Pilota

Rezusta eta Artola, final-laurdenetara

Rezustak 14-22 irabazi dio Bengoetxea VI.ari, eta Artola 22-18 gailendu zaio Agirreri.

Iñaki Artola, gaur, garaipena ospatzen Bilboko Bizkaia pilotalekuan. ARITZ LOIOLA / FOKU
2021eko maiatzaren 16a
20:12
Entzun

Buruz Buruko Txapelketako final-laurdenetan izango dira Beñat Rezusta eta Iñaki Artola. Gaur, final-zortzirenetako bi norgehiagoka jokatu dira Bilboko Bizkaia pilotalekuan, eta, hurrenez hurren, Oinatz Bengoetxea eta Asier Agirre kaleratu dituzte bi pilotariek.

Lehen neurketan zertarako gai den erakutsi du Rezustak. Gaizki hasi du neurketa, pilotakada errazak huts eginez (7-4), baina, neurketan sartu denean, Bengoetxeak ezin izan du haren joarekin. Atzean min egin du bergararrak, baina txokoan ere ondo amaitu ditu hainbat tanto.  

Leitzako aurrelariak ez dio garaipena oparitu Rezustari; arriskatu egin du, eta hainbat tanto on egin ere bai, baina 10-12tik 10-17ra erreskadan egindako tantoekin erabaki du partida irabazleak. Datorren ostiralean jokatuko du final-laurdena Rezustak, Danel Elezkanoren aurka, Idiazabalen (Gipuzkoa). 2017an buruz buruko final bat jokatutakoa da Rezusta, Iker Irribarriaren aurka galdu zuena.

Artola nagusi

Arratsaldeko beste neurketa are eta gogorragoa izan da —328 pilotakada, 69 minututan—. Neurketa parekatua eta lehiatua jokatu dute Artolak eta Agirrek. Biak pare-parean joan dira hamaseinako berdinketara arte, eta orduan hartu du olatu ona alegiarrak, eta luze jokatuta gailendu zaio Agirreri.

Gauzak hala, Artolak Mikel Urrutikoetxearen aurka jokatuko du datorren igandean, gaurko jokaleku berean: Bizkaia pilotalekuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.