Albistea entzun

Hizkuntza gutxituen aldeko legea onartu du Frantziako Asanbleak

Joan den abenduan Senatuan bozkatu zuten testua berreskuratzea lortu dute diputatuek, eta, beraz, berehala promulgatuko da. Hizkuntza gutxituen irakaskuntzari koadro sendoago bat emanen dio
Diputatuak txaloka, atzo arratsaldean, Frantziako Asanbleak hizkuntza gutxituen aldeko legea onartu ondotik.
Diputatuak txaloka, atzo arratsaldean, Frantziako Asanbleak hizkuntza gutxituen aldeko legea onartu ondotik. BERRIA Tamaina handiagoan ikusi

Ekhi Erremundegi Beloki -

2021eko apirilak 9

Lortu dute. Bost orduko eztabaidaren ondotik, Eskualdeko Hizkuntzen Ondarea Babesteari eta Sustatzeari buruzko Legea onartu zuen atzo Frantziako Asanbleak. Paul Molac Bretainiako diputatuak sustatu du araua; aldeko 247 botorekin onetsi dute, gobernuaren borondatearen kontra. Iazko abenduan Senatuan bozkatu zuten testu bera bozkatu dute, aldaketarik gabe, eta, ondorioz, berehala promulgatuko da. Hizkuntza gutxituen irakaskuntzari esparru finkoago bat emanen dio legeak, eta ikastetxeen diruztatzean ere eraginen du. Frantziako Konstituzio Kontseiluak baizik ez du trabatzen ahalko orain.

«Garaipen kolektiboa» azpimarratu du Molacek: «Talde parlamentario guzietatik iritsi dira sostenguak. Eragileak ere anitz mobilizatu dira; haien garaipena ere bada». Vincent Bru Ipar Euskal Herriko Modemeko diputatuak ere «eskualdeko hizkuntzen garaipena» goraipatu du.

Besteak beste, irakaskuntza arloko hiru neurri ekarriko ditu legeak: murgiltze eredua Frantziako Hezkuntza Kodean sartuko da, eta hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren eskaintza orokortzea ekarriko du. Hizkuntza gutxituetan irakasten duten eskola pribatuen diruztatzea ere indartuko du: eskola elebakarrak dituzten herrietan, bertako haurrak inguruko herri bateko ikastetxe batera joan behar badira, ikastetxe horiek diruztatu beharko dituzte herriko etxeek. Horrez gain, beste arlo batzuetako neurriak ere jaso ditu, seinaletika publiko elebidunaren arautzea eta estatu zibileko dokumentuetan ñ-a bezalako zeinu diakritikoak idazteko aukera.

2020ko otsailean iritsi zen Frantziako Asanbleara Paul Molacen lege proposamena. Lehen irakurketan edukiz hustu zuten diputatuek, baina emendakinen bidez hasierako oinarriak eman zizkioten Senatuan, joan den abenduan. Testua bere horretan aldaketarik gabe bozkatzea zen atzoko erronka, berriz Senatura itzultzea saihestu eta berehala promulgatua izan zedin. Eta hala egin zuten diputatuek.

Goizean goizetik behin eta berriz errepikatu zuen Molacek legea bere horretan bozkatzearen garrantzia, eta diputatuek jaramon egin zioten. Artikuluei egindako zuzenketak banan-banan baztertu zituzten, eta horietako batzuk diputatuek berek erretiratu zituzten, legearen promulgazioa ez oztopatzeko. Molacek aurkeztutako emendakin baten bidez, Asanbleako lege batzordean ezabatutako artikulu bat berreskuratzea ere lortu zuten, Senatuan bozkatutako oinarrizko testura itzultzea lortuta.

Senatuan bezala, Frantziako Gobernuaren borondatearen kontra gehiengoa osatzea lortu zuten atzo ere. Martxan talde parlamentarioaren jarrera izan zen deigarriena. Taldeak legearen kontra bozkatuko zuela iragarri zuen Stephanie Atger diputatuak, baina kideen gehiengo handi batek lege proposamena babestu zuen: aldeko boza eman zuten taldeko ehun diputatuk, kontrakoa 57k, eta hamabi abstenitu egin ziren. Lege proposamenaren aldeko boza eman zuten, halaber, Errepublikanoek, Sozialistek, Ekin Elkarrekin taldekoek, Komunistek, UDI alderdikoek eta Modemeko gehienek. Kontra agertu ziren, haatik, Frantzia Intsumisoko gehienak.

Argumentuak eta klitxeak

Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak legearen kontrako posizioa defendatu zuen gobernuaren izenean. Frantziako Hezkuntzak hizkuntza gutxituen irakaskuntza bermatzen duela baieztatu zuen, besteak beste, Bretainiako datuak emanda: «Batzuek egin nahi duten karikatura baino askoz ere hobea da. Ezin da erran sakrifikatzen dugunik».

Oren parekotasunean oinarritzen den irakaskuntza elebiduna sostengatzen duela adierazi zuen. «Hori gainditzeak Konstituzioaren 2. artikulua zalantzan jarriko luke». Frantziarren hizkuntza komuna beste hizkuntza batek ordezkatzea gaitzetsi zuen, eta murgiltze eredua orokortzearen kontra mintzatu zen, gaur egun eskola publikoetan abiatutako esperimentazioek esperimentazioaren esparrua gainditu dutela ohartarazita. «Ez dut jadanik dagoena kentzeko asmorik, baina murgiltze ereduan oinarritutako irakaskuntza salbuespena baizik ezin da izan». Frantsesaren monopolioa kritikatu, eta «beste monopolio bat» proposatzea baztertu zuen. «Erraten didate murgiltze ereduan ikasten dutenek frantsesa bikainki menperatzen dutela, baina hori da haien familiek frantsesa bikainki menperatzen dutelako». Beranduago, Guyanako umeak eta Euskal Herriko «haur edukatuak» kontrajarri zituen, protesta artean, frantziar kolonialismoaren klixeak bere eginez.

Frantziako Asanblean edo Senatuan hizkuntza gutxituei babesa ematea eztabaidatu izan den bakoitzean bezala, izan zen halako karikatura gehiago egin zuenik ere. Bastien Lachaud Frantzia Intsumisoko diputatuaren ahotan entzun ziren horietako anitz: «Eskualdeko hizkuntzen» irakaskuntza «inposatzea» gaitzetsi zuen, eta onartezintzat jo zuen hizkuntza gutxituen irakaskuntzaren «aitzakiapean» ikastetxe pribatuak diru publikoarekin ordaintzea. Orain dela gutxi Frantziako Asanbleak bozkatu duen Separatismoen kontrako Legeari erreferentzia egin zion, eta arau berriak ekarriko dituen «segregazio soziala», «separatismo eskolarra» eta «eskola publikoaren eraistea» deitoratu zituen, besteak beste.

«Aberastasun eta altxor»

Legearen defentsa sutsua egin zuen Paul Molac diputatuak egun guzian zehar. «Eskualdeko hizkuntzak aberastasun eta altxor bat dira, ez soilik eskualdekoak, baita Frantziakoak eta nazioartekoak ere», adierazi zuen lehen hitzartzetik, txalo artean. «Gaur egun, horiek ikasten dituen ikasle kopurua apalegia da. Azeleragailua zapaldu behar dugu», erran zuen, galtzeko arriskuan direla deitoratuta. Hizkuntza gutxituak ikastearen onurak nabarmendu zituen, eta eragileek egiten duten «lan izugarria» eskertu zuen.

Molacek egindako lana ere agerian gelditu zen atzo: ohiko blokeoak gainditu, eta diputatuen artean gehiengo bat osatzera iritsi baitzen. Hala, hizkuntza gutxituen garaipen txiki bat izan zen atzokoa, baina horrelako askoz gehiago beharko dira zinezko lege babesera heltzeko.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Albiste gehiago

Muxikan (Bizkaia), Undabaso eremuanlandatzen ari diren sailetako batzuk. ©OSKAR MATXIN / FOKU

Zerbait gertatzen ari da Undabason

Igor Susaeta

Tokiko ekosistemak eta bioaniztasuna leheneratzeko asmoarekin, Lurgaia fundazioak helburu du Urdaibaiko biosfera erreserbako harizti mistorik handiena sortzea. Dozena bat urteko lanaren ondoren, jada 163 hektarea kudeatzen ditu Muxikan, 'Undabaso' deitu dioten gunean. Hasiak dira eremu horretan prozesu ekologiko batzuk antzematen.
Itsasondo. ©Ariane Vierbücher

Lurra, interes publikoaren mesedetan

I. Susaeta

Itsasondoko Udala duela dozena bat urte hasi zen lursailak erosten. Alkatearen esanetan, «herritarrek erabiltzeko moduko mendiak» nahi dituzte. Etorkizunean lurrak izango duen garrantziaz ohartarazi du.
Guardia Zibila, kanpaldia egiten ari zirenengana gerturatzen. ©IÑIGO URIZ / FOKU

Kanpaldia egiten segitu nahi dute Aroztegiko proiektua gelditu arte

Irati Urdalleta Lete

Guardia Zibila hiru aldiz agertu da. Lekarozen elkarretaratzea egin dute, 228 etxebizitza, hotel bat eta golf zelaia eraikitzeko proiektua gelditzeko
Anbulantziak, Donostia ospitaleko larrialdietarako sarreran. ©GORKA RUBIO / FOKU

Ospitaleetako presioak ez du etenik, positiboen hazkundea apaldu arren

Ion Orzaiz

116 pertsona erietxeratu dituzte COVID-19ak jota, eta 182 gaixo larri daude ZIUetan. 985 kasu atzeman dituzte, eta positibo tasa %7,9 da

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.