Hungaria

Europako Batzordeak Hungariaren aurkako neurriak hartuko ditu, lege homofoboa atzera bota ezean

LGTBIQ komunitatearen aurkako legea indarrean sartzen bada suspertze funtsak kenduko dizkiotela iradoki du Ursula von der Leyenek.

Ursula von der Leyen eta Charles Michel Europako Parlamentuko bileran, gaur. PATRICK HERTZOG / EFE
maddi iztueta olano
2021eko uztailaren 7a
16:28
Entzun

Europako Parlamentua gaur bildu da Hungariak onartutako lege homofoboaren inguruan eztabaidatzeko. Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak hitz egin du hitzordu horretan, eta esan du Hungariak onartutako legea «Europako Batasuneko funtsezko balioen kontra» doala, eta hori bertan behera uzteko erakundearen esku dauden «tresna guztiak» erabiliko dituela. Bihar egingo dute legearen aurkako bozketa europarlamentuan, eta gehiengoaren babesa lortuz gero, martxan jarriko dituzte Hungariaren aurkako neurriak.

Joan den ekainaren 15ean Hungariako Parlamentuan onartutako «pedofilo homosexualen aurkako legeak» hautsak harrotu zituen nazioartean. Viktor Orban Hungariako lehen ministroaren gobernuak proposatutako legediak debekatu egiten ditu 18 urtetik beherakoek sarbidea duten espazioetan homosexualitatea eta sexu-aldaketa sustatzen duten edukiak zabaltzea, LGTBIQ mugimenduaren inguruko propaganda egitea, edota hedabideetan homosexualitatea eta transexualitatea aipatzen dituzten iragarkiak argitaratzea, besteak beste.

Bihar sartuko da indarrean LGTBIQ komunitateko kideei eragiten dien neurri sorta, baina Europako Batzordeak gaur europarlamentuan iradoki duenaren arabera, neurri zorrotzak hartuko ditu Hungariako Gobernuak legedia atzera botatzen ez badu.

Hain zuzen, ez da inondik inora ere legearen aurkako iritziak entzuten diren lehen aldia, azken hilabeteetan Europako hainbat goi-karguren kritikak jaso baititu legediak, eta gaurko hitzorduan ere parlamentari askok beren desadostasuna adierazi baitute. Charles Michel Europar Kontseiluko presidenteak, adibidez, LGTBIQ komunitateko eskubideak ez direla «gai marjinalak» defendatu du. Von der Leyenek, berriz, mezu irmoa idatzi du Twitterreko kontu ofizialean europarlamentuko bileraren ostean: «Europak ez du onartuko gure gizarteko zati bat seinalatua izatea».

Gaurko bilkuran, baina, Hungariako Gobernuaren kudeaketa ekonomikora bideratu dute orain arte kontu-politikoetan jarritako arreta. Hungariak maiatzaren 12an aurkeztu zuen pandemia osteko suspertze funtsen plana, eta hurrengo astelehenean amaituko da planari argi berdea emateko epea.

Hungariako Parlamentuan onartutako legearen harira, ordea, Europako Batzordeak plana baldintzapean jartzea erabaki du gaur; hots, diru laguntza jasotzeko derrigorrezkoa izango da zuzenbide estatua betetzea. Horrek zalantzan jartzen du Hungariako Gobernuak pandemiaren osteko berreskurapen planetik dagokion kopurua jasoko duen, 7.000 milioi eurokoa.

Europako Parlamentuan bildu diren politikariek Batzordearen erabakia txalotu dute, izan ere, Hungariako Gobernuak funts horiek «oinarrizko eskubideak urratzera» bideratuko dituen beldur dira. Erabakia oraindik behin betikoa ez den arren, Bruselatik argi utzi dute suspertze plan nazionalek argi berdea lortzeko Kontseiluaren gomendio «guztiak edo gehienak» jarraitu behar dituztela estatuek.

Hungariari egindako gomendioen artean daude zuzenbide estatua errespetatzea, korrupzioaren aurka borrokatzea, independentzia juridikoa lortzea, informazio publikora sarbidea izatea eta kontratazio publikoak gertutik jarraitzea. Orbanek ez ditu Europako Batasuneko estatu kideen kritikak begi onez ikusi, eta legearen aurkako erasoak «antidemokratikoak» direla salatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.