Konstituzio Kontseiluaren erabakiaren aurka

Mobilizazioa eginen dute maiatzaren 29an Baionan, murgiltze ereduaren alde

Frantziako Konstituzio Kontseiluaren erabakia salatu eta euskarazko irakaskuntza defendatzen segitzeko borondatea erakutsi dute Ipar Euskal Herriko hautetsiek eta euskalgintzako eragileek

Agintariak eta eragileak, gaurko agerraldian. GUILLAUME FAUVEAU
Ekhi Erremundegi Beloki.
2021eko maiatzaren 21a
18:56
Entzun

Prentsaurrekoa egin dute gaur arratsaldean Euskararen Erakunde Publikoa osatzen duten instituzioetako ordezkariek, Ipar Euskal Herriko hautetsi nagusiek eta Euskalgintzako eragileek hizkuntza gutxituen legearen kontra Frantziako Konstituzio Kontseiluak hartutako erabakia salatzeko. Hitz gogorrak izan dituzte Frantziako Gobernuaren kontra eta Konstitzio Kontseiluaren kontra: «eskandalu bat da, jakobinoa da eta ideologikoa da». Mobilizazioa deitu dute maiatzaren 29rako, 16:00tan, Baionan.

Ebazpenak sortzen duen «insekuritatea» azpimarratu dute, baina Frantziako Gobernuaren gainean jarri dute etorkizunean gertatuko denaren ardura. Hau da, gobernuari dagokiola erabakitzea zer egin itunpeko eskolen kontratuekin. «Konstituzio Kontseiluak legearen artikulu baten kontra egin du, baina koadro orokorra ez du aldatzen», adierazi du Max Brisson Errepublikanoetako senatariak. Haatik, duda agertu dute heldu den ikasturtean eskola publikoan hasitako euskarazko irakaskuntza elebakarreko esperimentazioek segitzen ahalko duten.

Marie Andree Ouret Biga Bai guraso elkarteko lehendakariaren hitzetan hezkuntza sistema oso bat da «zalantzan» ezarria dena. Insekuritatea aipatu du Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak. «Uste genuen lege hori aitzin-urratsa izanen zela, baina Seaskan usatuak gara insekuritatean aritzera. Badu 50 urte insekuritatean ari garela», adierazi du. «Lortu behar dugu hizkuntza ez oztopatzea erabaki horrekin». Orain arteko lanean segituko dutela erran du, eta heldu den ikasturtean Bardozeko ikastola irekiko dutela. «Orain arte, mobilizazioak antolatu ditugu eta orain ere horrela segituko dugu».

Murgiltze ereduaren defentsa

Banan bana hartu dute hitza hautetsiek Frantziako Konstituzio Kontseiluaren ebazpena salatu eta euskarazko irakaskuntza murgiltze ereduaren bidez eskaintzea defendatzeko. «Erabaki hau biziki arriskutsua da, kolpe gogorra da», adierazi du Antton Kurutxarri EEPko lehendakariak. Terminologia zehaztu du: «hauek ez dira tokiko edo eskualdeko hizkuntzak, hizkuntza gutxituak dira. Ahulen kontra indarra erakusten dute». EEPko lau kideetatik hiru elkartu dira gaur. «Ez dugu gehiago ulertzen zer egin behar dugun EEPn. Nola lan egin dezakegu erabaki honekin? Nora goaz? Galdera hauei erantzun behar diegu».

Max Brisson Errepublikanoetako diputatuaren hitzetan «helegitea ezarri duten diputatuek dute ardura osoa». Zehaztu du beraiek eman diotela «kolpe hau eskualde hizkuntzei». Helegitea Hezkuntza ministerioaren kabinetetik pilotatua izan dela berretsi du. «Horiek denek dute ardura». Urteetan tentsioak apaldu eta baretasunean oinarritutako politikak garatzen saiatzen direla erran du, zatiketak gaindituz. «Probokazio bat da. Euskal Herriak, bere hautetsien bidez, ez du halakorik onartzen» Murgiltze eredua ezinbestekoa dela erran du. «Modu batera edo bestera lortuko dugu murgiltze ereduaren garapena, itunpeko eskoletan eta eskola publikoetan». EEPren baitako hizkuntza politika partekatua kolokan dagoela erran du. «Maskarada honekin segituko ote dugu?»

Prozesu politiko baten bukaera dela erran du Mathieu Berge Akitania Berria eskualdeko hautetsiak. «Badu bi urte Frantziako Gobernua hizkuntza gutxituen kontra ari dela». Hezkuntza ministerioak azken urteetan izan duen jarrera salatu du, baita Emmanuel Macron Frantziako presidenteak legea promulgatzeko «azken unerarte» itxaron izana. «Nazionalismo jakobinoa» salatu du. «Mobilizatuak geldituko gara, lanean segituko dugu. Heldu den ikasturtean murgiltze ereduko klase gehiago ditugu irekitzeko». Alain Hiriart Hiriburuko auzapezaren iritziz, «gure oinarrizko eskubideen kontrako eraso bat da». Duela 60 urte ikastolak sortu zirenean baino «egoera okerragoa» dela erran du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.