ESKUBALOIA

Bera Bera txapeldun

Donostiako taldeak 30-20 hartu du mendean Elx, eta zazpigarren aldiz irabazi du Espainiako Liga. Hogeigarren titulua du

Bera Berako jokalariak, titulua ospatzen. JON URBE / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 8a
20:21
Entzun

Super Amara Bera Berak aspaldi utzi dio aurkariek egiten dutena erreparatzeari. Bere lanari besterik ez dio axola. Aspaldi barneratu zuen bere lana ondo eginez gero, saria jasoko zuela. Eta halaxe dabil aspaldian: bikain ereinez, eta uzta oparoa bilduz.

2007an, L’Elianan (Herrialde Katalanak) Espainiako Kopa irabazi, eta garaipen zerrenda betetzen hasi zenetik, makina bat titulu eskuratu ditu. Gaur, etxean, Elxi 30-20 irabazita patrikaratutako Espainiako Ligarekin, zenbaki biribila osatu du: hogeigarren titulua du. Hau da banaketa: zazpi aldiz irabazi du Liga eta Superkopa, eta sei bider Kopa. Ikusgarria da, baina are eta ikusgarriagoa da aspalditik daraman erregulartasuna. Izan ere, azken hamabost urteetatik hirutan bakarrik ez da izan txapeldun lehiaketaren batean: 2010ean, 2011n eta 2017an. Beste hamabi urteetan gutxienez titulu bat eskuratu du. Azken hamar urteetan lortu ditu gehienak: hamabost. Hots, hamarkada bat darama punta-puntan, eta horrek sekulako meritua du. Balentria da. Baina ezer ez da kasualitatea. Lan handia eta makina bat sakrifizio daude horren atzean, pistan eta pistatik kanpo.

Liga da txapelik garrantzitsuena. Bederatzi hilabete luzeetan egindako lana saritzen du. Zazpi ditu irabaziak Donostiako taldeak. Era ikusgarrian eskuratu ditu azkeneko biak. Ez du partida bakar bat ere galdu. 36 jokatu ditu, eta 32 irabazi ditu, eta lau bakarrik berdindu. Ikaragarria da datua: ia bi urte darama galdu gabe.

Iaz, koronabirusaren pandemia dela eta, ez zituzten jokatu azkeneko sei jardunaldiak, eta Espainiako Eskubaloi Federazioak Bera Bera jo zuen txapeldun. Apenas egon zen desadostasunik. Ordurako Bera Berak ondo bideratuta zuen txapela, lau punturen aldea baitzuen bigarrenarekiko, Elx. Etxean sartuta ospatu zuen taldeak titulua, banatuta, pantaila bati begira. Horrek sentipen gazi- gozoa utzi zuen.

Gozoagoa utzi du aurtengoak. Pistan ospatu ahal izan dute taldeko kide guztiek lorpena, elkarrekin; nola, eta hamaikagarren erakustaldia emanda: aukerarik ez diote eman Elxi. Hasi eta buka nagusitu dira donostiarrak. Atsedenaldian jada erabakita utzi dute partida: 17-8. Baina ospakizuna ez da betea izan. Senitartekoak izan dituzte ondoan, baina ez zaleak. Ziur topatuko dutela modua lortutakoa elkarrekin partekatzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.