Albistea entzun

Oporrak Euskal Herrian

Hamaika plan zoragarri Debabarrenean

Txokoak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen duten planak eta bisita gidatuak daude. Kostaldean nahiz mendien artean egitekoak dira, eta abenturarako abagunea ere bada.

Arribiribilletako menhirra.
Arribiribilletako menhirra. DEBEGESA.

Zoragarria da bai itsasoak, bai mendiak ematen dutenaz disfrutatu ahal izatea. Paisaia ezin hobea eskaintzen du horretarako Debabarrenak. Zortzi dira eskualde hori osatzen duten herriak: Eibar, Ermua, Elgoibar, Deba, Mutriku, Soraluze, Mendaro eta Mallabia. Asko dago ikusteko eta egiteko: naturan egiteko ibilbideak, xarmaz beteriko herriak, museoak, ondare industriala… Guzti-guztei buruzko informazioa https://www.debabarrenaturismo.com/eu/planak/ helbidean aurki daiteke.

Geoparkearen alde ezkutua

Euskal Kostaldeko Geoparkea da eskualde horrek duen altxorretako bat. Itsaslabarretan ikus daitezkeen geruzez gain, baditu beste txoko ikusgarri batzuk ere. Horietako batzuk Mutrikuko Olatz eta Debako Lastur ibarretan aurki daitezke. Haran horiek karst izenez ezagutzen dira, hau da, urak kareharrian egiten duen efektuaren ondorioz sortzen diren irudi bereziak. Geologian interesa dutenentzat, Olatz bailara zeharkatzen duen Geoibilbidea oso gomendagarria da. Ibilbide horrek hamabi interes puntu lotzen ditu bailaran, azalpen panelekin seinaleztatuak, 6,5 kilometroko ibilbide zirkular eta atsegin batean.

Bisita gidatuak ere izaten dira, besteak beste, Karsteko zaporeak eta Lastur familian bisitak. Lehenengoa paisaia karstiko bereziaren elementu nagusiak ikusteko bisita bat da, eta Goienetxe baserrian artzaintzaren inguruan pixka bat ikasteko aukera ere eskaintzen du. Bigarrenean, Lasturko auzoko errota zaharrean artoa eho ondoren, irinaz taloa egiten ikasi eta txistorra jango dute bisitariek; haurrentzat plan ezin hobea.

Dolmenen ibilbidea

Elgoibar, Soraluze eta Bergarako mendi berdeen artean Dolmenen Ibilbidea izenaz ezagutzen den bide bat dago. Historiaurrera jauzi egin dezakete bisitariek. Inguruko mendi eta itsasoaren ikuspegi paregabeak eskaintzen dituen talaia naturala da. Mendilerroan zehar ibiltzea historiaurrean zehar ibiltzea da, ibilbidearen 11 kilometrotan hemeretzi monumentu megalitiko aurkitzen baitira. Bisita gidatuak izango dira udan ere, eta www.debabarrenaturismo.com helbidean eman ahal izango da izena.

Turismo aktiboa

Abenturarako abagunea ere badago Debabarrenean. Surf egin daiteke, itsas hondoa ezagutu, arraun surf… denetarik eta denentzat, hasiberri nahiz adituentzat. Deban, Yako eta Ipar Surf & Skate eskolek ematen dizute horretarako aukera; Mutrikun, Buceo Euskadi dago; eta uretik kanpo ibili nahi dutenentzat, Lasturren zaldi irteerak eta ikastaroak antolatzen ditu Gailur Zaldiketak.

Albiste gehiago

Eraldaketa digitala. ©OREKA IT

Eraldaketa digitalaz eta desagertu egingo diren enpresez

Oreka IT

Gaur egun ezagutzen dituzun enpresen erdiak baino gehiago ez dira existituko hamar urte barru. Zeintzuek iraungo duten antzemateko gakoak askotarikoak eta lausoak dira, baina badaude argi ikusi daitezkeenak ere, digitalizazioa adibidez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Debegesa