ABEE-ak

Lanera itzultzea sarituko du ABEEn araudi berriak

Eragile sozialek eta gobernuak enplegua aldi aterako erregulatzeko espedienteak luzatzeko akordioa sinatu dute. Lanean hasten direnen kotizazioak babestuko ditu batez ere araudi berriak, eta erregulazioan jarraitzen dutenenak orain arte baino pixka bat gutxiago lagunduko ditu gobernuak.

Diaz eta Escriva ministroak, sindikatuetako eta patronaletako kideekin, ostegun honetan. FERNANDO VILLAR (EFE)
jokin sagarzazu
2021eko maiatzaren 26a
12:08
Entzun

Ostegun honetan eginiko Ministroen Kontseilu berezi batean onartu dute aldi baterako erregulazio espedienteen luzapena; irailaren 30 arte izango dute indarraldia. Lanean hasten direnen kotizazioak babestuko ditu batez ere araudi berriak, eta erregulazioan jarraitzen dutenenak orain arte baino pixka bat gutxiago lagunduko ditu, Espainiako Gobernuak nahi zuen moduan, hein batean.

Azken luzapena izan daitekeena erlojuaren aurka aritu dira negoziatzen UGT eta CCOO sindikatuak eta CEOE eta Cepyme patronalak Lan eta Gizarte Segurantzako ministerioekin. Orain arte, eragile sozialen oniritziarekin egon dira indarrean pandemiari lotutako aldi baterako erregulazio bereziak, eta araudi horren azken luzapena izan daitekeena ere horrela izango da, patronalaren asmoek soka asko tenkatu badute ere.

Apirilaren amaieran 32.474 langile zeuden Hego Euskal Herrian aldi baterako erregulazioan, martxoa bukatu zenean baino 2.522 gutxiago. Aldi baterako erregulazioan daudenetatik, bi herenek ez dute batere lanik egiten, eta besteek, partzialki. Iazko apirilean jo zuen goia halako erregulazio batean zeuden langileen kopuruak: 230.000.

Hona hemen hartutako neurririk garrantzitsuenak.

Kotizazioen barkamenak

Agintariek hartutako murrizketen ondorioz jarduera «eragotzia» duten enpresen baldintzak berdin mantenduko dira: 50 langile baino gutxiago badituzte, %100ekoa izango da kotizazioen barkamena, eta gehiago badituzte, %90ekoa.

Beren jarduera «partzialki mugatu» behar izan dutenen kasuan, salbuespenak aurreko aldikoak baino txikiagoak dira, eta beheranzkoak, espedienteak irauten duen denboraren arabera. Hala, ekainean eta uztailean %85ekoak izango dira, eta abuztuan eta irailean, %75koak, enpresak 50 langile baino gutxiago baditu. Gehiago izanez gero, %75ekoak dira ekainean eta uztailean, eta % 65ekoak abuztuan eta irailean.

Enpresak erregulazio espedientetik ateratzea lortzen duen langileentzako barkamenak, berriz, handiagoak dira enplegua eten edo murriztu behar izan dutenenak baino: %95koak eta %85koak izango dira, enpresaren tamainaren arabera.

Autonomoen kasuan, gauza bera: barkamenak berdin mantenduko dira jarduera «eragotzia» dutenentzat, eta txikiagoak izango dira partzialki mugatua dutenentzat eta erregulazioa uzten dutenentzat. Aurreko baldintzak betetzen ez dituztenek gutxieneko kotizazio oinarriaren % 50eko aparteko laguntza eskatu ahal izango dute.

Kaleratzeak, debekatuta

Erregulazio txostena aurkez dezaketen enpresen jardueren zerrenda handitu dute, eta honako hauek gehitu dituzte: jantzi eta osagarri batzuk ekoizten dituztenen artean, gehiago sartu dituzte; kafea, tea, kakaoa eta espeziak salerosten dituzten enpresak ere sartu dituzte, eta baita argazkigintzarekin loturiko jarduerak ere. Aldizkako langile finkoentzako eta jendaurreko ikuskizunetako arteetako profesionalentzako prestazioak ere irailaren 30era arte bermatzen dira.

Orain arte bezala, kaltetutako guztiek ez dute langabeziagatiko laguntzarekin loturik eskubiderik agortuko: «kontagailua hutsean» mantenduko dute 2022ko urtarrilaren 1era arte.

Era berean, orain arte bezala, enpresek ezingo dute kaleratzerik egin espedientea aurkeztu eta hurrengo sei hilabeteetan; behin-behineko kontratuei eutsi beharko diete; ezingo dituzte langileak aparteko orduak egitera behartu, eta ezingo dituzte dibidenduak banatu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.