Erakusketa

Ibarrolaren 1970eko hamarkadako artelanak erakutsiko dituzte Bilbon

Itsasmuseumek artista bizkaitarraren hamazazpi olio eta hogei bat marrazki bildu ditu ‘Ibarrola itsasadarrean, ura, burdina, sua eta airea’ erakusketan. Bilboko Itsasadarreko langileak agertzen ditu

Agustin Ibarrolaren erakusketa aurkeztu dutenak, goizean. FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko maiatzaren 11
16:48
Entzun

Omako basoko (Kortezubi, Bizkaia) trazu eta figurak datoz gogora, bereziki, Agustin Ibarrola aipatzen denean. Land art edo naturako artearen «maisu» gisa ezaguna da artista bizkaitarra, haren seme Irrintzi Ibarrolak dioenez, eta arbola margotuekin edota naturan eginiko beste hainbat esku hartze artistikorekin lotzen da gehienetan. Alabaina, bestelako fazetak ere baditu Ibarrolaren lanak, eta haietako batzuek eragin zuzena izan zuten obra ezagunenak ontzeko moduan: 1980. hamarkadan sortu zuen Omako basoko artelana, baina aurreko hamarkadan findutako estilo batean. Urte horietako ekoizpenaren lagin batzuk bildu dituzte Ibarrola itsasadarrean, ura, burdina, sua eta airea erakusketan: Irrintzi Ibarrolak komisariatu du, eta «bereziki interesgarria» begitantzen zaio, hain justu Ibarrola ezagunena «eklosionatu» aurreko lanak erakusten dituelako. Bilboko Itsasmuseumen ikusi ahal izango da, 2022ko urtarrilera bitarte. Erakusketak eta haren katalogoak Laboral Kutxaren babesa izan dute.

Formatu handiko hamazazpi olio eta hogei bat marrazki batu dituzte Itsasmuseumeko aretoetan. Bilboko itsasadarrean bizi eta lan egiten zuten beharginek eta familiek ardazten dituzte artelanak: mineral kargalekuak, ontziolak, dikeak eta galdategiak agertzen dituzte pinturek, besteak beste. Uraren urdina arraunlarien eta txaluparen kolore granatearekin uztartzen da zenbaitetan, eta langile baten figura grisa habe marroiek osatutako estruktura ilun batean ageri da beste batzuetan. Arkatzez margotuta daude, aldiz, hainbat saregile, lurrean jesarrita eta bizkarra uzkurtuta, sareak josi eta josi.

«Memoriaren berreskurapen ariketa bat da», Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu eta museoko presidentearen hitzetan. «Bizkaiko artistarik esanguratsuenetako baten erro humanista eta sozialak agertzen dira, baita justiziaren eta berdintasunaren inguruan zituen kezkak ere». Halaber, Ibarrolak jardueren «aniztasunarekin» zuen «konpromiso irmoa» azpimarratu du foru diputatuak, eta nabarmendu du erakusketaren protagonistak direla, orobat, garaiko «hiriaren, gizartearen eta ekonomiaren eraldaketa».

Trantsizio garaia

Obrak duen izaera soziala Agustin Ibarrolak berak onartua du, erakusketako katalogoak jasotzen duenez. Hala zioen duela urte batzuk: «Agian langileen semea izateagatik eta neu ere beste horrenbeste izateagatik, beti interesatu izan zait gizakiak bere lanarekin taxutu izan duen guztia. Gaztetatik agertu izan da nire pinturetan fabriken, tresnen eta artisau formen mundua, euren ehundurekin, materialtasunarekin eta koloreekin». 1970. hamarkadan ere ildo horri jarraituz ondu zituen bere lanak, baina ardura soziala «hizkuntza berri batean» erakutsi zuen, Irrintzi Ibarrolak azaldu duenez.

Frankismoaren aurkako «borrokan» Ibarrolak garatu zuen estiloa aletu du semeak: «Arte soziala, errealismo sozialista, estilo brutalista, herriaren irudiak». Diktadura bukatzerakoan, trantsizio politikoarekin batera artistikoa egin zuen sortzaileak, Irrintzi Ibarrolaren arabera. Hala, 57 Taldearekin batera garatutako «hizkuntza analitiko eta abangoardista» berreskuratu zuen artistak, eta espazio plastikoaren elkarreragina kontzeptuaren «bertsio propioa» egin zuen: «Lehen lerrora ekarri zituen marren arteko erlazioak, eta planoen elkarreragina zuen helburu. Aldarrikapenak kontzeptu analitikoekin batu zituen: marrak eta kolore oso biziak, berriro ere». Aro «emankorra» izan zen, dioenez.

Artean gazteegia zen Irrintzi Ibarrola, baina anaiak kontatu izan dio garai horretan nola ibiltzen zen aita: «Harriduraz bizi izan genuen. Aurreko garaietako koadroak astoan kokatzen zituen berriz, eta abangoardia estetikoetako elementuak txertatzen zituen, berreskuratu berri zituenak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.