EKAITZA

Bart gaueko ekaitzak 700 tximista baino gehiago utzi zituen

Atzo Euskal Herriko leku gehienetan tenperatura altuak izan ziren arren, egunaren amaieran sekulako erauntsia izan zen.

Tximista bat Zaldibian atzo, gaueko hamarrak aldera. JON ORDOÑEZ / @JONORDOEZ
jone arruabarrena
2021eko ekainaren 1a
08:43
Entzun

Euskalmet Euskal Metereologia Agentziak arratsaldean eman zuen ohartarazpena: abisu horia, euri jasa handiak eta ekaitzak botako zituelako. Abisua arratsaldeko 18:00etatik gauerdira artekoa zen, eta Euskal Herriko txoko gehienetan, 21:00ak pasatxo hasi zen trumoi festa. Sare sozialak ere ekaitzak utzitako irudiez betetzen hasi ziren. Ordizian, besteak beste, 83,3 km/h-ko haize boladak izan ziren, eta Euskalmeten arabera, 6,3 litro erori ziren metro koadroko hamar minutuan. Arnaitz Fernandez fisikariak Twitterren azaldu zuenez, Gipuzkoan 700 tximistatik gora erori ziren ordubetean. 

Zestoan ere izan zen oinaztuak ikusteko aukera, eta baita Zumarragan ere:

Fernandezek emandako datuaz gain, bestelako zenbaki batzuk eman ditu gaur Euskalmetek: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, guztira, 1304 tximista zenbatu zituen Euskal Metereologia Agentziak. Horren arabera, Araban 580 jausi ziren, Bizkaian 162 eta Gipuzkoan 562. Hala ere, argitu dute agentziak lurra jotzen duten oinaztuak baino ez dituztela kontuan hartzen, eta baliteke horregatik Euskalmetek emandako zifra Arnaitz Fernandez fisikariak emandakoa baino baxuagoa izatea. Izan ere, badira zeruan, hodeien artean sortzen diren tximistak, baina lurrera heltzen ez direnak.

Haizeak ere gogor jo zuen atzo Araban: Gasteizen 94,4 km/h-ko haize ufadak izan ziren, eta txingorra erori zen Arabar lautadako hainbat lekutan ere. Zeru ilunek eman zuten arratsaldeko azken orduetan zetorren ekaitzaren berri.

 Bizkaia ere astindu zuen ekaitzak: 8,8 litro erori ziren metro koadroko Deustun hamar minutuan.

Gaur ere izango da tximistak ikusteko aukera. Euskalmetek arratsaldeko 15:00etarako eman du ekaitz abisua, eta jakinarazi dutenez, gaueko bederatziak ingurura arte iraungo du erauntsiak. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.