EITB

EITBk iragarri du «euskal Netflix bat» sortuko duela

Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak iragarri du proiektua, Eusko Legebiltzarrean. Bikoizketa indartuko dutela adierazi du, plataforman «eskaintza handia» egin ahal izateko.

Andoni Aldekoa, eskubian. RAUL BOGAJO / FOKU
urtzi urkizu
2021eko maiatzaren 19a
12:55
Entzun

«OTT bat, euskal Netflix bat». EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak Eusko Legebiltzarrean iragarri du ikus-entzunezko plataforma bat sortuko duela. Azaldu du ez dela euskara hutsean izango, baina ez dela soilik EITBrena izango. «Euskal Herrian sortzen diren ikus-entzunezko lan guztiak, filmak, dokumentalak eta bestelakoak ikusi ahalko dira bertan. Ez da EITBrena izango, baizik eta euskal plataforma bat».

EITBk «plataforma digital handi bat» izango duela iragarri du, eta 2022an jarriko dutela martxan: «Euskadin sortzen den ikus-entzunezko ekoizpen guztia bilduko du».

Plataforma hori «apustu estrategiko eta berritzailea» izango dela esan du Aldekoak. «Euskal Netflix bat garatu nahi dugu, euskal gizarteari eskaini eta biltzeko; halaber, nazioarteko leiho bat izatea nahi dugu, eta ez soilik EITBren ikus-entzunezko ekoizpena kontsumitzeko aukera eskaintzea, baizik eta baita Euskadin sortzen diren euskal filmak, telesailak, dokumentalak, ikuskizunak eta kontzertuak ere», zehaztu du.

Plataforma berria «talentuari balioa» emateko asmoz sortu dela nabarmendu du Aldekoak. «Ikus-entzunezkoen euskal ekoizpen handia, gure kultura eta, noski, gure hizkuntza, euskara, dira gure estrategiaren funtsezko arrazoia», gaineratu du.

«Egungo ikus-entzunezko kontsumoan plataformak funtsezkoak eta erreferentzia geldiezina direla uste dugu. Gaur egun, euskarak ia ez du lekurik eremu horretan; eta, euskarak gainerako hizkuntzen kalitate bereko edukiak ematen ez baditu, eta eduki horiek gainerakoekin bezain erraz eskuratzen ez badira, gure hizkuntzaren etorkizunerako galera konponezina izango da», adierazi du EITBko zuzendari nagusiak. Ez da euskara hutsezko plataforma izango, baina bere funtsezko egitekoen artean «euskarazko edukiak zabaltzea» egongo da. «Plataforma berria aukera bat izango da merkatuan dauden ikus-entzunezko edukien hornitzaile handietan egoteko, telebista enpresen eta kable bidezko edukien joera plataformen integrazioa baita», gaineratu du Aldekoak.

Aldekoaren aburuz, EITBk aurrerapauso bat eman behar du, eta erronka hori onartu, baina espiritu irekia izanik, eta beste batzuekin partekatzeko asmoarekin. «Euskadiko ikus-entzunezkoen eta kulturaren arloa munduan erreferente izan daitekeela uste dugu, eta erakustea merezi duela. EITBk euskal ekoizpen horren guztiaren motorra izan nahi du», adierazi du.

Galdera eta erantzunen txandan, Aldekoak iragarri du euskarazko bikoizketa indartuko duela EITBk. «Plataforma berrian eskaintza handia emateko, euskarazko eduki gehiago beharko ditugu». Kultur egitasmoek, musikak eta zinema jaialdiek plataforma berrian tokia izango dutela ere iragarri du. «Plataformetan sartuko gara, baina ez pribatuekin lehiatzeko. Ez gara Netflixekin eta Amazon Prime Videorekin lehiatuko. Baina, gazteek euskaraz edukiak kontsumitzea nahi badugu, eskaintza hori egin behar dugu».

Era berean, EITBko zuzendari nagusiak azaldu du gaur egun gazteak Youtube, Instagram, Tiktok eta antzerako plataformetan daudela, eta euskarak presentzia txikia duela horietan. Horregatik, EITBk ahalegina egingo du horietan egoteko, «euskaraz bereziki». Aldekoak zera aitortu du: «Ikus-entzunezko kontsumoa asko aldatu da, eta guk hanka aldatu behar dugu». Gogorarazi du euskal gazteek egunean zazpi orduz kontsumitzen dituztela edukiak ordenagailuan.

EITB Lab, inbertsioa Nafarroan eta gardentasun plana

EITBko zuzendari nagusiak talde publikoaren beste erronka eta egitasmo batzuen berri eman du. Proiektuetako bat EITB Lab da, EITB osorako formatu berriak esperimentatzeko laborategi bat —Donostiako Miramongo Ekoizpen Zentroan du egoitza, eta Jon Lamarka da zuzendaria—. Halaber, EITBren Nafarroako egoitza handitu eta digitalizatzeko lanetan ere ari dira, 1.100.000 euroko inbertsioarekin; eta gardentasun plan berria ere jarri du martxan EITBk, hiru ardatzetan oinarrituta: gardentasuna euskal gizartearekiko, gardentasuna EITBren administrazio kontseiluarekiko eta gardentasuna profesional guztiekiko.

Hausnarketa estrategikoen inguruan ere aritu da EITBko zuzendari nagusia. "Eskuzabaltasunez eta aliantzak eginez" jokatu beharra azpimarratu du: «Gure betebeharra da gure laguntza behar duten gainerako eragile eta erakundeak integratzea, lankidetzan aritzea, partekatzea eta laguntzea; baina, aldi berean, kontuan izan behar dugu Europako ikus-entzunezkoen panoraman EITB txikia dela, eta aliantzak, beste talde publiko eta pribatu batzuekin partekatzeaz eta batzeaz gain, funtsezkoak izango dira bizirik irauteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.