Katalunia

ERC eta JxC negoziazio mahaira itzuli dira, CUPi esker

Lau puntuko «gutxieneko» akordio bat sinatu dute hiru alderdiek. Estrategia independentista baten eraketaren inguruko elkarrizketak ez dituzte nahastuko Aragonesen inbestiduraren gaineko negoziazioekin. 

Sergi Sabria ERCko eleduna, gaur eguerdian. TONI ALBIR / EFE
2021eko maiatzaren 12a
16:42
Entzun

Etenda zeuden ERCren eta JxCren arteko negoziazioak berpiztea lortu du CUPek. Hiru alderdiek «gutxieneko» lau puntuko akordio bat adostu dute negoziazioak errazteko. Halere, ez dago oraindik ERCko zerrendaburu Pere Aragones Kataluniako presidente inbestitzeko akordiorik. Alderdiek hilaren 26ra arteko epea dute horretarako, bozak berriz egin nahi ez badituzte.  

Hiru alderdiek konpromisoa adierazi dute «Kataluniako gizartearen babesa duten baina estatuaren markoan kabitzen ez diren oinarrizko eskubideen defentsarako horma bat eraikitzeko», «krisi ekonomiko eta sozialari erantzun bat emateko», «autodeterminazioaren aldeko akordio nazional handi bat» babesteko eta, «gobernagarritasunetik haratago, estrategia independentistaren gaineko elkarrizketa espazio bat» sustatzeko. 

Argitaratutako komunikatuan, hiru alderdiek gehitu dute otsailaren 14ko bozek «askapen nazionalerako ziklo berri bat irekitzeko aukera» ematen diotela independentismoari. Gauzak hala, eta erreferendum berri bat helburu hartuta, akordio nazional bat lortzeko bilera batera deitzeko ardura hartu dute. Han parte hartuko lukete, alderdiez gain, gizarte mugimenduek eta bestelako erakunde independentistek ere: «Elkarrizketaren bidez eta estatuaren aurkako oldarraldi demokratiko baten bidez datorren legealdian autodeterminazioa eta amnistia lortu daitezkeen konpromiso argiarekin».

Elkarrizketak hasi zituztenetik hizpide izan dituzte gai horiek, baina bada aldaketa nabarmen bat: hemendik aurrera, prozesu independentistaren eta Errepublikaren Kontseiluaren inguruko elkarrizketak ez dira Aragonesen inbestiduraren gaineko negoziazioei lotuak egongo. Hori izan da ERCk eta JxCk akordio bat erdiestea zaildu duten arazoetako bat. Carles Puigdemont Kataluniako presidente ohiaren alderdiak ezinbestekotzat jo du orain arte gobernu berriaren eraketa estrategia independentistaren antolaketaren pean kokatzea. Horrek JxCrekin koalizioan gobernatzeko aukerarik ez dagoela esatera bultzatu zuen Aragones.

CUPek mahaian esertzera bultzatu ditu bi aldeak, baina ikusteko dago horrek fruiturik emango ote duen. Izan ere, ez dago garbi JxCk koalizio gobernu batean sartu nahiko duen baldintza horiekin, edo ERCk bakarrik gobernatzeko modua emango duen. Bi kasuetan ere, adostasun bat lortzea beharrezkoa dute.

Hori bultzatzeko asmoz, ANCk manifestazio batera deitu du iganderako, Horrela ez! Gobernatu nahi dugu lelopean. Elisenda Paluzie lehendakariak adierazi du otsaileko hauteskundeetan independentistek botoen erdiak baino gehiago eskuratu izanak «ilusioa» piztu zuela, baina azken asteetan alderdiek izaniko jarrerak oso bestelako sentimenduak agerrarazi dituela: «haserrea eta etsipena».
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.