Albistea entzun

Eraldaketa teknologikoa

Eraldaketa digitalaz eta desagertu egingo diren enpresez

Gaur egun ezagutzen dituzun enpresen erdiak baino gehiago ez dira existituko hamar urte barru. Zeintzuek iraungo duten antzemateko gakoak askotarikoak eta lausoak dira, baina badaude argi ikusi daitezkeenak ere, digitalizazioa adibidez.

Eraldaketa digitala.
Eraldaketa digitala. OREKA IT

Bai, eraldaketa digitalaren inguruan berriz ere matraka ematera datorren beste artikulu bat duzue honako hau; baina, behin irakurtzen hasita, azal dezagun behintzat modu didaktikoan eta ahal bada dinamikoan zer kontatzera etorri garen.

Honezkero barneratua dugun zerbait da gizartea etengabe aldatuz doala, eta harekin batera kontsumo ohiturak, eta horrek eragin zuzena duela ondasun zein zerbitzuen kontsumoan ere; ez da hala?

Baina, eta hemen dator gakoa, ekoizpen modu zaharrek oraindik tinko diraute Euskal Herriko enpresa txiki eta ertain askotan (gehiegitan), non oraindik ere betiko moduan jarraitzen duten lanean eta non badagoen gauzak eraginkorrago egin daitezkeen susmoa; baina hausnarketa hori eta berekin ekarriko lituzkeen aldaketak beti aurreragorako uzten dira.

Izan ere, eta hemen dator arazoa, enpresa horiek gehienetan dirua irabazten jarraitzen dute, eta, beraz, ez dute arazoaren pertzepzio egoki bat garatzen.

Ondo azaltzeko: merkatuak normalean hornikuntza aukerarik lehiakorrenaren alde egiten du; hau da, enpresa batek beste bati lehengaia erosiko dio betiere prezio, kalitate eta hornikuntza daten konbinaziorik hoberena eskaintzeko gai denean.

Bizirik dirauten enpresak, beraz, bezero batzuentzat hornikuntza aukerarik lehiakorrena azaltzeko gai dira momentuan. Baina merkatua tentsioan dago momentu oro; hori dela eta, bezeroek beti estutzen dituzte hornitzaileak, eta, horiek kate batean lotuta baleude bezala, hornikuntza tentsio hori haien hornitzaileei igortzen diete.

Oinarrizko ekonomiari erreparatuta, enpresarik lehiakorrenek egingo dute aurrera. Baina kontuan hartu neurri handi batean merkatuak duen dinamismoa: enpresa berrien sorkuntza, material berrien erabilpena, kontsumo oihuren aldaketa eta abar. Merkatua aldatzen den heinean, gainera, legegileak arau berriak ezarriko ditu merkatuan esku hartzeko.

Hausnartuz gero, gaur egun lehiakorra den enpresa batek bihar ez du zertan lehiakorra izan bere produktu edo zerbitzuak merkatuaren eskarira modu eraginkor batean egokitzen ez baditu. Eta hori suertatzen denean, kasurik gehienetan, jokoz kanpo gelditu da, eta berandu izaten da egoerari buelta emateko.

Eta, puntu honetan, hitz egin dezagun teknologiaz eta eraldaketaz, hau da, enpresen iraupenerako konponbideaz.

Gure abiapuntua hau da: Euskal Herriko enpresa txiki eta ertainen digitalizazio mailak Europako Batasuneko herrialdeekin alderatuta erdiko maila batean kokatzen gaitu. Beraz, oraindik ere badira gure merkatu gunean digitalizazioan gehiegi aurreratu ez duten herrialdeak. Baina ziur egon urte gutxitan hori aldatu egingo dela eta gure enpresen konpetentzia zuzena areagotu egingo dela. Zer esanik ez mundu mailan garapen betean dauden hainbat herrialde aintzat hartzen baditugu, gainera.

Beraz, gauza bat argi izan behar da: gaur egun lehiakortasuna hobetzen ahalegintzen ez diren enpresen gehiengoa ez da 2030. urtera helduko.

Eta, lehiakortasuna hobetzeko bide horretan, aukerarik nabarmenena teknologia dugu. Euskaldunok industria kultura eta historia nabarmena dugu atzetik, eta, gure ekoizteko gaitasun horri egokia den teknologia txertatuz, abantailazko posizioetan kokatu gaitezke.

Baina bada gainditu beharreko oztopo handi bat; hain zuzen ere, aldaketarekiko erresistentzia. Eraldaketa digitalak eta hark dakarren terminologia konplexuak (ERP, CRM, IoT, BlockChain, Big Data, Cloud…) mesfidantza sortzen du, beldur puntu bat; eta horrek blokeatzen ditu enpresa asko.

Horregatik, Oreka IT bezalako aholkularitzen eginkizuna funtsezkoa da herri gisa egin beharreko ibilbide honetan; gure betebeharra enpresen eta teknologiaren artean zubi lana egitea baita. Hau da, gure helburua da enpresen beharrak ulertzea eta aztertzea nola bihurtu lehiakorragoak teknologiaren bitartez. Horregatik, euskara edo berdintasun planak egon daitekeen bezala, funtsezkoa da digitalizazio plan bat ere egotea luzaroan irauteko asmoa duten Euskal Herriko enpresa guztietan.

Gainera, enpresa gehienetan plan hori ez da teknologia aurreratuekin abiatu behar, eta ERP sistema eguneratu bat ezartzeko lehen pauso batekin hasi behar da; izan ere, sistema horiek dira enpresen digitalizazioaren oinarria, eta askotan erabat zaharkituak gelditu dira.

Zenbat eta zenbat enpresa ez ditugun ikusi azkenaldian araudian izan diren aldaketetara (Ordutegi Kontrola, SII, TicketBai) beren ERP zaharrak moldatu nahian, burua altxa eta lau edo bost urtera estrategia bat garatu beharrean.

Arrazoi dudala uste baduzue, ongi etorriak digitalizazioaren aldeko borrokara. Ez baduzue horrelakorik uste, hamar urte barru ikusiko dugu nork zuen arrazoi.

Albiste gehiago

Informazioak enpresan duen balioa. ©Oreka IT

Informazioaren balioa zure prozesuen kontrolean eta kudeaketan

Oreka IT

Bizi ala hil? Arrakasta izan ala itxi? Zure enpresan sortutako informazioa kontrolatzeak zure prozesuen kudeaketa hobetzen lagunduko du, lan errepikakorrak eta garestiak aurreztuko ditu, eta gertaeretan oinarritutako erabaki hobeak hartzeko modua emango du.

Eraldaketan eragile eta bidelaguna izatea da EMUN kooperatibaren asmoa, enpresa, erakunde eta gizarte eragileekin batera eraldaketarako bideak irekitzen laguntzea. Irudian, EMUN kooperatibako kide batzuk. ©EMUN

Norbera eraldatzea bestearengan eragiteko

Emun

Bezeroari hobeto erantzuteko eta emunkideak ahalduntzeko bere antolamendua eraldatzeko zereginean dihardu EMUN kooperatibak.

Be Veggie, Euskadiko jaialdi beganoa

Be Veggie, zure hitzordu beganoa

Ficoba

Ficoba fundazioak bultzatutako eta antolatutako Be Veggie jaialdi beganoaren hirugarren aldia abian da. Ohi bezala, Ficoban izango da, abenduaren 4tik 6ra, abenduko zubiarekin bat eginez.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Oreka IT

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.