ATHLETIC 2-2 OSASUNA

Puntu banaketa derbian

Athletic bitan aurreratu da, baina Osasuna gai izan da bietan berdintzeko. Zuri-gorriek ia agur esan diote Europarako sailkatzeko aukerari. Gorritxoek, berriz, matematikoki eutsi diote mailari

Athleticeko eta Osasunako jokalariak, lehian, gaur, derbian, San Mamesen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 8a
23:08
Entzun

Athleticeko jokalariak, burumakur, eta Osasunakoak, pozik. Halaxe amaitu da zuri-gorriek eta gorritxoek gaur gauean San Mamesen jokatutako derbia. Sari bera izan dute bi taldeek, puntu bat, baina oso bestelakoa izan da biei utzi dien aho zaporea. Izan ere, berdinduta, Athleticek ia agur esan dio Europarako sailkatzeko aukerari. Zortzigarren postuan dago sailkapenean, baina bost puntura du zazpigarren sailkatua: Betis. Espainiako taldeak lau partida ditu jokatzeko, eta zuri-gorriek hiru. Beraz, Betisek sekulako txalalaldia eduki ezean, Athleticek ez du jokatuko Europan datorren denboraldian. Osasunak, berriz, bete du helburua: mailari eustea. Gaur ziurtatu du matematikoki beste urtebetez Espainiako Lehen Mailan jokatzea.

Athletic izan da nagusi. Bitan jarri da aurretik, baina bietan izan da gai Osasuna berdintzeko. Neurketa hasi eta minutua bete ez zenean, Morcillok sartu du lehen gola, Berenguerrek eta Villalibrek egindako jokaldia bikain amaituta. Baina gutxi iraun die poza etxekoei, hamar minutu geroago, Brasanacek banakoa lortu baitu, Athleticen defentsaren hutsa baliatuta. 

Bigarren zatian, berriro jarri da aurretik etxeko taldea. Sancetek sartu du 2-1ekoa, 61. minutuan, Berenguerrek eskuinetik egindako erdiraketa buruz errematatuta. Baina Osasunak ez du etsi, eta lanean jarraitu du, berdinketa lortzeko asmoz. Eta lortu du, partida amaitzeko bost minutu falta zirela. Budimirrek sartu du binakoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.