Musika

Javier Colina eta The Cuban Jazz Syndicate, Getxo Jazzen

Jaialdiaren 44. aldia ekainaren 30etik uztailaren 4ra bitarte egingo dute, Muxikebarrin eta Biotz Alai plazan.

Javier Colina kontrabaxu jotzailea, Silvia Perez Cruz abeslariarekin batera, 2019an. JUANJO MARTIN / EFE
2021eko ekainaren 7a
17:12
Entzun

Iazko geldialdiaren ondoren, Euskal Herriko eta nazioarteko hainbat jazz musikari elkartuko dira Getxon (Bizkaia), hango jazzaldiaren 44. aldian aritzeko. Izen handiko artistak izango dira, eta talde lehiaketa bat ere egingo dute. Javier Colina iruindarrak irekiko du jaialdia, laukotean. Europako jazz eta flamenko kontrabaxu jotzailerik entzutetsuenetako bat da.

Hurrengo egunean, The Cuban Jazz Syndicate taldeak joko du; Espainian bizi diren musikari kubatar batzuek osatutako boskote bat da, musikaren gaineko ezagutza handikoa. Portugalgo jazzaren bi izen handi ere egongo dira: Maria Joao eta Carlos Bica, laukotean. 1980ko hamarkadan hasi zen bien arteko lankidetza, eta Conversa (1986) eta Sol (1991) diskoetan bildu zuten. Hainbat urteren ostean, berriro elkartu dira.

Chano Dominguezek eta Martiriok 1996an atera zuten Coplas de la madrugá diskoa; kopla klasikoak jazz moldaketekin berrinterpretatu zituzten. Ignacio Villa Bola de Nieve pianista kubatarra oroituko dute haien emanaldian.

Carles Benaventek, Tino di Geraldok eta Jorge Pardok osatutako hirukoteak itxiko du Getxo Jazz. Ibilbide luzeko hiru musikari dira, eta Niño Josele gitarristarekin batera emango dute kontzertua.

Taldeen lehiaketako lau finalistek ere emanaldi bana egingo dute jaialdian: Victor Jimenez & Friends, Alex Monfort trio, Emma Nagy quintet eta Michelangelo Scandroglio quintet dira talde horiek. Parte hartzaileak Erresuma Batukoak, Frantziakoak, Hungariakoak, Irlandakoak eta Italiakoak dira, besteak beste.

Kontzertu nagusiak Muxikebarri zentroan egingo dituzte, 19:00etan, baita taldeen lehiaketa ere; horiek 13:00etan joko dute, hala ere. Hirugarren Milurtekoa izeneko sail bat ere izango du jaialdiak, eta Malu Garay Quintet, Baleen Lobak, Horda eta Los Aurora taldeak ariko dira han. Biotz Alai plazan egingo dituzte emanaldi horiek. Euskal jazza eta banda gazteak elkartzeko helburua du atal horrek.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.