Bi tarte

Horren & Merkea

jarraia199734.jpg
Ane Labaka Mayoz, Mariñe Arbeo Astigarraga - Txakur gorria
2021eko ekainaren 27a
08:29
Entzun

Jo ta ke. Irabazi arte. Kontestu anitzetan baliatu izanak higatu ahala indartutako leloa, bere baitan hamaika borroka oihartzuntzen dituena. Ahots-kordak elkarren aurka dardarazi orduko garrasi forma hartzen duten bost hitzen segida. Bederatzi silaba eten elkarren jarraian, hiru lehen kolpean eta gero sei, beren intonazio markatu eta guzti. Hori da galdera. Zelan da posible? Urteak. Elkano Fundazioari ideia bururatu zitzaionetik, zuzendarien eta gidoilarien koordinazio lanera; Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Aldundiaren eta Espainiako Gobernuaren diru laguntza eskaerak bete, onartu, ospatu eta gastatzeko beste denbora. EiTB-ren laguntzekin berdin, zenbat bilera egin behar ote diren halakoetan. Auskalo zenbat esku, buru eta ahots pelikula horren egikaritze bidean, zenbat galbahe mota, zenbat iritzi kritiko egoteko aukera. Eta inork ez du une batez burua altxatu edizio programatik, burua altxatu gidoitik, ipurdia altxatu aulkitik, errebelazio bat izan lo hartzear dagoen unean, eta esan: Ei, aizue, zer da egiten ari garen hau?

Agertokia aldatu da ustekabean. Eraberritu da atrezzoa, eta protagonistak ere ez dira lehengoak. Emakumezko ahotsez ari dira aldarrika denda handi baten ataurrean, lanuzteek ezertarako balio ez dutela nazkatzeraino aditu daitekeen garaiotan. Aurrez aipatutako bost hitzak lotu dituzte zintzurrera, bederatzi silaba markatu horiexek. Betiko hitz berberak dira; oraingoan, baina, oso desberdin belarriratu zaizkidanak.

Epizidade falta darielako izango da, akaso. Ez direlako hain erraz ezkontzen orain artean geure egin dugun iruditeria historikoarekin. Begiak itxi eta grebalariren bat irudikatzeko ariketa eginez gero, Euskalduna Ontziolako barrikaden su goria dakarkit gogoak. Metalaren sektoreko grebetara narama eta, azkenaldi honetan, ezinbestean, Aiaraldera. Begiak itxiz gero, buzodun gizonezkoak imajinatzen ditut errepidearen erdian eserita. Biraldutako bideoetan ikusitakoen tankerako munstro armatuak agertzen dira luze gabe, eta modu baketsuan eserita zeudenei jazartzen zaizkie borrazoka; sudurrak, eskumuturrak edo parean jarritako beste zernahi eta nornahi txikitzeko amorratzen.

Kolore berdeak hartu dio gain iluntasunari, Bizkaiko erresidentzietako langileen greba mugagabea baitaukat akorduan. 378 egun iraun zituen greba hura gainerako sektore feminizatuentzat hauspo izan zitekeela azpimarratzen zen orduan. Merkataritzaren sektorea da orain lurrikaratzen hasia dena, Internet bidezko salmentak handitzen ari direla argudiatuta, kate handiek dendak ixteari eta langileak kanporatzeari ekin baitiote.

Besteak beste, H&M-n suma liteke mugimendua. Bertako langileek arropa beltza eta musuko gorriak soinean zituztela Bilbon antolatutako moda desfilea izan zen zerbaiten iragarle. 2019an 1.200 milioi euroren irabaziak izan arren, estatu espainiarrean 26 denda ixteko asmoa agertu du enpresa suediarrak; 900 lanpostu baino gehiago suntsitu eta ehunka langileren lan-baldintzak are gehiago okertzekoa. Ezin ahantz liteke, aurrez ere prekarizatuta zegoen eremu bati buruz ari garela, non soldata baxuak eta lanaldi partzialeko kontratuak eguneroko ogi diren —ez soilik metaforikoki—.

Gessamí Fornerrek El Salto atarian egindako elkarrizketa batean bildu du apirilaren 22tik ekainaren 15era arte iraun zuen lanuztearen protagonistetako baten testigantza. Hunkituta suma liteke Patricia Babuglia, hizpide dugun enpresan hogei urte daramatzan langilea. Haserre kontatzen du lanaldi osoan zeuden langileak kanporatu nahi izan zituela enpresak, beranduago langile horiei kontratu partzialak eskaini eta enpresari komeni zitzaion ordu-tarteetan kokatzeko; «esku gehiago nahi dituzte eta ordu gutxiago, tetrisa beraiek nahi eran egiteko». Kontziliazio eskubidea kolokan jarri izana ere salatzen du; «amok enbarazu egiten diegu enpresei» .

Harro kontatzen du Babugliak 47 langileri eragiten zien EREa gelditzea lortu zutela, eta, Araban eta Gipuzkoan lanposturik jokoan egon ez arren, plantilla osoaren %90 mobilizatu zela. «Ekipo» hitza aipatzen du berak, eta ekipo hori izan zen, hain zuzen, akordioa sinatzea lortu bezain laster Guggenheim museora joan zena, greban zeuden garbitzaileei lekukoa pasa eta babesa adieraztera.

Elkarrizketa irakurri bitartean, ezin izan ditut burutik kendu bizi zuten lan gatazka ikusarazteko asmoz greban ari ziren dendarien aurretik aldarte lasaiz igaro eta erosketak egitera barrura sartzeko gai izan ziren herritarrak. Ez eta Primarkek Bilbon espainiar estatuko dendarik handiena zabaldu eta, biharamunean, hara joan ahal izateko jaiegun bat hartu zutenak ere.

Alternatibak ehuntzen dabiltzanengandik datorkigu azken galdera: zerbait garestia dela esan beharrean, zergatik ez hausnartu merkea den hori zergatik ote den horren merkea?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.