Lan gatazkak

ITP Aero Castingeko 87 kaleratzeak baliogabetu ditu EAEko Auzitegi Nagusiak

Abenduko erregulazioa indargabetu du, eta kaleratuak berriz hartzera behartu du enpresa. Zuzendaritza ez dago ados, eta helegitea jarriko du Auzitegi Gorenean.

ITP Aero Castings enpresako langileak EAEko Auzitegi Nagusiaren aurrean, epaiketaren egunean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko maiatzaren 4a
14:45
Entzun

ITP Aero Castingek —lehen, Precision Casting Bilbao— berriz hartu beharko ditu abenduko lan erregulazioan kaleraturiko 87 langileak. EAEko Auzitegi Nagusiak indargabetu egin du enpresaren erabakia, eta neurrian atzera egiteko obligazioa du. Epaileen arabera, enpresaren argudio ekonomiko eta produktiboek harreman zuzena dute COVID-19arekin, eta gogoratu dute ezin dela kaleratzerik egin pandemiak eragindako arrazoiengatik. Hiru epaileetako batek, baina, boz partikularra eman du. Haren ustez, kaleratze bidegabeak behar lukete. Horrek hauspotu egiten du enpresak helegitea jartzeko duen eskubidea.

ITP Aero Castingeko erregulazioaren hurrengo partida Espainiako Auzitegi Gorenean jokatuko da, enpresak helegitea jarriko duela jakinarazi baitu. Bitartean, kaleraturiko 87 langileak eta diziplina arrazoiengatik behin-behinean kaleraturik zeuden beste hiru Sestao eta Barakaldoko (Bizkaia) plantetara itzuliko dira aurki. Horez gain, urtarrilaren 7az geroztik, neurria indarrean sartu zen eguna, kobratu gabe dituzten soldatak jasoko dituzte.

Apirilaren 27an eginiko epaiketan langile batzordeko sindikatuetako (CCOO, LAB, UGT eta LAB) abokatuek hiru salaketa egin zituzten erregulazioa indargabetu zedin eskatzeko: fede txarra zegoela negoziazioan; kaleratuen aukeraketa ez zela objektiboa, alegia enpresak irizpide propioen arabera erabaki zuela nor kaleratu eta nor ez; eta, azkenik, koronabirusak zuzenean eragindako arrazoiengatik kaleratzeko debekua. Lehen bien zantzurik ez dute ikusi epaileek; hirugarrenean, aldiz, arrazoia eman diete.   

Ezusteko ebazpena izan da, iragan astean sala berak ontzat eman baitzuen Aernnova Aeroestructuras Alavako erregulazioa, eta hura ere aeronautikako enpresa da. Bi auzi, baina, inoiz ez dira berdinak; denek dituzte ñabardura propioak, eta, oraingoan, epaileen iritziz, ITP Aero Castingek erregulazioa egiteko arrazoien oinarria «ez da ekonomiko-produktibo estrukturala», pandemiak eragindako behin-behineko egoerarena baizik. Aernnovaren ebazpenean, aldiz, epaileek argi zioten aeronautikaren krisia estrukturala dela. Ez da ñabardura itxikia, hori baita azken finean sektoreak duen eztabaida, eta ebazpenak baldintzatu ere egin ditzake.

Epaileek puntu horren azalpen luze zabala ematen dute ebazpenean. Epaileek diote egia dela iazko azaroaren aurreko hiru hiruhilekoetan ITP Aerok ekoizpen jaitsiera izan zuela, baina hiru horietako azken biak ezin direla kontuan hartu, «pandemiarekin eta hark eragindako egoerarekin bat egiten dutelako», eta 2020ko lehen hiruhilekoa aurrekoak baino hobea izan zela. Gauzak hala, zaila iruditzen zaie onartzea zenbaki gorriko hiruhilekoak egon direla jarraian, eta, ondorioz, «harturiko neurriak neurrigabeak dira», eta ez da onargarria «lantaldearen bosten bat kaleratzea salmenta datu horiekin».
Jokaleku horretan, gogoratu dute Espainiako Gobernuaren irailaren 29ko lege dekretuak mugatu egiten dituela enpresek COVID-19arengatik kontratuak eteteko dituzten aukerak, eta epaileen iritziz enpresak ez du argudiatu «pandemiarekin harremanik ez duten arrazoirik». Maite Alejandro epailea, baina, ez da iritzi berekoa, eta harena da boz partikularra. Haren ustez, kaleratze bidegabea ebatzi beharko litzateke. Izan ere, erregulazioa egiteko arrazoi ekonomiko nahikoa ez egon arren, COVID-19arengatik kaleratzearen debekua «ezin da modu orokorrean erabili», batez ere enpresaren iraupena jokoan egon daitekeenean.

Sindikatuak, pozik

Sindikatuek ebazpenaren balorazio positiboa egin dute. CCOOk, esaterako —hark du gehiengoa batzordean—, «langileen konpromisoa eta borrokarako grina» goratu du. LABek, berriz, Jaurlaritzari eskatu dio ITPri exiji diezaiola helegiterik ez jartzeko, eta erakundeak gatazkan izandako jarrera kritikatu du: «Egin duen gauza bakarra Ertzaintza bidaltzea izan da langileak egurtzera eta guztiz zilegia zen lan borroka bat kriminalitzera». ELAk langileen borroka txalotu du, eta eginiko greba mugagabea goratu du —hilabeteko greba izan zen—. UGTren iritziz, azkenik, «justizia egin da».

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.