Errusia

Erresuma Batuko destruktore bati ohartarazpen sua egin dio Moskuk

Moskuren esanetan, Errusiako uretan sartu direlako jaurti dituzte bonbak. Londresek ukatu du Errusiak tiro egin diola.

Erresuma Batuko 'Defender' ontziaren artxiboko irudi bat. EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko ekainaren 23a
14:04
Entzun

Errusiako Armadak Itsaso Beltzean dituen ontziek lehergailuak jaurti dituzte Erresuma Batuko Defender destruktoretik gertu. «Aurrez destruktoreari ohartarazi genion suzko armak erabiliko genituela Errusiaren menpeko uretan sartzen bazen. Ez zion abisuari erantzun», adierazi du Errusiako Defentsa Ministerioak idatzi batean.

Kostazainek Erresuma Batuko ontziari ohartarazteko bi tiro egin dituzte, eta jarraian Su-24M hegazkin batek beste lau bonba bota ditu itsasontziaren parean. «Kostazainek eta Itsas Armadak elkarlanean egindako ekintzek itsasontzia Errusiaren menpeko uretatik irtenarazi dute».

Gertatutakoaren ostean, Erresuma Batuko enbaxadak azalpenak eskatu dizkio Errusiarako ordezkariari. Londresek, baina, ukatu egin du ohartarazpen surik egon izana. Erresuma Batuko Defentsa Ministerioaren arabera, Ukrainako uretan zegoen itsasontzia, eta ez Errusiakoetan —Krimeako penintsula Ukrainako eskualde autonomoa izan zen, 2014an Krimeako Errepublika aldarrikatu eta Errusiarekin bat egin zuen arte; nazioarteak, baina, ez du anexioa onartu—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.