Liburu aurkezpena

Frustrazioa eta abandonu arriskua Ana Malagonen ipuin berrien ardatz

Idazleak hirugarren liburua atera du: ‘Ez dakit zertaz ari zaren’. Hamabost narrazioz osatuta dago, askotariko protagonisten ahotsetatik kontatuak. «Oskol» batetik ateratzeko saiakera ere bada, besteak beste. Elkarrek argitaratu du.

Ana Malagon liburu berria eskuetan duela, aurkezpena hasi baino lehen, gaur goizean. ANDONI CANELLADA/ FOKU
amaia igartua aristondo
2021eko maiatzaren 26a
13:04
Entzun

Sinetsarazitakoaren eta benetan gertatutakoaren arteko tartea azaletik agertzen du Ana Malagonen liburu berriak: plano zenital batek mahai luze baten muturra erakusten du; inguruko aulkiak hutsik daude, mahaikideek dagoeneko utzi baitute oturuntza, ustez bapo, eta mahaian hondarrak baino ez dira geratu. «Ondo bizi ginela pentsatzen genuen garaien ondoren utzitakoa da», interpretatu du Xabier Mendiguren Elkarreko editoreak. «Frustrazio puntu bat» agertzen duela zehaztu du autoreak: «Ematen du asko jan dugula, baina, benetan, ezerk ez gaitu ase». Hori da Ez dakit zertaz ari zaren ipuin liburuko kontakizunak zeharkatzen dituen ideietako bat, Malagonek azpimarratu duenez. Hamabost narrazio batu ditu bere hirugarren lanean, eta Elkar argitaletxearekin kaleratu du.

Alabaina, «inolako asmo bateratzailerik» gabe ekin zion ipuinak idazteari. Hainbat iturritatik etorri zaizkio ideiak, izan aldizkarietako erreportajeetatik, izan lagun batek kontatutakotik, baita telesail bateko detailetxoren batetik tiraka ere. Ertz horietatik elikatu da ipuinak idazteko; «oskol» batetik ateratzeko, alegia: «Hori da idaztea niretzat: entzutea, saiatzea ulertzen zen gertatzen den». Eta, jasotako hori dena bere galbahetik igaro ondoren, gizartera berriro bota du, ipuin eran. Horiek horrela, askotariko lanbideak eta familia motak agertzen ditu idazleak: irakasleak, telefonistak, autobus gidariak, mojak eta etxez etxeko saltzaileak dira narrazioak ardazten dituzten subjektuak; horiek, kasuan-kasuan, guraso dibortziatuak izango dituzte, edo aita galdu berri izango dute, edo atxilotutako ahizparen edo egoitza batean bizi den amaren kargu egin beharko dute.

Lehengo bera, baina berria

Malagonek ipuinen formatura jo zuen bere aurreko liburuak ontzeko: Lasai, ez da ezer gertatzen lanean (2014, Elkar), mikroipuinak jorratu zituen, eta Gelditu zaitezke gurekin obran (2017, Elkar), berriz, ipuin molde konbentzionalagora jo zuen; oraingo honetan ere istorioak narrazio laburretan garatzea hautatu du, eta, gainera, nabarmendu du tonua eta gaien ildoa aurreko lanen «bera» dela. Baina, sorkuntzen artean antza egon daitekeen arren, azken lanak zenbait berrikuntza dakartzala azpimarratu du Malagonek; hiru, zehazki.

Lehena pertsonaiei dagokie. Ipuin gehienek protagonista definituak dituzte, baina, hala ere, kutsu «kolektiboagoa» eman die oraingo narrazioei, pare bati batez ere: kontzentrazio batean dauden emakume talde bat eta irakasleen klaustroko kideak dira ipuinotako ahotsak. Halaber, ohiko lehen pertsonaz gain, beste pertsona batzuk ere txertatu ditu kontakizunetan, istorio «panoramikoak» lantzeko asmoz: protagonistaren istorioaz gain, beste batzuenak ere txirikordatu ditu, «aniztasun handiagoa» erdiesteko.

Bigarrenik, errealismotik aldendu egiten dira ipuinetako batzuk. Molde hori «gainditu» egiten du «esajerazioaren» bitartez, Mendigurenen iritziz, eta bat dator autorea editorearen ikuspegiarekin. «Errealitatearen eta distopiaren arteko mugak geroz eta lausoagoak dira. Niri oso zaila egiten zait biak banantzea». Dioenez, «sistemaren abandonu sentsazio orokorra» antzematen ari da, eta horrek eragiten dio distopiarako joera. «Gure arteko kableak eten egin dira, eta jendea ahal duena egiten ari da».

Hirugarrenik, gaietan ere ñabardurarik igar liteke. Familia eta harremanak dira narrazioen oinarria, baina, hala ere, xehetasunak ugaritu egin dira aurreko lanekin alderatuta: «Bakardadea, gainetik kendu ezin den zama, etsai ikusezinak, nortasunaren inguruko hausnarketak...», eta, horien artetik, baita «itxaropenerako zirrikitu bat ere», dioenez, nahiz eta langa oso altua ez eduki, onartu du, umorez.

Babeserako baliabideak

Paratestuei erreparatu die Malagonek, beste behin, liburuaren azalpena biribiltzeko. Aurreikuspenean kontakizunen arteko haririk ez zegoen arren, narrazioak irakurtzean loturak sortzen dira ezinbestean, idazlearen arabera, eta bai azalak eta baita izenburuak ere ezusteko batasun horren gakoak eman ditzakete. Ez dakit zertaz ari zaren. «Autodefentsarako erabiltzen den esaldia da. Badakigunean bestea zertaz hitz egiten ari den, baina ez ulertuarena egin nahi dugunean. Abandonua sortzen du; besteengandik banantzen gaitu».

Baina badago liburuan, abandonua ez ezik, hura baretzeko heldulekurik ere. Izan ere, Malagonek umil adierazi du irakurleek «zorroztasuna» egotzi izan diotela, eta, izaera hori aprobetxatuta, besteen tokian jartzeko ariketa egiten saiatu da bere sorkuntzetan; aipatutako oskol hori hausten eta besteengana hurbiltzen, funtsean: «Enpatiaz abiatzen saiatzen naiz. Nahiz eta pertsonaia miserableak izan, saiatzen naiz ulertzen zergatik egiten dituzten gauza horiek». Hori lortzeko ironiaz baliatzen dela azpimarratu du Mendigurenek: «Idazle batzuek erasorako erabiltzen dute ironia, baina Ana Malagonek defentsarako erabiltzen du, babes ezkutu gisa». Hemen ere ados dago idazlea editorearekin: «Ironia babesleku bat da abandonuan, besteekin harremanetan jartzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.