Paperaren industriak eutsi egin dio pandemiaren oldarraldiari

Sektoreko enpresek %10 gutxiago fakturatu zuten iaz, baina enplegua %2 hazi zen. Esportazioak %9 jaitsi dira, baina, hala ere, salmenten erdia baino gehiago nazioartean egin dituzte. Plastikoa ordezkatzeko produktuetara zabaldu dute negozioa.

Smurfit paper fabrika, Iurreta eta Durango artean. JON HERNAEZ (FOKU)
jokin sagarzazu
2021eko ekainaren 10a
11:39
Entzun

Iazko urtea beltza izan zen industriako azpisektore gehienentzat, baita papergintzarentzat ere. Dena den, horrek beste batzuek baino gutxiago nabaritu du COVID-19aren oldarraldia. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako paperaren klusterreko enpresek jakinarazi dutenez, fakturazioan behera egin duten arren, lanpostuak sortu dituzte. Zehazki, 2019an baino %10 gutxiago salerosi zuten, baina enplegua %2 handitu zuten. Euskal Herrian tradizio handiko industria da paperarena, eta, azken hogei urteetan pisua galduz joan den arren, gaur egun 2.663 pertsonak egiten dute lan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan diharduten 36 enpresetan.

Aurreikuspenak ez dira txarrak. Klusterrak azaldu duenez, pandemiaren kolpea ez da horrenbestekoa izan, hein handi batean azken urteetan negozioa dibertsifikatzeko egin dituzten ahaleginengatik. Osasun krisiari aurre egiteko ezarri diren mugimendu debekuek produktu jakin batzuen gorakada eragin dute: garbiketa eta higienekoak, adibidez, eta merkataritza elektronikoko salerosketen garraioarekin loturikoak. Horietan espezializatzen hasiak dira sektoreko euskal enpresak, eta albo batera uzten haien negozioen oinarri izan den eta gero eta gutxiago kontsumitzen den paper grafikoa. Guztira, 1.229.410 tona pasta eta paper produzitu zuten iaz.

Egiten duten erdia Iberiar penintsulatik kanpo saltzen dute: 550 milioi fakturatu zuten horrela. Eta hor ere beste azpisektore batzuek baino emaitza hobeak lortu dituzte. Esportazioek %9 egin dute behera, pandemiagatik logistikan izan diren askotariko arazoei aurre eginez.

Aldaketa garaia

Sektorea aldaketa garaian dago, biziberritzen. 2000. urtetik paperaren eta kartoiaren munduko ekoizpena %33 hazi da. Bereziki, paketatzearekin, packaging-arekin eta plastikoaren ordezkoekin lotutako produktuei esker. Horien ekoizpena %49koa izatetik gaur egun fabrikatutako paper produktuen %63 izatera pasatu da. Aldiz, paper grafikoa %43tik %27ra jaitsi da.p>

Klusterrak azaldu duenez, sektoreko euskal enpresek 95 milioi euroko «inbertsio handiak» egin dituzte «paper bereziak» ekoizteko. Eskuoihalak, adibidez, eta plastikoen ordezko beste produktu natural eta biodegradagarri batzuk. Bide horretan jarraitu nahi dute, eta, horretarako,120 milioi euroko inbertsio proiektuak aurkeztu dituzte administrazioen laguntzen deialdietara.

Gainera, elkarteak azpimarratu duenez, ingurumen inpaktua murrizteko hainbat inbertsio egin dituzte, hondakinei dagokienean eta uretara eta atmosferara egiten dituzten emisioak murrizteko. Hala, 2020an, lohien %88 balioztatzea lortu zutela azaldu dute.p>

Klusterra, hala ere, kezkatuta agertu da lehengaien eta energiaren prezioen igoerekin, horrek lehiakortasun galera ekar dezakeelako. Gogorarazi duenez, argindarrarena %37 garestiagoa izan izan zen iaz, eta «halako bi garestiago» izaten ari da 2021eko lehen hilabeteetan. Horri gasaren prezioaren igoera gehitu behar zaiola azpimarratu du. Urtea %80ko igoerarekin amaitu zuen, eta 2021ean % 27 igo da. CO2 isurtzeko eskubideak, berriz, %34 garestitu dira 2020an.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.