Palestina

Israelek berriz ekin dio Gaza bonbardatzeari

Dagoneko 28 dira bonbardaketetan hildakoak. 5.000 militar mobilizatu ditu Israelgo Defentsa Ministerioak, eta Gazako hesiaren inguruetara bidali. Hamasek bi emakume israeldar hil ditu Askelon, hiriaren aurka koheteak jaurtita.

Bart gaueko bonbardaketaren irudi bat, Gazan. MOHAMMED SABER / EFE
Paulo Ostolaza.
2021eko maiatzaren 11
09:52
Entzun

Egunak argitu ahala, Gaza bonbardatzeari ekin dio berriz Israelek. Gaur arte gutxienez 24 lagun hil zituen bonbardaketetan, eta beste bi heriotzaren berri eman dute Gazako osasun agintariek goizean. Maan Palestinako berri agentziak zabaldu duenez, Jihad Islamikoa miliziako kideak dira bi hildakoak, eta, horiekin batera, milizia horretako beste kide bat larri zauritu dute. Jihad Islamikoak ez du halakorik baieztatu, ordea. Bonbardaketa berean, bost zibil zauritu dituzte, eta ospitaleratu egin dituzte. Kopuru hori eguneratu du arratsaldean Gazako Osasun ministerioak, esanez dagoeneko 28 direla Israelen erasoen eraginez hildakoak; tartean, hamar haur.

Hamasek koheteak jaurtiz erantzun dio Israelen erasoaldiari. Al Jazeera atariak zabaldu duenez, 30 minutuan 70 kohete baino gehiago jaurti dituzte Gazatik Jerusalem aldera. Joan den astelehenetik 300 kohete inguru bota dituzte Hamasen kontrolpeko eremutik. Tel Avivek Al-Aqsako meskitan bildutako palestinarrei eraso ostean hasi ziren Gazatik koheteak jaurtitzen. Haaretz egunkariak zabaldu duenez, azken orduetan bi emakume israeldar hil dira eraso horien ondorioz.

Israelen eta Palestinaren artean azken egunetan pilatutako tentsioak eragin ditu lehen hildakoak: bart Israelgo Armadak Gaza bonbardatu zuen, eta, gutxienez, 24 lagun hil, haietako hainbat, haurrak —gutxienez, bederatzi—. Palestinako Osasun Ministerioaren arabera, 65 pertsona ere zauritu zituzten. Armadak jakinarazi duenez, azken orduetan 140 helburu bonbardatu ditu Gazan, eta operazioak «hainbat egun» iraun ditzake.

Bereziki odoltsua izan zen atzoko eguna Palestinan: Ilargi Gorriaren arabera, Israelgo Poliziak Al-Aqsa meskitan egindako eraso batean gutxienez 215 lagun zauritu zituen, eta 153 ospitaleratu behar izan zituzten. 

Kaleko liskarrek aireko erasoei eman zieten bide iluntzean. Goizaldeko gertakariei Gazatik suziriak jaurtita erantzun zien Hamas erakunde islamikoak, ordu gutxi geroago. Aurretik, erakundeak Israeli eskatu zion haren tropak Al-Aqsa meskitatik ateratzeko arratsaldeko seiak baino lehen. Meskita hori leku sakratua da islamarentzat.

Arabiar Ligak gogor gaitzetsi du Gazaren aurkako erasoaldia. «Erabat arduragabea» izan dela salatu du Ligako buru Ahmed Abul Gheitek. «Israel da Gazan eta Jerusalemen indarkeriak gora egin izanaren erantzulea, eta nazioarteak neurriak hartu beharko lituzke». Hain zuzen ere, Israelen jarrera gaitzesten duen oharra onartzen ahalegindu zen bart NBE Nazio Batuen Erakundea, baina AEBek oztopatu egin zuen urratsa, eta azkenean soilik Hamasen kohete jaurtiketa jaso zuen mezuak.

2014. urteko gerraz geroztik, suzirien aurkako sirenak lehen aldiz piztu ziren Jerusalemen atzo, eta hiritarrek babeslekuetan babestu behar izan zuten. Zazpi suziri identifikatu zituztela jakinarazi zuen Israelgo armadak. Izan ere, atzokoa data seinalatua zen israeldarrentzat: Jesuralem Eguna zen —egun beltza palestinarrentzat—, eta egun horretan ospatzen dute 1967ko gerran hiriaren ekialdeko partea konkistatu izana. Hori dela eta, kaleak jendez gainezka zeuden. 

Tentsio handiko eguna izaten da urtero, eta, atzo, ohi baino beroago hasi eta amaituko zela espero zen. Talde ultraortodoxoek martxa batera deitu zuten arratsalderako. Jerusalemgo Hiri Zaharrerako pasabide nagusia den Damaskoko Atera joateko asmoa zuen martxak, baina Poliziak ibilbidea aldarazi zien deitzaileei, liskarrak eragozteko.

Ramadanarekin batera

Ramadanarekin batera hasi ziren lehen istiluak Jerusalemgo Hiri Zaharraren inguruan, apirilaren 14an. Al-Aqsa meskitaren inguruan elkartu dira musulmanak egunotan. Leku sakratua da haientzat Al-Aqsa, eta, otoitz egin ondoren, meskitaren atarian elkartu ohi dira. Israelgo Poliziak galarazi egin izan die, ordea, pandemiaren aurkako neurriak argudiotzat hartuta, eta horrek sumindu egin ditu palestinarrak. 

Zenbait egunetan tentsioa zertxobait apaldua izan ostean, iragan asteburuan gainezka egin zuen berriz ere. Ostiraletik larunbaterako gauean 200 lagun zauritu zituen Poliziak Meskiten Zabalgunean, Al-Aqsa meskitaren inguruan, eta gaur goizean ere han izan dira istiluak. Al-Jazeera hedabidearen arabera, Polizia meskitaren barruan zeudenak kanporatzen ahalegindu da, baina ez du lortu, han zeudenek aurre egin baitiote. Liskarrak izan dira eraikinaren barrualdean eta kanpoaldean, eta Jerusalemgo Hiri Zaharreko beste zenbait lekutara ere hedatu dira; batez ere, Xeikh Jarrah auzora.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.