Kolonbia

Elkarrizketen zain, protestek ez dute etenik

Azken zortzi egunetako manifestazioetan, gutxienez 31 lagun hil ditu Poliziak, eta mila inguru zauritu. Gobernua hainbat erakunderekin bildu da, baina oraindik ez grebarako deia egin duten taldeekin.

Gobernuaren aurkako manifestariak, atzo, Medellinen. LUIS EDUARDO NORIEGA A. / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko maiatzaren 6a
13:44
Entzun

Apirilaren 28ko greba orokorretik eten ez den protestak zortzi egun bete zituen atzo Kolonbian, eta herritarrek zortzigarrenez bete zituzten kaleak. Gobernuaren politika ekonomiko eta sozialak aldatzeko eskaerei, gainera, beste aldarri bat gehitu zaie: «Biolentzia gehiago ez». Izan ere, ohikoak dira motoetatik eta autoetatik tiroka ikusten diren polizien irudiak. Horiek gutxienez 11 lagun hil dituzte azken astean, herrialdeko fiskaltzaren arabera; gutxienez 31, Indepaz Garapenerako eta Bakerako Ikerketen Institutuaren esanetan. Horiez gain, arartekoak azaldu du beste 51 lagun desagertuta daudela.

Bogota, Medellin, Cali, Ibague, Bucaramanga… Herrialdeko hiri nagusietan egin dira protestak, eta denetan gogor erantzun du Poliziak, mila zauritu inguru utzita. Temblores gobernuz kanpoko erakundearen arabera, gutxienez 1.443 polizia indarkeria kasu baieztatu dituzte azken astean; tartean, 110 tiroketa eta 814 «atxiloketa arbitrario». Horrez gain, hogei lagunek begi bat galdu dute, eta beste hamar poliziek egindako sexu erasoen biktima izan dira.

Bogotako alkate Claudia Lopezen esanetan, atzo hirian 30 zibil eta hamasei polizia zauritu ziren manifestarien eta segurtasun indarren arteko liskarretan. Indepazen arabera, ordea, errepresiorik handiena Cauca Ibarreko departamenduan —Cali du hiriburua— izan da, zenbatutako hilketen %80 han erregistratu baita. Han, talde indigenek ere indar hartu dute protestetan. Oraingoz, ordea, horietako hiru besterik ez ditu eraman fiskaltzak auzitegietara. Kasu horietan, hainbat polizia inputatu dituzte, erailketa delituak egotzita, Francisco Barbosa fiskal nagusiaren esanetan.

Halere, Ivan Duque presidentearen gobernuak uko egon dio segurtasun indarrek «gehiegizko indarra» erabili izana onartzeari, eta legez kanpoko talde armatuengan jarri du fokua. Indepazen arabera, ordea, «mugikorrekin grabatu diren irudiek» aurkako erakusten dute, eta erakundeak eskerrak eman dizkie horien atzean daudenei, gaia nazioartekotze duten balioagatik.

Kolonbiako segurtasun indarren jarrera kritikatu dute nazioarteko hainbat erakundek ere. NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresek «kezka» adierazi du «giza eskubideen urraketen» aurrean. ALBA Amerikarako Aliantza Bolivartarrak, berriz, adierazi du jarrera horrek ez dituela herrialdeko «protesten oinarrian dauden arazo estrukturalak» konponduko: «Biolentzia mota oro gaitzesten dugu, eta Kolonbiako herriaren bakearen aldeko botoak egiten, elkarrizketa eta zuhurtzia nagusi izan daitezen».

Erreforma baino gehiago

Mobilizazioak Duquek bultzatako zerga erreformaren aurkako protesta gisa hasi ziren, txiroenengan ondorio larriak izan zitzakeela argudiatuta. Gobernuak hirien militarizazioarekin erantzun zuen lehenik, baina herritarrek behin eta berriro kaleak bete izanaren ondorioz, presidenteak atzera egin zuen asteburuan, eta Ogasun ministro Alberto Carrasquillak dimisioa aurkeztu. Manifestazioek, ordea, aurrera jarraitu dute, gobernuaren politika ekonomiko liberalez eta lehen egunetako polizia indarkeriaz kexu.

Giroa baretzeko asmoz, Duquek «oinarrizko gaien inguruko agendan aurrera egiteko bilera erronda» hasi zuen atzo, herrialdeak dituen arazoez hitz egiteko asmoz. Gobernuaren arabera, besteak beste, jada elkartu dira unibertsitateen ordezkariekin, komunitateetako buruekin, eta hainbat gobernadore eta alkaterekin. Elkarrizketen lehen egunean, ordea, ez zituen mahaira deitu ez sindikatuak, ez oposizioko alderdiak. Juan Fernando Cristo Barne ministro ohiak kritikatu duen zerbait: «Ez dut ulertzen zergatik ez den gaurtik [atzo] hasi Greba Batzordearekin biltzen, akordioak bilatzeko. Elkarrizketa serio baten zain daude 2019tik». Izan ere, duela bi urte eta iaz ere deitu zituzten protestak. Ideia horrekin bat egin du Bogotako alkateak ere, argudiatuta «kalean daudenekin» hitz egin behar dela: «Gazte horiei eskaini behar die gobernuak su-eten bat. Mina eta haserrea gora doaz. Onartu beharra dago abusuak egin direla bi aldeetan».

Gobernuko bozeramaile Miguel Ceballosen esanetan, ordea, Greba Batzordea ere gonbidatu dute asteleheneko elkarrizketara. Gerora ere, hilaren 20ra arte, beste hainbat erakunderekin elkartzea ere espero dute.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.