Ipar Irlanda

Ballymurphyko sarraskiko biktimak errugabeak zirela ebatzi dute

Siobhan Keegan epaileak jakinarazi du hilketak «justifikaziorik gabeak» izan zirela, eta zibilek ez zutela harremanik talde paramilitarrekin. 1971ko abuztuaren 9 eta 11 bitartean, Erresuma Batuko soldaduek hamar lagun hil zituzten Belfasten.

Ballymurphyn izandako sarraskia gogoratzen duen murala, Belfasten, artxiboko irudi batean. BERRIA
ander perez zala
2021eko maiatzaren 11
13:16
Entzun

Mende erdiko borrokaren ostean, Ballymurphyko sarraskian hildakoen ahaideek urte luzez espero zutena entzun dute: hamar biktima errugabeak zirela, eta horien heriotzak «justifikaziorik gabeak» izan zirela.

1971ko abuztuaren 9tik 11ra, 36 orduan, Erresuma Batuko armadaren paraxutisten erregimentuak hamar zibil hil zituen —gerora hil zen beste bat, ospitalean—, IRA Irlandako Armada Errepublikanoko kideak atxilotzeko operazio batean; garai hartan, soldaduek baimena zuten IRAko boluntarioak atxilotzeko, eta gero horiek epaiketarik gabe espetxeratzeko.

Ikerketa ofizialaren arabera, hildakoak «terroristak» ziren, eta horrek libratu egin zituen Ipar Irlandako hiriburuan egon ziren soldaduak; senideentzat, baina, «iraina» izan zen ondorio hori. Bloody Sundayn (Igande Odoltsua) gertatu ez bezala, Belfast mendebaldeko Ballymurphy auzoan ez zen izan ez kazetaririk ez kamerarik, eta inork ez zuen dokumentatu gertaturikoa.

Gaur jakinarazitako ondorioetan, ordea, Siobhan Keegan epaileak ebatzi du hamar hildakoak ez zirela talde paramilitar bateko kide, ez zutela armarik eskura eta ez zirela Erresuma Batuko militarrentzako mehatxu; hala, egun horietan 11 lagun hil zituzten arren, Keeganek ondorioztatu du horietako bat ez zutela soldadu britainiarrek hil.

Zehazki, Keeganek azaldu du hamar heriotzetako zazpitan «neurriz kanpo» erabili zela indarkeria, eta kritiko agertu da garai hartan gainontzeko hirurak ikertu ez zirelako. Are, bere ikerketak eta testigantzek iraun bitartean Erresuma Batuko armadak emandako froga eskasiaz ere ohartarazi du.

Epailearen sententziak poza eragin die ahaideei, eta txaloak ere entzun dira auzitegi barruan, erabakiaren irakurketaren berri ematen aritu diren hedabideek azaldu dutenez; hala, Keeganek espero du epaiak «bakea emango diela familiei». Ebazpenaren berri izan ostean, senideek jakinarazi dute «euforiko eta lasai» daudela: «Beti jakin izan dut nire aita errugabea zela, baina orain munduak ere badaki. Emozionala izan da, bide luze-luzea izan da, 50 urte itxoin behar izan dugu», adierazi du Joseph Murphyren alaba Janet Donnellyk.

Politikagintzatik, Michelle O'Neill Ipar Irlandako lehen ministrordeak adierazi du gaurkoa «biktimentzako eta egiarentzako eguna» dela: «Ballymurphyn gertaturikoa estatu hilketa bat izan zen, eta, hamarkada luzez, britainiar gobernuak ezkutatu egin du hori». Naomi Long Justizia ministroak, berriz, esan du Erresuma Batuko Gobernuak barkamena eskatu behar duela Ballymurphyn gertaturikoagatik.

Mende erdi iraun duen ahaideen presio kanpainak fruitu zenbait eman zituen 2016an, Ipar Irlandako auzitegietako presidente Charles Declan Morganek gomendioa eman baitzuen Ballymurphyn gertaturikoa argitzeko ikerketa bat abiatzeko; gobernuak finantzaketaz eztabaida handia izan ostean, justiziak 2018ko urtarrilean baieztatu zuen martxan jarriko zutela.

Urte hartako azaroan hasi ziren lekukotzak entzuten, eta hainbat soldadu ohiren testigantzek berebiziko garrantzia hartu zuten. C4 deiturikoarenak, esaterako —73 urte ditu—, adierazi zuen Ballymurphyn «hilketak» ikusi zituela egun horietan: «Ekintza terroristekin zerikusirik ez zuten zibilei tiro egin zieten». Hura ez zen paraxutisten erregimentuko soldadua, baina egun horietan Ipar Irlandan zegoen, familia bisitatzen.

2019ko martxoan, berriz, Geoffrey Howlett jeneral ohiak —91 urte ditu— azaldu zuen bere soldaduek uste zutela «lana ongi» egin zutela 1971ko egun horietan, eta «pixka bat kitzikatuta» zeudela, baina «ez hilketengatik».

Haren iritziz, Ballymurphy auzoan tiro egin zieten zibilak ez ziren IRAko boluntarioak, baina egun horietako giroa «gerretakoen antzekoa» zen. W97 deituriko lekukoak ere —soldadu ohiak— oroitzapen hori du, martxoaren 19an azaldu zuenez; esperientzia «beldurgarri bat» aipatu zuen: «Gure baseari tiro egin zioten, oso gogor. Benetan oso beldurgarria izan zen». Urteotan gogoratzen duenaren arabera, tiroketek «hainbat ordu» iraun zuten.

Ehun lekuko; besteak beste, Gerry Adams

Denera, epaileak 100 testigantza baino gehiago entzun ditu iragan urteko martxora arte; besteak beste, 60 soldadu ohirenak, 30 zibil baino gehiagorenak eta balistikan eta patologian aditu direnenak. Gerry Adams Sinn Feinen buruzagi ohiak ere eman zuen bere lekukotza.

Besteak beste, auzi hauek aztertu dituzte urte eta erdi iraun duen prozesuan: zer egoeratan hil ziren biktimak; nolakoak izan ziren Erresuma Batuko armadaren operazioaren helburua, plana eta kontrola; zenbaterainoko indarkeria hilgarria erabili zen operazioan; eta biktimek premiazko laguntza medikoa jaso ahal izan ote zuten.

1971ko abuztuaren 9an, Hugh Mullan apaizari eta Frank Quinn gazteari Belfast mendebaldeko Springfield Park inguruan egin zieten tiro; Mullan, hain justu, zaurituriko zibil bati lagundu nahian ari zen, eta zapi zuri bat zuen eskuan.

Horiez gain, Divismore Parken, Erresuma Batuko armadaren kuartel baten kanpoan, soldaduek Noel Philips gazteari, Murphyri, Joan Connollyri eta Daniel Teggarti egin zieten tiro; epaileak adierazi du balitekeela inguruan IRAko boluntarioak tiroka egotea, baina ez dagoela frogarik biktimak talde paramilitarrarekin lotzeko.

Azkenik, hurrengo egunean, militarrek Eddie Doherty hil zuten Whiterock kalean, hari ere tiro eginda, eta, abuztuaren 11n, Whiterock Roaden, Joseph Corr eta John Laverty hil zituzten. John McKerr gerora hil zen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.