Union Tutera

Gizartea eraldatu nahi duen kluba

Union Tutera sortu dute, euskara eta kirola tresna gisa hartuta, herritarrengan eragiteko asmoz. Berdintasunaren eta zapalkuntzarik ezaren bidean urratsak egin nahi dituzte; hasteko, futbol talde bat jarriko dute martxan.

jarraia200285.jpg
edurne elizondo
2021eko uztailaren 9a
12:57
Entzun

Euskara, kirola eta gizartea eraldatzeko gogoa. Hiru osagai nagusi horiek ditu Tuteran martxan jarri berri duten proiektuak: Union Tutera kluba sortu dute. Hasteko, futbol talde bat osatu, eta finantzaketa kolektiboa abiatu dute egitasmo hori diruz hornitzeko, Itsulapikoa.eus plataforman. «Kirola bilakatu nahi dugu gizartean eragiteko tresna, eta euskaraz egin nahi dugu», azaldu du Union Tutera klubeko kide Beñat Jusuek.

Union Tuterako kideek joan den larunbatean egin zuten jendaurreko lehendabiziko agerraldia. Proiektua, halere, duela bi urte inguru hasi zen mamitzen. Errigorak 2019ko urrian sortutako Agerraldia elkartearen babespean garatu dute. Agerraldiaren helburua da Nafarroa erdialdean eta hegoaldean euskara ezagutzeko eta erabiltzeko aukerak sortzea eta hizkuntzaren aldeko jarrera indartzea. «Tuterako gazteak gogoz dira euskaldunen saretzean parte hartzeko, eta erraza izan da haien eta gure arteko elkarlana», erran du Errigorako Peru Aranburuk, Union Tutera proiektu sortu berriari buruz.

Tuterako zenbait gazteren esperientzia izan da Union Tutera proiektuaren oinarri. «Batzuk ohartu ginen kirolaren esparruan falta genuela beste batzuek beren hiriko edo auzoko taldearekiko zuten harrotasun edo batasun sentimendu hori», kontatu du Jusuek.

Ordezkatuko zituen kluba sortzeko ideia mamitzen hasi ziren gazteok, ondorioz. «Hiru pertsona ginen hasieran; hamar, gero; 50 inguru gara orain proiektuaren inguruan». Pertsona horiek «interes ezberdinak» dituzte; kirolaren esparruak ukitzen ditu zenbait, batez ere; bertze batzuek, berriz, egitasmoaren arlo sozialean eragin nahi dute, nagusiki. «Kontua da bat egin dugula denok, euskara eta kirola tresna eta zubi gisa baliatuz, gizartean lan bat egiteko», zehaztu du Jusuek.

Berdintasunaren eta aniztasunaren alde egin nahi dute lan, bertzeak bertze, errespetuaren, eta inklusioaren bidetik, eta hizkuntza hartuta ardatz gisa. «Hitzetatik ekintzetara egin nahi dugu jauzi». Agerraldiaren babesa jaso dute horretarako, eta Erriberako AEKrekin jada egin dute akordioa futbol taldeko kideek euskara eskolak hartzeko.

Autokritika eta pedagogia

Gizartean zer toki betetzen duten ere garbi dute Union Tutera proiektua sustatu dutenek. «Martxan jarri dugun futbol taldea, adibidez, zenbait gizon txurik osatzen dute; garbi dugu hori». Autokritikarako espazioa badutela azaldu du Jusuek, eta egin nahi duten pedagogia lana haiek ere behar dutela erantsi du.

Finean, Erribera den bezala ezagutzeko beharra jarri dute Union Tutera klubeko kideek erdigunean. «Erribera askotarikoa da, eta euskal kulturara batu nahi ditugu oraindik ezagutzen ez duten herritarrak». Aldi berean, euskal kulturatik Erriberan bizi diren gainerakoak ezagutzeko urratsa ezinbertzekotzat jo dute klubeko kideek. «Migratzaileak, pertsona arrazializatuak…; herritar guztiak erakarri nahi ditugu». Helburua da proiektua elkarrekin garatzea.

Ez da lan erraza. Horixe nabarmendu du Beñat Jusuek. Futbolaren esparrutik hasi dira, kirol horrek zale anitz badituelako, baina emakumezkoen talde bat sortzeko «zailtasun anitz» izan dute Union Tuterako kideek. Ez dute etsi nahi, halere. “Ahalik eta jende gehien erakarri nahi dugu, eta ahalik eta kirol gehien landu», erran du Jusuek.

Jada martxan diren bertze kirol klub batzuekin elkarlanean aritzeko aukera ez dute baztertzen. Betiere, Union Tuteraren oinarrian dauden balioak ahaztu gabe. Izan ere, kirol arlotik kanpo ere, elkarlana sustatzea dute xede proiektuko bultzatzaileek. «Gizarte eragile guztiekin egin nahi dugu bat, elkarrekin egin ditzakegun urratsak aztertzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.