Albistea entzun

Oporrak Euskal Herrian

Uda honetan Arditurrira tren berdean

Aiako Harria Parke Naturalean, Oiartzungo meategira bisita eta trenean joan-etorriak uztaileko eta abuztuko asteazkenetan eskainiko dira.

Arditurrira doan trena.
Arditurrira doan trena. OARSOALDEA TURISMOA

Arditurri meatze guneak plan ezin hobea proposatzen die Aiako Harria Parke Naturalera ihesaldi bat egin nahi dutenei: Arditurrira Tren Berdean joateko aukera eta bertan meazulora bisita, uztaileko eta abuztuko asteazkenetan. Bi irteera eskaintzen ditu trenak asteazkenero, 10:00etan lehena eta 11:15ean bigarrena.
Oiartzungo hirigune historikotik ateratzen da trena, Doneztebe plazatik hain zuzen, eta 45 minutu inguruko bidaian Oiartzungo naturgunean murgildu eta paisaia zoragarriak erakusten ditu. Oiartzun ibaiari jarraituz eta Aiako Harria aurrean dela, garai batean Arditurritik ateratzen zen mea Pasaiako porturaino garraiatzeko trenbide zaharra, egun Bide Berdea, bidelagun du trenak. Azken zatian, Aiako Harria Parke Naturalean sartzen da.
Behin Arditurrira iritsita, parketxea bisitatzen da. Garai batean laborategia izan zen eraikinean kokatzen da eta Aiako Harria Parke Naturalaren historian sakonduz, eboluzio geologikoa aztertzen da bertan. Jarraian, kaskoak jantzi eta meazuloan murgiltzeko ordua da. 180 metroko pasabidean barrena, lurraren erraietan sartu eta historian zehar meategiak jaçsan dituen fase ezberdinak ikus daitezke, baita erromatarren garaiko meazuloen aztarnak ere.
Esperientzia zoragarri hau amaitzeko, trenean egiten da itzulia Doneztebe plazara, irteera-puntu berdinera, alegia. Eta behin Oiartzunen egonda, ezin da galdu bertako gastronomiaz eta Oiartzungo beste bi museoez gozatzeko aukera, Soinuenea Herri Musikaren Txokoa eta Luberri ikasgune geologikoa.
• Prezioa Trena & Arditurri: Helduek 10 euro; 5-12 urte artekoek, 65 urtetik gorakoek edo 10 lagun baino gehiagoko taldeek 8 euro; 1-4 urte arteko haurrek 3 euro.
• Aldez aurretik erreserba egitea beharrezkoa da: 943-49 45 21 / turismoa@oarsoaldea.eus / arditurri.com.

Aiako Harria eta Arditurriko bide berdea

Donostiatik bertatik bertara, aukera paregabea eskaintzen du Aiako Harria Parke Naturalak lasaitasun pixka bat arnasteko. Bost udalerritako goi lurrek osatzen dute bere fauna, flora, habitat natural eta ondare etnografikogatik garrantzitsua den ia 7.000 hektareako eremu babestu hau.
Hainbat sarbide ditu baina bertara iristeko aukerarik onenetakoa Arditurriko Bide Berdea da. Naturarekin eta historiarekin bat egiteko ate egokia. Aintzina, Arditurriko meategitik ateratako meak Pasaiako portura eramateko eraikitako trenbideak egiten zuen bidea da egun oinezkoentzat eta txirrindularientzat egokitu dena.
• Nola iritsi: Donostiatik autobusean: E02 linea 20 minuturo; Donostia edo Hendaiatik Euskotrenen Arraguako geltokira: 15 minuturo.
• Informazio gehiago: Oarsoaldea eskualdeko turismo bulegoan (943- 49 45 21, turismoa@oarsoaldea.eus, www.oarsoaldeaturismoa.eus)

Albiste gehiago

Eraldaketa digitala. ©OREKA IT

Eraldaketa digitalaz eta desagertu egingo diren enpresez

Oreka IT

Gaur egun ezagutzen dituzun enpresen erdiak baino gehiago ez dira existituko hamar urte barru. Zeintzuek iraungo duten antzemateko gakoak askotarikoak eta lausoak dira, baina badaude argi ikusi daitezkeenak ere, digitalizazioa adibidez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Oarsoaldea