Klima larrialdia

Beroaldi historikoa pairatzen ari dira Kanadan, eta dozenaka pertsona hil dira

Ehun heriotza baino gehiago lotu dituzte beroarekin. Kolunbia Britainiarrean 49,5 gradu neurtu zituzten atzo, herrialdean inoiz neurturiko tenperaturarik altuena baino 4,5 gradu gehiago.

Kanada eta AEBetako Ozeano Bareko kostan pairatzen ari diren tenperatura altuen inguuko grafikoa. WORLD MEOROLOGICAL ORGANIZATION
Edu Lartzanguren.
2021eko ekainaren 30a
09:36
Entzun

Kanada, Vancouver, Kolunbia Britainiarra... Ez dira, normalean, beroarekin lotzen diren lekuak. Baina egunotan han inoiz neurturiko tenperaturarik altuenak pairatzen ari dira, askok «historiko» hitzarekin deskribatu duten beroaldian. Vancouverko Poliziak 130 heriotza zenbatu ditu ostiraletik, eta horietako 65 beroarekin zuzenean lotu ditu. Gehienak adinekoak edo gaixoak ziren, edonola ere.

Beroaldia Ameriketako Estatu Batuetako Ozeanoko Bareko ipar kostari ere eragiten dio.

Kolunbia Britainiarrean (Kanada) 49,5 gradu neurtu zituzten atzo. Hiru egunez jarraian marka hautsi dute tenperaturek. Herrialde osoan inoiz ez dituzte gainditu 45 graduko muga, orain arte. 1937an neurtu zituzten 45 gradu horiek.

«Vancouverren ez dugu inoiz jasan halakorik, eta, zoritxarrez, dozenaka pertsona hiltzen ari dira», esan du hiriko Poliziako eledun Steve Addisonek.

Osasun agintariek ohartarazi dute eguraldiak jendea hiltzen jarraituko duela, beroak eta hezetasunak iraun bitartean.

Lisa Lapointe Kolunbia Britainiarreko auzi medikuen buruak agiri baten bidez adierazi du azken lau egunetan heriotza kopurua 130ekoa izango zela egoera normal batean, baina ekainaren 25etik 28ra 233 pertsona hil direla. «Kopurua handituz joango da, datuak gaurkotu ahala».

Herritar asko ari dira babesa hartzen aire girotua duten eraikin publikoetan. Izan ere, jende askok ez du halako gailurik etxean, inguru horietan ez dutelako halako tenperaturarik edukitzen normalean. Kanadako klimatologian adituek ohartarazi dute Kanada munduko bigarren herrialderik hotzena dela, eta elurtsuetan lehena, eta ez daudela ohituta halakorik ikustera.

AEBetan, gainera, arazoak eduki dituzte argindar sarean, jende asko aire girogailuak etengabe erabiltzen ari delako. Washington Estatuan (AEB) txandakako itzalaldiak programatu dituzte, sarea babesteko.

Kanadako ekialdera eta iparraldera mugitzen ari da orain beroaldia.

Lehortea eta gose arriskua Kenian

Kenian ere, larritasun eragiten ari da eguraldia. Iparraldeko hiru konderri alarma egoeran jarri dituzte, lehorteak gosete arriskua eragin duelako.

Mandera, Marsabit eta Turkana konderrietan lehorteak triskantza egin du azken urtean. Gobernuak esan du lanean ari dela kalteturiko familiei laguntzeko. Adierazi dutenez, dagoeneko dirua eman diete 100.000 familiari, eta haiek ura kamioietan eramateko lanean hasi direla.

Adierazi dutenez, lehorteak hainbat hazienda hil ditu, eta haur askok eskola uzteko arriskuan daudela, senideei laguntzera joan behar dutelako.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.