Futbola

Etxetik kanpo sartzen diren golek ez dute balio bikoitza izango kanporaketetan

UEFAk 1965tik indarren zegoen araua ezabatzea erabaki du. Datorren denboralditik aurrera egongo da indarrean neurria.

ainara arratibel gascon
2021eko ekainaren 24a
16:01
Entzun

Aspaldi zegoen eskaria, eta UEFAk onartu egin du. Hemendik aurrera, bere txapelketetako kanporaketetan, aurkariaren zelaian sartzen diren golek ez dute balio bikoitza izango berdinketa kasuetan. Neurria datorren denboralditik aurrera egongo da indarrean. «Gomendioei jarraituz, neurri hori hartzea erabaki dugu. Hala, kanporaketetan berdinketa egonez gero, luzapena jokatuko da, eta, behar izanez gero, penaltiak», iragarri du Aleksander Ceferin UEFAko presidenteak.

Adituen gomendioak alde batera utzita, UEFAk azaldu du estatistikei erreparatu dietela neurria hartzeko orduan. «1970eko hamarkadako erdialdetik honako datuak kontuan hartuta, ikusi da aldea murriztu dela etxeko taldeek eta bisitariek irabazitako partiden portzentajean. Lehen, etxekoek %61 irabazten zituzten, eta bisitariek %19; orain, berriz, %47 eta %30, hurrenez hurren. Etxean eta etxetik kanpo sartutako golen batezbestekoan ere eman da aldaketa bat: etxekoek 2,02 gol sartzen zituzten, eta kanpokoek 0,95. Orain, berriz, 1,58 eta 1,15 hurrenez hurren».

Araua 1965ean sartu zen indarrean. «Denborarekin araua bidegabe bihurtu da. Izan ere, helburua kanporaketak ikusgarriago egitea zen, eta taldeek joko ikusgarriagoa egitea. Baina kontrakoa gertatu da. Kanporaketetako lehen neurketa etxean jokatzen duten taldeek, batez ere joaneko partidan, nahiago izaten dute hain erasokor ez jokatzea, gol bat jasotzeko beldurra dutelako. Gainera, luzapena dagoen kasuetan, etxeko taldeak bi gol sartu behar ditu bisitariak bat sartzen duenean, eta hori bidegabea da».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.