Maiatzaren Lehena

Auzitegiak babestu egin ditu Maiatzaren Lehenerako ezarritako itxiera perimetralak

EAEko Auzitegi Nagusiak ebatzi du Jaurlaritzaren debekua proportzionala dela eta ez duela oinarrizko eskubiderik urratzen. Epaileak dio mobilizazioetan parte hartzea ez dela jarduera profesional bat eta, beraz, ez dela sartzen gobernuaren salbuespenetan.

Sindikatuen auto karabana bat, Maiatzaren Lehenerako protestetara deitzeko. RAUL BOGAJO (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko apirilaren 29a
19:01
Entzun

Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak arrazoia eman dio Eusko Jaurlaritzari, eta pandemia dela-eta eremu gorrian bizi diren herritarrak ezingo dira beren herritik atera Maiatzaren Lehenerako mobilizazioetan parte hartzeko. Auzitegiaren arabera, mugikortasun debekua ondo argudiatu du Segurtasun Sailak. Ebatzi du alarma egoeraren babesean hartutako neurria dela, proportzionala dela, eta legedira ondo egokitzen dela, baita Espainiako Konstituziora ere. 

ELA eta CCOO sindikatuek jo zuten auzitara, eta, besteak beste, salatu zuten debeku horrek oinarrizko hainbat eskubide urratzen dituela: bereziki, biltzeko eskubidea eta askatasun sindikalarena. Horrekin batera, gogoratu zuten alarma egoeraren harira ezarritako mugikortasun debekuen artean Jaurlaritzak salbuespen gisa jasoa duela «jarduera sindikala». 

Luis Javier Murgoitio buru izan duen administrazio auzietarako epaimahaiaren iritzian, baina, sindikatuek aipatutako oinarrizko eskubideak ez ditu urratu Jaurlaritzak. Gogoratu du ez dagoela eskubide absoluturik, «oinarrizkoetan ere ez», eta horiek baldintzatuta egoten direla maila bereko edo handiagoko eskubideen erregimen edo funtzionamenduarengatik; kasu honetan, konstituzioan ere jasota dagoen alarma egoeragatik. «Alarma egoerari buruz indarrean dauden arauen helburua da, hain justu, COVID-19aren transmisiogatik hain egiazkoak diren arriskuak prebenitzea». Horren adibide gisa jarri ditu mugikortasun eskubideari jarritako debekuak, zeinek orobar eragiten dioten oinarrizko eskubide bati. 

Jarduera sindikalaren salbuespenaren inguruan, berriz, epaimahaiak bereizi egin ditu jarduera sindikala eta biltzeko eskubidea. Esan du Maiatzaren Leheneko mobilizazioetan parte hartzea ez dela bere horretan «jardun sindikal» bat edo ezin  dela hala dela frogatu, ez behintzat salbuespen zerrenda horretan jasotzen diren besteen moduko jardu profesionalen kasuan bezala. Gogoratu du, gainera, deialdiak irekiak direla, ez direla soilik afiliatuentzat.

«Askatasunen aurkakoa»

ELAk salatu du epaia «oinarrizko askatasunen aurkako erasoa» dela, eta berretsi du Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Iruñean iragarritako ekitaldiak «osasun neurri guztiak betez» egingo dituela. Sindikatu abertzalearen hitzetan, ezarritako murrizketak ez datoz bat egunero lanera joateko betebeharrarekin, «kasu askotan leku itxietan egiten baita, eta manifestazioak baino iraupen luzeagoarekin».

CCOOk, berriz, gogor kritikatu du auzitegiaren erabakia. Salatu duenez, Maiatzaren Lehenerako murrizketak «setio egoera bati dagozkio, alarma egoera bati baino gehiago». UGTk eta LABek ere salatu zuten Jaurlaritzaren jarrera, erabakiaren berri eman zuenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.