Frantzia

Emakume bat akusatuen aulkian, abusuak egiten zizkion gizona hiltzeagatik

12 urte zituenetik abusuak jasan zituen ugazaitarengandik, eta lau seme-alaba izan zituen. Valerie Bacotek aitortu du tiroz hil zuela. Baliteke bizi osorako kartzela zigorra izatea.

Valeria Bacot bizi osorako espetxealdira zigortu dezakete, bere erasotzailea hiltzeagatik. CHANGE.ORG
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 21a
13:08
Entzun

Goizean hasi da Valerie Bacoten aurkako epaiketa, lehenik ugazaita eta ondoren senar izan zuen Daniel Polette hiltzeagatik. Poletteren abusuak jasan zituen Bacotek ia 25 urtez, eta lau seme-alaba izan zituen harekin. Bacotek berak aitortu du tiroz hil zuela Polette, bien alabaz abusatuko zuen beldur zelako. Gaur deklaratuko du akusatuak epaimahaiaren aurrean, eta epaiketa datorren ostiralera arte luzatuko da.

12 urte zituela hasi ziren abusuak, Polette Bacot eta haren amarekin bizitzen hasi zenean, eta 17 urterekin haurdun geratu zenean, etxetik bidali zuen amak. Bacot espetxeratu egin zuten 1995ean, 15 urteko neska bat bortxatzeaz akusatuta, baina 1997an bikotekidearen etxera itzultzeko baimena jaso zuen, eta erasoak berriz hasi ziren.

Amak etxetik bidali zuenean, Bacot ordura arte ugazaita zuenarekin bizitzera joan zen, Baudemont hirira. Handik gutxira, ezkondu egin ziren. Emakumeak berak salatu duenez, elkarrekin egon ziren 18 urteetan etengabeak izan ziren tratu txarrak, bortxaketak eta abusuak, eta prostituitzera ere behartu zuen. «Haren jabetza nintzen. Mila aldiz pentsatu nuen ihes egitea, baina beldur nintzen», aitortu zuen joan den amaitzean egindako elkarrizketa batean.

Baina 2016ko martxoan, Polettek autoan gordetzen zuen arma hartu, eta tiro egin zion gizonari. Ondoren, gorpua ezkutatu zuen. Poliziak 2017an atxilotu zuen, eta urtebete egin zuen behin-behineko atxiloaldian. Orain, baldintzapean aske dago. Polettek 14 urteko alabari erasoko zion beldur zelako hil zuela aitortu zuen gerora Bacotek berak.

Frantzian harrabots handia eragin du kasuak, 25 urtez abusuak jasan ostean, balitekeelako Bacotek bizi osorako kartzela zigorra izatea. Emakumeen eskubideetarako ministro izandako Najat Vallaud Belkacem bera emakumearen alde mintzatu zen joan den urtarrilean: «Bai, hark hil zuen. Baina bizi izandakoa heriotza bera baino askoz okerragoa izan zen; hogei urtez, egunero hil zuten Bacot». Belkacemek Bacot absolbitzeko eskatu zion Frantziako presidenteari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.