Diru politika

Inflazioaren mehatxuaren gainetik, EBZk pizgarrien programari eutsi dio

Hazkunde aurreikuspena sei hamarren igo du Frankfurtek, %4,6raino. Baikor dago EBZ, baina zuhur ere bai, birusaren aldaera berriengatik

EBZko presidente Christine Lagarde. MARTIN LANBERTS / EFE
xabier martin
2021eko ekainaren 10a
18:21
Entzun

Ozenago entzuten da inflazioa gehiegi hazten ari den abisua, eta aldagai horri batu zaio urteko bigarren hiruhilekoan gero eta sendoagoa ematen duela susperraldia. Baina EBZ Europako Banku Zentralak ez du aldatuko bere bide orria, eta erritmo berean jarraituko du pizgarrien politikarekin. Horrek esan nahi du aktiboak erosteko pandemia garaiko programak (PEPP ) aurrera jarraitzen duela aldaketarik gabe, «finantzaketaren baldintzak gogortu ez daitezen».

Atzoko bileraren ostean, banku zentralak garbi utzi du baikortasunez ikusten duela pandemia atzean geratzen hasi den agertoki ekonomikoa. Baikor bai, baina zuhur ere bai. Duela hiru hilabete baino egoera hobea bizi du euroguneak, Christine Lagarde EBZko presidentearen ustez, eta diagnosi horren adierazgarri da erakundeak hobera aldatu dituela hazkunde aurreikuspenak. Aurten, %4,6 haziko da euroguneko herrialdeen ekonomia, aurreko estimazioa baino sei hamarren gehiago. Eta 2022rako, %4,7ko errebotea aurreikusi du, hori ere sei hamarren handiagoa. 2023. urterako, berriz, %2,1eko hazkundea finkatu du, ordurako gaindituta egongo delakoan pandemiak eragindako eroriko eta erreboteen aroa.

Zerbitzuak aurrerapauso bat ematen ari direla uste du Frankfurtek, txertaketa erritmo onean doalako aurrera, eta horrek ahalbidetuko duelako ezabatzea, hein handi batean, birusa ez hedatzeko gobernuek ezarritako muga handiak. Kontsumoak izan duen susperraldia gero eta argiago ikusten du EBZk, eta horregatik doitu ditu aurreikuspenak gorantz. Mehatxurik handiena koronabirusaren aldaera berri bat litzateke, egoera beltzez margo dezakeen aldaera arriskutsuago bat.

Inflazioari begira

Beste maila bateko mehatxua da inflazioa, baina azken asteetan hari erreparatzen dioten ahotsak ez dira gutxi. AEBetan, 2008ko abuztutik inflazio handiena erregistratu da maiatzean, %5ekoa, baina Lagardek ez du jo egiturazko arrisku gisa Europan prezioen garestitzea, «behin-behineko aldagaiek eta energiaren prezioek bultzatu dutelako gora».

Edonola ere, EBZk aurreikusi du inflazioak gora jarraituko duela urteko bigarren erdian, eta 2022an jaisten hasiko dela, behin-behineko aldagaiak desagertzen direnean, eta energiaren prezioa egonkortzean. Are, Lagardek esan du inflazioa EBZren helburua baino apalagoa izango dela aurten, hau da, %2 baino apalagoa.

Baikorrago

EBZko goi agintariaren esaldi batek laburtzen du egoera: «Duela hiru hilabete baino baikorragoak gara». Pandemia hasi zenean, zor publikoaren eta pribatuaren erosketa handitu zuen EBZk, PEPP programarekin. Diru berria inprimatu eta zorra erosita, banku zentrala bermatzen ari da finantza sisteman nahiko diru dabilela beharra duten enpresei eta familiei emateko, eta kredituaren fluxua ez gelditzeko. Gainera, estatuek merke eta erraz finantzatzeko modua dute, beti dagoelako zorraren azken erosle bat: EBZ.

Bada, PEPP programan ez dago aldaketarik, eta 2022ko martxora arte, 1,85 bilioi euroko dotazioa izaten jarraitzen du. Merkatuentzat tabu bihurtu da tapering hitza, pizgarriak gutxitzen hasteari erreparatzen diona. Burtsetan, estatuen arrisku sarietan eta euroaren kotizazioan ere eragin handia izan dezake pizgarrien apaltzea iragartzeak. Une hori iritsiko da, baina momentuz ez dago halakorik: hitz hori ez da aipatzen EBZren azken txostenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.