Zientzia

Adolfo Eraso glaziologoa hil egin da

Klima aldaketaren ikertzaile eta dibulgatzaile gisa egindako lanarengatik, nazioartean ospea zuen. Glaziarrak ikertuz, berotze globalaren bilakaera aztertzen zuen.

Adolfo Eraso glaziologoa, 2019an, Frantzisko Xabierkoa saria jaso zuen egunean, Madrilen. JUANJO MARTIN / EFE
Iker Tubia.
2021eko maiatzaren 31
13:45
Entzun

Glaziologoa, espeleologoa, kimikaria eta geologoa. "Izotzaren zentinela", haren senideek eskelan idatzi dutenez. Larunbatean zendu zen Adolfo Eraso (Lizarra, Nafarroa, 1934 - Plasencia, Espainia, 2021), glaziarrak berotze globalaren bilakaera aztertzeko erabiltzen zituen zientzialaria. Lan horretarako sortu zuen Glackma proiektua, Maria del Carmen Dominguezekin batera. Klima aldaketari buruzko dibulgatzaile sutsua zen, eta ikerketa bertatik bertara egitea maite zuen.

New Yorkeko Zientzia Akademiako kidea zen 1994az geroztik, eta Errusiako Zientzia Naturalen akademiakoa 2002tik. Nafarroako Unibertsitate Publikoak honoris causa doktore izendatu zuen 2014. urtean, eta sari anitz jaso zituen bere ibilbidearengatik. Poloetan 80 ikerketa espedizio baino gehiago egin zituen, mundu akademikoa eta lekuko ikerketa uztartzen baitzituen munduan barrena espedizioak eginez.

Klima aldaketa hizpide izan zuen 2015ean BERRIA egunkariari eskainitako elkarrizketa batean. "Berotegi efektua handitzen den heinean, berotzea ere handitzen da. Gurpil zoro bat da. Izan ere, berotzea geroz eta handiagoa izan, orduan eta handiagoa izango da C02aren produkzioa, eta, tenperatura handitzean, geroz eta gehiago dilatatzen dira itsasoetako urak, eta, beraz, itsasoaren maila igoz eta berotuz doa. Eta itsasoa berotzen bada, lurrunketa handiagoa eragiten du, eta, ondorioz, bortitzagoak dira ekaitzak. Hainbat gauzak osatzen duten kate bat da, planetako gure existentzia hondatzen duena. Eta guk geuk eragiten dugu efektu hori".

Hobesten zuen ikertzeko moduaz ere mintzatu zen elkarrizketa hartan; alegia, bertatik bertara egindako behaketaz: "[Matematikariak] Ez dira glaziarretan sartzen, agian hondoratuko delako, agian urak bustiko dituelako eta oso hotz dagoelako... Ni ohitu naiz horretara, hotzera. Kontserbatzailerik onenetakoa da hotza, gainera. 80 urte ditut, eta horretan dihardut oraindik ere".

Elkarrizketa osorik irakurri daiteke hemen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.