Teknologia

Langile trebatuak aurkitzeko zailtasuna onartu du Gaia klusterrak

Jakintza Industria eta Teknologia aplikatuko enpresek fakturazioari eutsi zioten iaz, eta %1 igo zuten langile kopurua

Ezkerretik eskuinera: Jose Etxezarrra, Elena Zarraga, Tomas Iriondo eta Oihana Arrieta GAIAko zuzendaritza taldeko kideak. GAIA
Imanol Magro Eizmendi.
2021eko ekainaren 1a
13:29
Entzun

«Gaia klusterreko enpresen 2020ko fakturazioa 2019ko bera izan zen. Ez genituen aurreikuspenak bete, baina pandemiaren eragina ikusita, arrakastatzat jo behar dugu». Jose Etxezarra Gaiako presidenteak horrela laburbildu du Jakintza Industriaren eta Teknologia Aplikatuen Elkarteko enpresen iazko urtea. Fakturazioan berean eutsi dio, enpleguak, aldiz, gora egin zuen, %1, eta aurten %2 igotzea espero da. Guztira, 20.732 langile dira elkarteko enpresetan, baina gehiago izan zitezkeen, azaldu dutenez egun duten hutsune nagusia langile «trebatuak» aurkitzea da, eta, helburuetako bat langile horiek Euskal Herria trebatzea den arren, ez dute ezkutatu enpresa batzuek atzerrira jo dutela «talentu» horren bila.

Pandemiak eragin gazi-gozoa izan du Gaiarentzat. Elektronika eta Teknologia eta komunikazio enpresentzat gozoa izan da, ingeniaritza eta aholkularitzentzat, aldiz, gazia. Aurrenekoek klusterraren fakturazioaren %75 batzen dute, eta, iaz, %1 eta %2,5 artean igo zuten fakturazioa, «igoera arina» Etxezarraren hitzetan. Bigarren multzokoek, aldiz, %4ko jaitsiera izan zuten, eta hortik dator iazko datua. Eta aurten? Zer espero du Gaiak? «Fakturazioa %2 igotzea espero dugu, eta internalizazio maila %10 igotzea». Gaur-gaurkoz, ekoizpenaren erdia saltzen da Hego Euskal Herritik eta Espainiatik kanpo, eta bi dira indarguneak: sare energetikoentzako gaia eta 4.0 Industriarako osagaik.

Pandemiaren atal gozo horretan, Gaiak ikusi du pandemiak sektorea «baldintzatzen» duela oraindik ere, baina telelanerako joerak mesede egin diote. «Mundu are globalizatuago batean bizi gara. Enpresek ikusi dute digitalizazioa oinarrizkoa dela, eta horrek mesede egin die hainbat enpresari. Eraldaketa bizkortu egin da, eta sektore sendoa gara, baina lehiakortasun handia dago».

Telelana erraztu, eta baliatu. Etxezarrak azaldu baitu langile trebatuak aurkitzea oso zaila dela enpresako sektoreentzat. Euskal enpresak Indiara ingeniari informatiko bila jo duten galdetuta, zintzo erantzun du: «Baliteke enpresa batzuk atzerrira jo izana langile bila, baina atzerritik ere badatoz hemen trebaturikoen bila. Telelanak lan merkatu berriak ireki dizkigu guztioi». Hala ere, nabarmendu du Gaiaren helburu handietako bat «talentua Euskal Herrian sortzea dela».

Lan esku trebatua da gabezietako bat, eta beste pare bat ere azaldu du Tomas Iriondo Gaiako zuzendari nagusiak, baina zehaztu du ez direla Euskal Herriko enpresenak, «Europako guztienak» baizik: «Batetik, energia eroale eta supereroaleen osagaien gabezia da, teknologian oinarrizkoak direnak. Eta, bestetik, interakzio plataformetan presentzia edukitzea. Plataforma horietan ikusten da zein joera izango dute merkatuek, eta datu hori lortzen duenak abantaila handia lortzen du».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.