoa bultzatzea; eta inbertsio publikoaren bidez enplegua sendotzea.

Ekonomia sustatzea eta berrikuntza

Ekonomia Indartuz programaren egiturazko atalari dagokionez, Aldundiak jarduera ekonomikoa eta berrikuntza sustatzera bideratutako laguntza programen eta hitzarmen nagusien zuzkidura ekonomikoari eustearen aldeko apustua egin du (29 milioi euro). Diru laguntza horiek lan ildo hauek kontuan hartzen dituzte: lehiakortasuna, eskualde garapena, ekintzailetzarako laguntza, langileek enpresan parte hartzea, talentua eta ikaskuntza, I +G+B (Ikerketa, Garapena eta Berrikuntza) arloa, nazioartekotzea, smart mobility (mugikortasun adimenduna) eta 4.0 Industria.

Digitalizazioa indartzeko, eta atal honetako berritasunen artean, Gipuzkoa Digitala programa dago. Programa horrek 650.000 euroko laguntza lerro berri bat aurreikusten du maila teknologiko altuko industria arloko ETEei (Enpresa Txiki eta Ertainak) beren erakundeetan dituzten datuak balioztatzeko prozesuetan laguntzeko, eta beste 650.000 euro, heldutasun digital baxuko ETEen digitalizazioaren inguruko proiektuak sustatzeko.

Gainera, Aldundiak beste bultzada bat emango dio banda zabal ultralasterra Gipuzkoa osora hedatzeari. 2.500 biztanletik beherako udalerrietan prozesua amaituko da eta kopuru horretatik gorako biztanleria duten udalerrietako eremu sakabanatuetan ezartzeko lanak esleituko dira.

Etorkizuneko proiektuak

Ekonomia Indartuz planaren nondik norakoak azaltzeaz gain, Olanok aurkezpen ekitaldian esan zuen Gipuzkoak ibilbide orri argia duela aurreko legegintzalditik, etorkizuneko ekonomia eraikitzeko, «Etorkizuna Eraikiz proiektuaren barruan dauden erreferentzia zentroen eta proiektu estrategikoen eskutik, dagoeneko aurrerapauso handiak egin baititugu».

Izan ere, berriki onartutako Gipuzkako Foru Aldundiaren aurrekontuek Mubil, Ziur, Adinberri, Naturklima, Labe, 2deo eta Elkar-Ekin egitasmoak aurrera eramateko urte anitzeko finantzaketa bermatzen dute. Halaber, balioan jartzen dira jadanik martxan diren bi proiektu hauek, Euskadi Next programaren barruan sartu direnak: Gipuzkoa Advanced New Therapies (Gantt) terapia aurreratuak eta Gipuzkoa Quantum teknologia kuantikoak. Gipuzkoako diputatu nagusiak berretsi duenez, proiektu horiek baldintza guztiak betetzen dituzte Europako finantzaketa jasotzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.