Albistea entzun

Oporrak Euskal Herrian

Bidaia Galdakaoko memoria historikora

1936ko gerran herri esanguratsua izan zenez, Galdakaok garai hartako altxor asko ditu gordeta. Hainbat ibilbide daude horiek hobeto ezagutzeko.

Bilboko Burdin Hesia, berreraikia.
Bilboko Burdin Hesia, berreraikia. GALDAKAOKO UDALA

Memoria historikoak garrantzi handia du Galdakaon. Izan ere, Bilboaldean dago, Gangurengo mendilerroaren magalean, eta kokaleku horrek ekarri dio historian zehar hainbat eta hainbat bizipen, gerra eta tirabiraren erdian egotea. Galdakaoko Udalak memoria historikoan bidaiatzeko aukera eskaintzen die bisitariei; memoria historikoa berreskuratu, gogoratu eta hari balioa emateko apustua egin du.

Burdin hesia

Bilboko Burdin Hesia 80 kilometrotik gorako gotorleku eta defentsa multzo bat zen, Bilbo eta kanpoaldeko industrialdeak inguratzen zituena. Eusko Jaurlaritzaren aginduz eraiki zuten, 1936ko urriaren 5ean, eta hainbat galdakoztarrek hartu zuten parte eraikuntzan. Traizioen eta Alemania, Italia eta Francoren aireko nagusitasunen ondorioz, ekainaren 19rako faxisten esku geratu zen Bilbo eta inguruko industria guztia.

Hori guztia bertatik bertara ezagutzeko, lau ibilbide egin daitezke. Zailtasun eta distantzia desberdinetakoak dira, eta, besteak beste, babesleku militarra, gotorlekua, lubakiak, bolborategia, herritarrentzako babeslekua… ikus daitezke ibilbide horietan. Guztiei buruzko informazioa, mapak, planoak eta beste udalaren webgunean daude ikusgai.

1936ko gerran garrantzitsuak izan ziren bost txokotan plaka bana jarri dute: ANVren aginte postuan, Gandasegiko kuartelan, Inuntziaga txaleteko kartzelan, Plazakoetxeko tragedian eta bonbardaketei aurre egiteko babeslekuetan. Horrela, bisitariak gerraren eta txoko horiei buruzko azalpenak irakur ditzake, eta garai ilun haietan jazotakoa hobeto ulertu.

Azpimarratzekoa da ibilbidea bonbardaketetatik babesteko erabiltzen zen babesleku batean amaitzen dela: Tximiolarreko babeslekuan. Mendi azpian ezkutatuta zegoen, eta udalak lokalizatu eta atondu egin du.

Andra Mari eliza

Balio historiko handiko eliza da Andra Mari. 2003an, Eusko Jaurlaritzak monumentu motako kultura ondasun izendatu zuen. Bi zati ditu: lehenengo eraikuntza XIII. mendearen amaiera aldekoa da, erromanikotik gotikorako trantsiziokoa; oinetan dauden bi tarteek osatzen dute. Bigarrena, berriz, errenazimentuko erreforma, XVI. mendekoa, burualdean eta gurutzaduran antzematen dira.

Gainera, burdin hesirako ibilbidea bertatik igarotzen denez, Andra Mari eliza ederra ezagutzeko abagune aparta da.

Albiste gehiago

Eraldaketa digitala. ©OREKA IT

Eraldaketa digitalaz eta desagertu egingo diren enpresez

Oreka IT

Gaur egun ezagutzen dituzun enpresen erdiak baino gehiago ez dira existituko hamar urte barru. Zeintzuek iraungo duten antzemateko gakoak askotarikoak eta lausoak dira, baina badaude argi ikusi daitezkeenak ere, digitalizazioa adibidez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Galdakaoko udala

Izan BERRIAlaguna

Irizpidea duzulako. Giroan zabiltzalako.

Zuk badakizulako.

Egin BERRIAlaguna