Katalunia

Generalitatea eta Moncloa iraileko hirugarren astean elkartuko dira

Aragonesek azaldu du amnistia eta autodeterminazioa defendatu dituela; Madrilek, ez dutela gaian sakondu. Kontu Auzitegiak 5,4 milioi euroko fidantza ezarri die Kataluniako Gobernuko 39 karguduni.

Sanchez eta Aragones, Moncloan. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
Iosu Alberdi.
2021eko ekainaren 29a
22:01
Entzun

Bi ordu eta erdi luzez elkartu dira Espainiako presidente Pedro Sanchez eta Kataluniako Pere Aragones. Bien arteko bilerak Madrilen eta Bartzelonaren arteko elkarrizketa mahaiaren lehen bilkurari data jartzeko balio izan du: iraileko hirugarren astean egingo da, Bartzelonan. Mahaiak jarduteko modua, mahaikideak eta egutegia, ordea, datozen asteetan zehaztuko dituzte. Aragonesek, ordea, argi adierazi du zein den eurek aurkeztuko duten proposamena: autodeterminazioa eta amnistia. Azken horrek Espainiako Kontu Auzitegian epaituko dituzten Generalitateko goi kargudunei ere eragin behar die, Kataluniako presidentearen esanetan. Haiei 5,4 milioi euroko bermea ezarri die auzitegiak, 2011 eta 2017 bitartean prozesu independentistaren nazioarteko sustapenarekin lotutako gastuengatik; besteak beste, kontratuak, bidaiak eta enbaxadetako gastuak.

Aragonesek azaldu du elkarrizketa mahaian ez direla inbertsio ekonomikoekin eta estatutuarekin lotutako gaiak tratatuko, «gatazka politikoaren funtsa» baizik; eta bertan adostutako erabakiak Kataluniako herritarrek berretsi beharko dituztela, bozketa bidez. Gai horiek autodeterminazioa eta auzipetu, preso eta erbesteratuei amnistia ematea lirateke, Aragonesen esanetan: «Hori da erdibideko konponbidea». Bide horretan, Espainiako Estatuak Europako Kontseiluaren ebazpenari men egitea ere nahi du Aragonesek; hau da, independentisten aurkako prozesu judizialak bertan behera uztea eta erbesteratuen aurkako euroaginduak etetea. «Gatazka politikoaren konponbidea errepresioari amaiera ematetik igaro behar da, eta Europako Kontseiluak erakusten du bidea», gehitu du. Aragonesek adierazi du, gainera, Madrilek ez duela konponbiderik aurkeztu oraingoz, «statu quo-a mantentzetik haratago».

Espainiako Gobernuaren izenean, Maria Jesus Montero bozeramaileak ere elkarrizketa sustatu beharra nabarmendu du, «etapa berri bati» hasiera emateko: «Konfrontazio dinamikari amaiera eman, eta politikara igaro behar da». Hark gehitu du «ideia denak» kabitzen direla, baina «Konstituzioa errespetatuta». Hala, adierazi du estatuaren batasuna dela «etorkizuneko desafioei aurre egiteko» modua: «Espainia ez da Katalunia gabe ulertzen, eta Katalunia ere ez Espainia gabe».

Monterok uko egin dio amnistia edo autodeterminazio eskaerez hitz egiteari, eta ez du negoziazio mahaian hitz egingo denaren gaineko xehetasunik eman: «Ez da bileran sakondu den gaietako bat». Europako Kontseiluaren ebazpenaz, ordea, adierazi du hura begiratzeko «modu ezberdinak» daudela.

Bi aldeek mintzagai izan duten puntuetako bat Kontu Auzitegiaren jarduna izan da. Hark diru publikoa «Espainiarekiko zatiketa bultzatzeko» erabiltzea egotzi die 39 kargu ohiri , eta hartutako erabaki administratiboekiko «erantzukizun ekonomikoa» eskatu.

Horretarako, auzitegiak ustezko legez kanpoko gastuen zerrenda bat egin du; haren arabera, besteak beste, 300.000 euro baino gehiago gastatu zituen Generalitateak Carles Puigdemont presidente ohiak atzerrira eginiko bidaietan, eta 32.000 eta 261.000 euro artean Diplocat Kataluniako Diplomazia Publikoko Kontseiluak hainbat herrialdetan eta Europako Batasunean ezarritako enbaxada bakoitzaren gastuak ordaintzeko. Denera, 5,1 milioi euro; 5,4 milioi euro, interesak batuta.

Masetik Puigdemontera

Kopurua ikertutako ekintzetan izandako parte hartze mailaren arabera neurtu du auzitegiak. Hala, Artur Masen gobernuko goi karguak dira berme handienak jasan dituztenak, bere agintaldiak ikertutako garaiaren zati handiena hartzen duelako —2010 eta 2016 artean izan zen presidente—.

Eskaera handiena jaso duena Albert Royo Diplocateko idazkari nagusi ohia da; 3,6 milioi eurokoa. Lehen lerroko politikarien artean, berriz, Francesc Homs Presidentetzarako kontseilari ohiari 2,9 milioi eurokoa ezarri diote. Atzetik dira Mas presidente ohia eta Andreu Mas-Colell Ekonomia kontseilari ohia, bakoitza 2,8 milioi eurorekin; Puigdemont eta Junquerasi, aldiz, 1,9 milioi euroko fidantzak ezarri dizkiete.

Halere, norbanako bakoitzari ezarritako zigorrak ez dituzte bere osotasunean ordaindu beharko, modu solidarioan baizik. Izan ere, euren karguei lotutako ustezko legez kanpoko gastu guztiak zenbatu dizkiete akusatuei. Hau da, gastu bera kargudun bati baino gehiagori lotua ageri da, baina behin ordaindu beharko dute denen artean. Horiek bi asteko epean ordaindu ezean, ordea, euren jabetzak bahituko lituzke Kontu Auzitegiak.

Hori zer den badaki Masek; aurrez, 4,9 milioi euroko beste berme bat ezarri zioten, 2014ko kontsulta antolatzeagatik, eta etxea enbargatuta du. Kasu hartan, epaiaren aurkako helegitea jarri zuen, eta egun Espainiako Auzitegi Gorenaren erabakiaren zain dago. Haren esanetan, estatuak akusatuen «hilketa zibil eta politikoa» nahi du; lehenik kargu publikoak izatea galarazi zietelako, eta orain euren jabetzak eta soldatak arriskuan daudelako.

Aragonesek, berriz, «aberrazio» hitza erabili du erabakia definitzeko, eta Generalitateko bozeramaile Patricia Plajak, «mendekua». Hartara, Kataluniako Gobernuak «errepresioari amaiera emateko konponbide bat» eskatu dio Madrili, «erakunde politiko eta politizatu bat» delakoan. Gainerako alderdi independentistak ere gogorrak izan dira auzitegiaren ebazpenarekin. JxCren arabera, erakunde «partziala» da. CUPen esanetan, berriz, haren ebazpena«presio ekonomikoa» egiteko modu bat da.

Izan ere, Kontu Auzitegia ez da Espainiako Botere Judizialaren parte, eta behin eta berriz salatu da haren inpartzialtasun falta; esaterako, Kataluniako independentisten epaiketa gidatuko duena duena Margarita Mariscal de Gante da, Jose Maria Aznar presidentearen lehen agintaldian Justizia ministro izandakoa.

Auzitegia osatzen duten kideak senatuak eta kongresuak aukeratzen dituzte. PPk, ordea, kide berrien hautaketa blokeatzeko asmoa du, uztailean egin beharko litzatekeena. Hala egin du Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiarekin. Monteroren esanetan, «txarrena» espero du Espainiako Gobernuak: «[PPko buru Pablo Casadok] uste du berak duela berrikuntza aurrera eraman edo ez erabakitzeko autoritatea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.