Diru politika

EBZk malgutasun handiagoa eman dio bere buruari

Aurrerantzean %2ko inflazioa izango du helburu, baina onartu egingo ditu haren behetik eta goitik dauden aldiak.

Christine Lagarde EBZko lehendakaria, EBko azken goi bileran. OLIVIER MATTHYS / EFE
Iker Aranburu.
2021eko uztailaren 8a
18:27
Entzun

Europako Banku Zentralak bere inflazio helburua aldatu du, lehen aldiz 2003az geroztik. Aurrerantzean ez du «%2ren azpitik baina gertu» dagoen inflazioa helburu izango, %2 «erraz» bat baizik. Kopuru hori «simetrikoa» izango da, hau da, goitik zein behetik egotea txartzat joko du, eta baten zein bestearen kontrako neurriak baimenduko dizkio bere buruari. Gainera, esan du une zehatz batzuetan onargarritzat joko duela inflazio helburura ez heltzea edo hura gainditzea. Epe erdia da garrantzitsuena, eta horretara iristeko bide guztiak erabiliko ditu, klasikoak (interes tasak) zein azken urteetan ekonomia suspertzeko erabili dituenak (zor erosketa masiboak, epe luzeko maileguak bankuei, interes negatiboak...)

Malgutasun hori sustatu dute azken urteetan EBZren usoek,Mario Draghiren eta Christine Lagarderen gidaritzapean, inflazioaren kontrol estuari lehentasun ia osoa ematen dioten Bundesbankeko belatzen aurrean.

2019an ekin zion EBZk estrategiaren aldaketari, Atzeraldi Handia eta zorraren krisia gaindituta, egoera bare samarra espero baitzuen. Pandemiak hankaz gora jarri zuen asmo hori, eta EBZ behartu du aurretik baino gehiago esku hartzea. PEPP edo zorra erosteko programa berezia jarri zuen martxan, eta bi helburu nagusiak lortu zituen: krisi ekonomiko bat ez bilakatzea finantza krisi bat, eta erakunde publikoek merke finantzatu ahal izatea egin behar izan duten gastu gehigarri guztia.

Baina koronabirusaren krisiaren aurretik ere argi zegoen EBZk aldaketak behar zituela, besteak beste, ez zelako gai izan bere inflazio helburua betetzeko. Horrela, 2009az geroztik bitan baizik ezin da esan helburua bete denik: 2010ean %1,6ko inflazioa izan zuen euroguneak, eta 2018an, berriz, %1,8koa. Bitan handik gora geratu da —%2,7 eta %2,5—, eta beste zortzitan, nabarmen edo dexente behera.

Gora egingo du

Une honetan, EBZ bere agindua betetzen ari da, inflazioa %1,9an baitago. Baina energia garestiagoaren eta industriaren hornikuntza arazoen ondorioz, espero da hurrengo hilabeteetan hortik gora egitea, eta ondoren berriro %1 ingurura jaistea.

Beste bi erabaki hartu ditu EBZk gaurko bileran. Batetik, larrialdi klimatikoaren aurkako borrokaren irizpideekin bat egiten ez duten sektoreen zorra ez du erosiko. Bestetik, etxebizitza jabetzan izateak dakartzan kostuak ere sartuko ditu inflazioaren kalkuluan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.