Enpresak

Elkargik ia 950 milioi euroko finantzaketa eman die euskal enpresei 2020an

9.000 enpresari eta 150.000 enpleguri eusteko ekinaldia izan da, "inoizko handiena". Operazio gehienak iazko apiriletik ekainera egin ziren, pandemiaren lehen kolpean. Elkarrekiko berme sozietatea Madrilen hasi da zerbitzua ematen, eta errentagarritasuna bilatuko du akziodun gisa sartuko den enpresetan, "enpresak sustraitzeko".

Elkargiko arduradunak, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakariarekin. BERRIA
xabier martin
2021eko maiatzaren 5a
11:52
Entzun

Josu Sanchez Elkargiko presidenteak ez du ikusten epe laburrera enpresa zonbiak ugaritzeko arriskua. Osasun krisia finantza eta ekonomia krisi bihurtu dela garbi esan du, baina finantzaketa nahikoa badela uste du, "nahiz eta sektoreka errealitatea aldatu egiten den". Eta finantzaketa nahikoa bada, hein batean behintzat, Elkargi elkarrekiko berme sozietateari esker da. 2020an, 948 milioi euroren operazioak egin zituen, eta, horiei esker, 9.000 enpresari eta 150.000 enpleguri eusteko laguntza eman zuen.

Operazio gehienak, iazko apirilaren eta ekainaren artean egin zituzten, inork espero ez zuen pandemiaren lehen kolpean; "azkar eman behar zen laguntza, eta azkar eman zen", esan du Sanchezek. "Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta beste erakunde batzuen lankidetzarekin, autonomoek eta enpresa txikiek behar zuten likidezia ematea lortu dugu, azkar eta eraginkortasunez". 

Aurten, berriz, hilabete bete da maileguen baldintzak aldatu eta horiek luzatzeko arau berria indarrean denetik, eta jadanik 4.600 eskari jaso ditu Elkargik luzapen hori lortzeko. Ia 500 milioi euroren itzulketaren epea luzatu dute enpresek, eta, dagoeneko, eskarien %93 gauzatu ditu elkarteak. Gainera, urteko lehen hiruhilekoan, beste 115 milioi euroko finantzaketa operazioak itxi ditu.

"Elkargin ez gara dagoeneko bermeen neska-mutilak", esan du Zenon Vazquez zuzendari nagusiak. Bermeak emateaz gain, Elkargin mota guztietako zerbitzuak ematen dituztela esan nahi izan du horrekin: aholkularitza kudeaketan, esportazioan, baimenetan... Eta Elkargi, aurrerantzean, enpresen kapitalean sartzeko erabakia hartu duela ere islatzen du esaldiak. "Betiere errentagarritasuna bilatuko dugu sartzen garen enpresa horren parte hartzeetan. Parametro zehatzekin ariko gara, kaudimen nahikoa duten enpresetan, eta gure errekurtsoen %25 baino gehiago inbertitu gabe", azaldu du Vazquezek. "Euskal enpresen sustraitzea sendotzen lagunduko dugu, Guk konpainiarekin egin dugun moduan". Euskal enpresen sustraitzea laguntzea ez da oztopo, elkarrekiko berme gisa zerbitzua ematen hasteko Euskal Herritik kanpo. Izan ere, Elkargi hasi da jadanik bermeak ematen Madrilen.

Urkullu: "Osasunak du lehentasuna"

Aurreko urtearen bukaeran, 21.736 bazkide zituen Elkargik, urte bakarrean 6.100 gehituta. Enpresa txiki eta ertainak zein automoak dira bazkide horiek. Elkarrekiko berme sozietatea txertoei begira dago susperraldiaz hitz egin ahal izateko, baina Sanchezek berak aitortu du atzeratzen ari dela susperraldi hori. Dena den, laguntza finantzarioa hor dagoela uste du, eta hori gabe ezingo dela hazkunde egonkor bat lortu. Hari horri helduta, Europako funtsak atzeratzen ari direla esan du, eta kritika gogorra egin die "ez oso urrun" gertatzen ari diren liskar politikoei, Espainiako egoera politiko nahasiari erreparatuz.

Elkargiren Batzar Nagusia egin dute gaur, eta, hura hasi aurretik, Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk eskerrak eman dizkio erakundeari, eta garbi utzi du COVIDari aurre egiteko murrizketak eragina izaten ari direla ekonomian eta enpresetan, baina "lehentasuna duena osasuna eta bizitza" dela. "Susperraldi osoa hiru urtean gertatuko da: 2022ko amaieran, EAEren BPGak galdu duen guztiak izango du berriro, eta %2 handiagoa izango da". Gogoratu du aurten %6,7ko hazkundeari eusten diola Jaurlaritzak, eta 2022rako %5,7koa aurreikusi duela. "Egoera susmatu ere ez genuen egin; pandemia globala da", esan du. Hala ere, "Euskadik kaudimen nahikoa" duela helerazi die entzun dioten enpresen arduradunei; besteak beste, herrialdeetako patronaletako buruei. "Ez ditugu hipotekatuko belaunaldi berriak".

"Inguruneak duen baino egoera hobea" ikusten du Urkulluk Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, industria gehiagorekin, esportazio gehiago egiten dituen ekonomiarekin, esaterako, eta eredu hori "indartzeko garaia" dela esan du, "kolaborazio publiko-pribatuaren bidez". Horren adibide jarri du Elkargik euskal enpresen sustraitzea laguntzeko, enpresen kapitalean sartzeko hartu duen erabakia. Ekitaldia amaitu ondoren, Urkulluk adierazi du alarma egoera bukatzeak eragina izan dezakeela euskal ekonomian ere, osasun arloan eragina izaten badu; alegia, ekonomiak hartu duen goranzko joera oztopa dezakeela egun indarrean dauden mugak kentzeak.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.